Mariano Sinues Zaragozan (Espainia) jaio zen, baina txikitatik bizi izan zen Nafarroan. Ibilbide profesional esanguratsua egin zuen, eta kalitate eta nortasun handiko lan grafikoa osatu. Nafarroako Museoak haren berrogei lan baino gehiago bildu, eta aldi baterako erakusketen eremuan ikusgai jarri ditu, Festa ikaragarria izenburupean. Erakusketa irailera arte egongo da zabalik.
Aurkezpenean, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak eta Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariak nabarmendu zuten Sinues artista «handia» izan zela, «XX. mendearen bigarren erdiko artista nafar handienetako bat», Isabel Bakedano, Julio Martin Caro, Jesus Lasterra eta Pedro Manterolaren belaunaldikoa, eta, gainera, «bere kabuz» ikasi zuela. Kontseilariaren hitzetan, Sinuesek «eragin handia izan du Nafarroako iruditerian, bai bere obra pertsonalenengatik, bai diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile gisa».
Hari eskainitako erakusketak dualtasun bat du oinarri, eta izenburuan bertan islatzen da, bai eta gaietan eta espazioen antolaketan ere, Alexandro Ratia komisarioak azaldu duenez: «Heriotzaren eta bizitzaren arteko dualtasuna; gizakiaren eta naturaren artekoa; gizabanakoaren eta gizartearen artekoa». Dualtasun horri edo horiei lotuta, batetik, festari eta folkloreari eskainitako lanak daude erakusketan, eta, bestetik, heriotzari eta gai «makabroei» buruzkoak. Zehazki, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan osatutako artelanak bildu dituzte, artistak espresionismo neofiguratiboa landu zuen garaikoak.
Erakusketaren ezaugarri berezi bat da museoak lotura egin duela Sinuesen lanen eta harentzat garrantzitsuak izan ziren kulturaren eta antropologiaren ikonoen artean, Arte oro garaikidea da leloak laburbiltzen duen estrategiari erantzuteko. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren etnografia funtsetara jo dute, eta folkloreko eta herri kulturako objektuak eskuratu dituzte. Luis Azanza eta Michael Dunev argazkilarien dokumentazioa eta Zaragozako Museoaren maileguak ere erabili dituzte.
Bi aretotan banatu dute erakusketa. Horietako batean heriotzaren gaia da nagusi, «gizakiaren gai garrantzitsuenetako bat», Heriotzaren dantza seriearekin. Hamasei marrazkik osatzen dute: 1964. eta 1966. urteen artean sortutakoak dira, eta egilearen «lehen heldutasun garaia» erakusten dute; lan «apartak», Joverren hitzetan. Serie horrek heriotzari eta errituei lotutako hainbat objektu dituen beira arasa bat inguratzen du. Horrekin guztiarekin batera, espresionismo garaiko margolan eta marrazki batzuk daude. «Lan hauetako asko umore lotsagabe edo garratzez beteak daude, hori baitzen artistaren ezaugarrietako bat», aipatu du Esnaolak.
Beste aretoan, folklorea da nagusi: festa, inauteriak. La barraca de los comediantes (Komedianteen barraka) margolanak agintzen du aretoan. Sinuesen lanekin batera, Zubietako (Nafarroa) joaldunen tresna batzuk jarri dituzte ikusgai beira arasa batean, testuinguru etnografikoa erakusteko. Folkloreak hartzen duen garrantziari esker, erakusketak «ondare materiala eta immateriala uztartzen» dituela azpimarratu du Joverrek.
Bi eremuen artean, bisitariak lehenik zeharkatzen duen gunean, sanferminei lotutako lan batzuk jarri dituzte, Sinuesek «lotura berezia» baitzuen festa horiekin. Entzierroari eskainitako lan batzuk daude, baita 1980an sortu zuen sanferminetako karta sorta eta 1984ko zezen feriarako egin zuen afixa ere. Erakusketaren diseinua paretetako koloreekin zehaztu dute: hartan islaturik dauden gaien araberako margoekin margoturik dago eremu bakoitza.
Erakusketa osatzeko, katalogo bat argitaratuko dute ikusgai dauden obra guztiekin eta komisarioak idatzitako testu batekin. Era berean, Mariano Sinues del Valek, margolariaren semeak, bere aitaren garai espresionistaren kronika bat idatzi du, eta Josetxo Beriain Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia katedradunak, berriz, saiakera bat.
Eskaintza osagarria
Erakusketa irailaren 12ra arte egongo da ikusgai, eta, eskaintza osagarri gisa, hiru hitzaldi, kontzertu bat eta bisita gidatuak antolatu dituzte. Clara Fernandez-Ladreda Aguadek hitzaldi bat egin zuen hilaren hasieran, heriotzaren gaiak Erdi Aroan izandako garrantziaren ingurukoa; Miguel Angel Ortizek gai makabroek zenbait arte adierazpidetan duten tokiaren ingurukoa, eta Josetxo Beriainek, berriz, sanferminak interpretatzeko gakoen ingurukoa. Ensemble Tylman Sustato taldeak kontzertu bat egin zuen, Charo Indartekin batera. Irailera arte bisita gidatu batzuk egingo dituzte komisarioarekin, eta, gainera, Araitz Urbeltzek euskarazko bisitak egingo ditu; ekainaren 27an izan zen lehena, eta beste bat egingo du irailaren 12an.
Festaren eta heriotzaren artean
Mariano Sinues margolariaren berrogei lan baino gehiago ikus daitezke Nafarroako Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu