'Fidelio', OLBEren milagarrena

Beethovenek idatzi zuen opera bakarra emango dute Bilbon, Juanjo Menaren zuzendaritzapean

Ludwig van Beethovenen Fidelio opera. GUILLERMO MENDO / OLBE.
itziar ugarte irizar
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ludwig van Beethovenek (Bonn, Alemania, 1770 - Viena, Austria, 1827) idatzi zuen opera bakarra da Fidelio. 1814an estreinatu zuen, Bederatzigarren sinfonia bere lanik ezagunena baino lau urte lehenago, eta, gizonezko mozorro baten azpian ezkutaturik, Sevillako (Espainia) espetxean preso dagoen senarraren bila ari den emakumearen istorioa kontatzen du. Musikagileak obra sortu zuela bi mende baino gehiago igaro direnean, lan hori ikusteko aukera eskainiko du OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak; larunbat honetan estreinatuko dute, Euskalduna jauregian, eta beste hiru emanaldi ere izango dira: hilaren 27an, 30ean eta abenduaren 3an, Euskalduna jauregian horiek ere.

OLBEren 67. denboraldiaren barruan erakutsiko dute Fidelio, eta, harekin, mila emanaldiren kopurura helduko da opera zaleen elkartea. Era beran, Juanjo Menaren itzulera ere izango da; Bilboko Orkestra Sinfonikoa 1999tik 2008ra bitartean zuzendu zuen Menak, eta berriz arituko da orain orkestra gidatzeko lanetan. Fidelio-ri buruz zuzendariak nabarmendu du «opera bufoaren egitura klasikoa apurtzea» lortzen duela. «Badira uneak non eszenen arteko orekak beste era batean osatzen diren eta ate berriak irekitzen diren, bigarren ekitaldiaren hasierako eszenan, kasurako; alegia, aurrera egiten duen obra bat da, ibili egiten dena».

Beethovenen lanaren kalitatea nabarmendu du OLBEko presidente Juan Carlos Magallanesek: «Errepertorio alemaniarreko obra hau hautatu dugu gure programazioan kalitateari ematen diogulako lehentasuna; opera italiar bikainak daude, opera frantses bikainak daude, eta badaude opera alemaniar bikainak ere».

«Atmosfera itogarria»

Leonore eta Florestan dira operako pertsonaia nagusiak, eta, hurrenez hurren, Elena Pankratova sopranoa eta Peter Weed tenorra ariko dira horien larruan kantuan. Leonore Fidelio izeneko gizon baten mozorropean ezkutatuko da, Sevillan espetxeratuta dagoen Florestan senarraren bilaketan aurrera egiteko. Protagonista biekin batera, kantuan ariko dira, halaber, Tijl Faveyts, Anett Fritsch, Mikeldi Atxalandabaso, Sebastian Holecek eta Egils Silin.

Sevillako Maestranza Teatroaren ekoizpena da larunbatean Bilbora helduko dena. 2007. urtean aurkeztu zuten han, eszenaratze «minimalista eta poetiko» batekin. Jose Carlos Plaza eszena zuzendaria arduratu da horretaz, eta, batik bat, argiztapena eta atrezzoko harri handi bat baliatu ditu espetxe barruan gertatzen den trama baten «atmosfera itogarria» eraikitzeko, Gregor Acuña zuzendari laguntzailearen hitzetan.

Matellanesen arabera, Bilbon gutxitan eraman da agertoki gainera Fidelio. OLBEren 67 urteotako programazioetan bi bider izan da; 1982an eta 1996an. Oraingoan, Euskalduna jauregitik kanpo ere ikusi ahalko da; OLBEk bere webgunean zuzenean eskainiko du, eta abenduaren 2an ETBk ere emango du, bigarren katean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.