«Festibal internazionalak oso politak dira, baina guk euskaldunak behar ditugu!». Eguerdia dela dio erlojuak, larunbata, eta kanpoko eguzkipean 30 gradutik gora markatzen ditu termometroak. BEC erakustazokaren barruan, ordea, hasi berria da Zeidfest Gaztea jaialdia, eta milaka zale ditu kantuan Gatibu taldeak. Bata bestearen atzetik dabiltza hit-ak lotzen, eta Zeu, zeu, zeu abestiaren eta Pulp Fiction pelikulako soinu bandaren pasarte instrumental bat jo ondoren hartu du mikrofonoa Haimar Arejita taldeko gitarra jotzaileak. «Urte askotarako, Zeidfest!». Txaloka hartu du publikoak Euskal Herrian sortutako jaialdien aldeko aldarrikapena, eta hurrengo hit-era pasatu dira zuzenean. Hasi dira Gabak zerueri begire kantaren lehen akordeak, eta berehala ekin dio jendeak kantuari. «Eo, eo».
Duela hiru urte jarri zuten abian festibala Pello Reparaz musikariak gidatutako Zetak taldeak eta Panda ekoizpen etxeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta EITB eta Gaztea irratia ere gehitu zaizkio orain. Egun bakarrekoa da eskaintza, eguerdian hasi eta gauerdia pasatu arte, baina gaur bazkalordua heltzerako bertan zebilen jendetza ikusita, argi dago ereduak funtzionatu egin duela.
Kontzertua bukatutakoan, oholtzatik egindako aldarrikapena berretsi du Arejitak, publiko artean ere. «Zeidfest, gaur egun, Euskal Herrian, beharrezko kontzertu eredu bat bilakatu da. EHZ jaialdia ere hor daukagu. Eta uste dut euskaldunok ere behar ditugula halako kontzertu herrikoi eta masiboak, bestela nazioarteko multinazionalek jan egiten gaituztelako, eta bihurtzen gara Ingalaterra, Frantzia edo beste edozein herrialdetako festibalak bezalakoak egiten dituen herrialde bat gehiago. Ez dago desberdintasunik».
Egun osoko festa izatea izan da hasieratik antolatzaileen helburua, eta horregatik jarri zuten Gatibu lehen orduan, jendea erakarriko zutelakoan. Eta pozik Arejita jasotako erantzunarekin. «Nik ulertzen dut estrategia, klaro, baina teoriak ez du esan nahi gero benetan gertatuko denik, eta oso pozik irten gara. Eta ez bakarrik gugatik. Gure ondoren ere jende gehiago eta gehiago etorri delako».
Izaroren moldagarritasuna
Izaro izan da gaurko eguerdi bueltan jendetza erakarri duen beste musikarietako bat. 15:00etan hasi eta 16:15era arteko tartean, aukera izan du beste behin ere eszenan duen moldagarritasuna frogatzeko. Tarteka eskaini ditu Cerodenero azken diskoko kantak eta aurreko diskoetako abestirik ezagunenak, eta, txandaka era soilagoan, publikoari ere kanta zezan utziz, txandaka bi dantzariren eta ikus-entzunezko baliabideen erabilera ikusgarria eginez, txalo zaparrada jaso du.
Eszenatoki nagusiak jasotako jendetzarik gabe ere, kontzertu zaindua eskaini du Sara Zozaia musikariak bigarren oholtzan. Ehun pertsona inguru izan ditu aurrean taldeak, eta beste espazioan pentsaezina litzatekeen gertutasuna eman dio horrek saioari. «Kanta hau Liberi eskaini nion», azaldu du, esaterako, Maitia abestiaren aurkezpen modura, «eta, begira, hor dago Libe». Caravan eta Lili kantarekin animatu da publikoa gehien, baina esker onez hartu dute, musika analogikoaren eta elektronikoaren artean joan-etorrian dabilen eta aldi berean hauskortasuna eta indarra batzen dituen haren proposamena.
Naizen elkarteak ireki du jaialdia goizean. Eta kontzertu eta kontzertu artean, besteak beste, Eleder magoaren ikuskizuna ere izan da ikusgai, bai eta euskal mitologia eta inauterien iruditeria nahastu dituen joaldun, aker beltz eta momotxorro gisako buruhandien kalejira bat ere. Adin guztietako publikoa erakartzea da jaialdiaren erronka, batetik, eta Zetak taldeak antolatzen du jaialdia, bestetik, eta, horregatik, haren azkenaldiko iruditeria ekarri dute gogora txotxongiloek.
Emanaldi guztien aurretik, Pello Reparaz musikariak 2025eko urtarrilaren 4an egin asmo duten Zetak taldearen bosgarren urteurrenari buruzko bideo bat ere eman dute. Bertan azaltdu duenez, gaur Zeidfest jaialdian izandakoek aukera berezia izango dute sarrerak erosteko asteartetik aurrera.