Paris, 1938. Kearen eta argi apalen artean, musikariak jazz doinuak jotzen ari dira klub bateko oholtzan. Haien buru, tronpetarekin, Txomin Letamendi. Amaitu dute pieza, eta, isiltasun labur baten ondotik, txalo jo die Karmele filmeko lantaldeak, grabazioa moztu aurretik. Tronpeta eskuetan duela jaitsi da taula gainetik Eneko Sagardoi, eta, Asier Altuna zuzendariarekin hizketan ari den bitartean, beste doinu bat inprobisatzen segitu dute musikariek, jada inor grabatzen ari ez bada ere.
Hurrengo eszena grabatzeko prestaketa lanetan murgildu da bitartean lantaldea. Eta oholtza txikiaren aurrean, besaulki batean eseri da Jone Laspiur, Karmele Urresti gorpuzten duen aktorea. Haren begiradari segitzen dio kamerak orain, eta hark burua leunki mugituz segitzen dio musikari, Letamendi parez pare duen unea irudikatuz. Laster batu zaio dotore jantzitako jende gehiago inguruan; mahai txikietan sakabanatuta dago klubeko publikoa, oholtzari begira denak ere.
Joan den ostiralean amaitu zuten Altunak eta haren lantaldeak Karmele filmaren grabazioa. Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan izan dira Letamendiren eta Urrestiren bizitzak ardatz dituen istorioa filmatzen. Eta Donostian, Altxerri jazz kluba zen aretoan filmaketa lanak bukatu berritan, «aspaldiko grabaketarik alaiena» izaten ari zela zioen, pozik, Sagardoik.
Ez da horren alaia filmak kontatzen duen istorioa. Euskal Herrian gerra galdua zela, 1937an ihes egin, eta erbestean ezagutu zuten elkar Letamendik eta Urrestik, Paristik gertu; tronpetista profesionala bata, erizaina bestea, erbesteko Eusko Jaurlaritzak sortutako Eresoinka taldean zebiltzala maitemindu ziren. Naziek Frantzia okupatu aurretik, berriro egin zuten ihes, Caracasera oraingoan. Familia bat osatu zuten, eta Euskal Herriarekin engaiatuta segitzeak markatu zituen haien bizitzak. Haien istorioa fikziora eraman zuen Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) nobelan, eta kontakizun luzeago horretatik hamar urteko epea ardatz hartuta, beste fikzio bat sortu du orain Altunak.
Nork berea eraiki
Bera protagonista duen eszena eten berritan, Laspiurrek kontatu du iaz sartu zela bera proiektuan, eta orduan izan zuela istorioaren berri. «Asierrek informazio asko eman zigun, liburua ere irakurri nuen... Eta gero, grabaziora haien familiako kideak etorri izan dira, eta hori oso inportantea izan da, detaileak, anekdotak, informazio zehatza... oso garrantzitsuak direlako pertsonaiak eraikitzeko».
Duela hiruzpalau urte egin zuen bat Sagardoik proiektuarekin, eta «aspaldi» irakurri zuen nobelaren bidez izan zuen istorioaren berri. «Eleberria helduleku handi bat izan da guretzat lan egiteko orduan, baina gero, askatu beharreko zerbait ere bai, zinemak beste lengoaia bat duelako». Bestelako informazio iturrietara ere jo du aktoreak bere pertsonaia eraikitzeko, hala nola garaiko prentsara eta erreferentzia musikaletara.
«Bizitza asko maite duen pertsona bat da Karmele, eta jakiten du hori beste gauza askoren gainetik jartzen».JONE LASPIURAktorea
Emakume «oso gogorra» iruditzen zaio Urresti Laspiurri. «Esan nahi dut erabakitzeko gaitasun handia daukan pertsona bat dela, bere testuingurua gogorra izan arren eta erabakiak errazak ez izan arren, erabakitzen dakiela eta lehentasunak argi dituela». Militantzia politikoa eta familia ditu lehentasunen artean. «Beti esaten dut: bizitza asko maite duen pertsona bat da Karmele, eta jakiten du hori beste gauza askoren gainetik jartzen». Sagardoik ere funtsezkotzat jo ditu bere pertsonaiaren erabakiak: «Niretzat, Txominek film osoan bere baitan duen auzirik garrantzitsuena da zenbateraino pisatzen duten maitasunak eta familiak, eta zenbateraino askatasun grinak, eta bi mundu horiek balantza batean jartzean hartu beharreko erabakiek zer-nolako ezinegona sortzen duten».
Urresti eta Letamendi pertsona errealak izateak izan du pisurik bi aktoreengan, baina desberdina bakoitzarengan. Laspiurrek aitortzen du «beldur antzeko bat» sentitu zuela hasieran. «Konpromisoa handia da, batez ere istorio hau gure herriaren historia eraikitzen duen zerbait delako. Bestalde, Karmeleren familiako kideak bizirik daude, eta uste dut garrantzitsua dela lan on bat egitea». Alde horretatik, «hein handi batean fidelak izaten» saiatu direla dio, jakinda, halere, fikzio bat sortzen ari direla. «Eta hori da niretzat zinemaren gauzarik interesgarriena; dugun informazio guztiaz gain, interesatzen zaidana da nire ukitua jartzea, nik imajinatu dezakedana edo nik gehitu diezaiokedana». Altunaren hitzek ere lagundu zioten beldur antzeko hori leuntzen. «Asierrek hasieratik esan zigun istorio erreal bat dela, baina Kirmenek ere fikzionatu egin zuela, eta guk fikzio hori hartuta beste fikzio bat egingo genuela, beraz, lasai egoteko; fideltasun minimo batekin, aske sentitzeko nahi genituen pertsonaiak eraikitzeko».
«Guk fikzioa egiten dugu, eta, orduan, nik ahaztu egin nuen pixka bat Txomin Letamendi, eta Txomin bilatu».ENEKO SAGARDOIAktorea
Sagardoik dio ez duela ardura gehigarririk sentitu pertsonaiak errealak izateagatik. «Nik lasaitu handia izan nuen Txomin eta Karmeleren familiakoak ezagutu nituenean, filmaketan hain pozik ikusi nituenean. Errespetua eta memoriaren zaintza oinarrizkoa da. Baina, hori jakinda, guk fikzioa egiten dugu, eta fikzioan funtzionatzen duten tentsioak, eszenak eta arketipoak bilatu behar ditugu; eta hori batzuetan hurbilago dago errealitatetik, eta beste batzuetan urrunago. Orduan, nik ahaztu egin nuen pixka bat Txomin Letamendi, eta Txomin bilatu nuen, nolabait esatearren».
Izan dute erronkarik pertsonaiok eraikitzen. Eta ez dira gutxi izan. Laspiurrek dio, «dudarik gabe», orain arteko bere rolik zailena izan dela: «Batetik, beste testuinguru batean gertatzen den istorio bat da, aurreko mendeko 40ko hamarkadan, eta, noski, lan mental hori egin behar duzu, bertan jarri burua, eta imajinatu nola izan zitekeen. Eta horri gehitu Karmele emakumea zela, euskalduna, gerra, Euskal Herriaren ideala, Eresoinka, musika, identitatea... gauza asko zeharkatzen dira». Haren pertsonaiak abestu, dantzatu eta pianoa jotzen du, gainera, eta hamar urteko bilakaera biziko du, «testuinguru latz horretan, militantzian erabakiak hartu behar izaten eta, ondoren, hiru seme-alabaren ama izaten». Haren lehentasunak aldatuz joango dira. «Uste dut hori dela filmaren ardatza: bizitza vs idealak».
Askotariko erronkak
Antzekoak eta, aldi berean, bestelakoak izan dira Sagardoiren erronkak. «Lehena, tronpeta jotzea. Letamendi tronpetista oso birtuosoa izan zen, eta hor nahitaez egon behar zen abilezia teknikoa instrumentuari dagokionez». Ruben Salvador musikariarekin hainbat hilabetez landu zuen hori, ondoren «haragian» sartzeko. «Baina polita izan da instrumentuaren ikasketa bera, ze Txomin pentsakor eta poetikoena topatzeko aukera eman dit, eta baita Txomin pasional eta aktiboena ere, piezen arabera. Eta hori gero bere beste alderdi garrantzitsu batera eraman dut: alderdi politikora».
1936ko gerran kapitain eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren gertukoa izan zen Letamendi. «Nik egin dudan Txominek sinesmen oso-oso irmo bat zeukan musikak, dantzak eta arteak nor garen erakutsiko zuela kanpoan, eta bereziki tematu zen Frantzian eta beste herrialde batzuetan gure ahotsa entzunarazten, esperantza batekin: herrialde horietan kontaktuak egitea, gero euskaldunoi laguntzeko aliatuak bilatzen. Bi alde horiek zituen: gorputza jartzen du borroka politikoan, eta, era berean, artista handi bat da».
Ororen gainetik, halere, Urrestirenganako maitasuna dago ardatzean, Sagardoiren ustez. «Eta maitasun istorio hori egiazko bilakatzeko, ezinbestekoa izan da Jonerekin eduki dudan konfiantza eta biok arriskatzeko hautua».
Gerra, politika eta espioitza badiren arren, hori guztia atmosfera dela gehitu du aktoreak. «Kamera pertsonaien barruan dago denbora guztian, hemen interesgarriena zera baita: nola eragiten dien inguruak, zein erabaki hartzera behartzen dituen». Hala, «historiaren epikotasuna deuseztatzea» gakoetako bat izan dela uste du: «Guk, orain, oso momentu berezi bat balitz bezala ikusten dugu hura, baina haientzat momentuan berria zen; beraz, orain dakiguna ez aurreratzea ere erronka izan da, pertsonaiek eskubidea baitute gertatzen ari denak zenbateko pisua duen ez jakiteko».
Erronkak erronka, antzezleek bukatu dute beren lana. Emaitza ikusi ahal izateko, heldu den urtera arte itxaron beharko da.
KARMELE URRESTI (Ondarroa, bizkaia, 1916-2010)
Ondarroako Antzosolo etxean sortu zen Karmele Urresti Iturrioz, familia abertzale batean. Valladoliden (Espainia) harrapatu zuen 1936ko gerrak, erizain ikasketak egiten ari zela. Sorterrira itzuli, eta Eusko Gudarostean erizain lanetan ibili zen, eta, Bizkaia erortzean, erbestera jo zuen. Larresoron (Lapurdi) izan zen lehenik, Eusko Jaurlaritzaren ospitalean lanean, eta Eresoinka kultur elkarteari batu zitzaion. Bertan ezagutu zuen Txomin Letamendi, eta 1939an izan zuten lehen haurra —beste bi izan zituzten geroago—. Alemaniarrek Paris hartu aurretik, Venezuelara egin zuten ihes, eta 1943an atzera Euskal Herrira itzuli ziren. Senarra hil ostean, 1953an, Venezuelara jo zuen berriro, erizain lan egitera; seme-alabak Bilbon geratu ziren —ez ziren 1958ra arte elkartu—. Caracasko Euskal Etxeko kide izan zen, baita hango Emakume Abertzale Batzakoa ere. 1975ean itzuli zen Ondarroara; bertan hil zen.
Txomin Letamendi (Bilbo, 1901-Madril, 1950)
Bilbon jaio zen Txomin Letamendi Murua. Gaztetan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan tronpetista lanpostua lortu zuen, eta Maurice Ravelekin jotzeko aukera izan zuen. Beste sei kiderekin Elola Band jazz taldea sortu, eta New Yorken ere jo zuen. 1936ko gerran, Ariztimuño batailoiko komandante jardun zen, eta Bilbo erortzear zela jo zuen erbestera, Parisera. Tronpetista ogibideari berriro ekin zion han, eta Eresoinkarekin ere bat egin zuen; han ezagutu zuen Karmele Urresti, eta harekin eta lehen alabarekin batera, Caracasera egin zuen ihes handik urte gutxira. Musikari ez ezik, espioi ere aritu zen Venezuelan, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, eta baita familia osoa Euskal Herrira itzuli zenean ere, informazio zerbitzu klandestinoan jardunez. 1946an atxilotu egin zuten, baita torturatu eta espetxeratu ere. Hain zuzen, tratu txarrek eragindako osasun arazoen ondorioz hil zen, 1950ean.