Festa egiteko prest

'13 balas' laugarren diskoko doinuak aurkeztuko ditu Vendetta taldeak gaur Azpeitian.Lan «gogorragoa» ondu dute oraingoan

2014ko abenduan aurkeztu zuen Vendettak azken diskoa, laugarrena taldearen ibilbidean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko agertokiak zain ditu Vendetta taldeak. Donostiako Doka kafe antzokian jo zuen atzo, eta Azpeitiko (Gipuzkoa)Sanagustin Kulturgunean ariko da bihar. 13 balas (13 bala) azken diskoa aurkeztu zutenetik, ez dute aukera askorik izan lana Euskal Herrian aurkezteko; hiru emanaldi baino ez dituzte eman gurean, 2014ko abendutik hona. Horregatik, azken kantak euskal jarraitzaileen aurrean jotzeko «gogotsu» daude Vendettakoak. Eta Enrikko Vibrato bateria jotzaileak dioenez, «festa ederrak» izango dira.

Joan den urteko abenduan, Durangoko Azokaren testuinguruan, aurkeztu zuen Vendettak bere ibilbideko laugarren diskoa. Estudioz aldatu ziren grabaketarako, eta taldearen kontzertuetarako soinu teknikari Paxkal Etxepareren eskuetan utzi zuten prozesua. Ondorioz, azkenekoa «konfiantza handiz egindako diskoa» dela dio Vibratok, «oso modu lasaian eta presiorik gabe» egindakoa. Musikari dagokionez, azken lana aurrekoen «ildo bertsutik» doala dio Vibratok, baina bada aldaketarik, edonola ere: «Beti nahastu izan dugu ska musika beste estilo batzuekin. Baina disko honetan badira orain arte jorratu gabeko estiloak, funka edo musika zelta, adibidez». Hortik datorkio «soinuberria» azken lanari. Eta, oro har, aurrekoak baino disko «gogorragoa» ondu dutela dio Vibratok.

Abestien hitzak, bestalde, «denetarikoak» direla dio taldeko bateria jotzaileak, «hasi amodiozko istorio bati buruzko kanta fin batetik eta parranda giroko kantetara, edota munduan dauzkagun arazoak islatzen dituztenetara».

Diskoak doan, Interneten

Azkeneko diskoa kaleratzearekin batera, «buruargitasun aldia» izan zuten Vendettakoek: orain arteko disko guztiak taldearen webgunean jartzea erabaki zuten, jendeak doan deskargatu ahal izateko moduan. Erabakiak «ate asko irekitzea eta muga asko haustea» ekarri duela uste du Vibratok. Batetik, «muga ekonomikoak, diskoa erosi ezin duten pertsonei» lana eskura izateko aukera eman dielako, eta, bestetik, «muga fisikoak, adibidez, Amerikako jarraitzaileei» diskoa hurbildu dielako. Hortaz, hedapen modu berri horrek taldeari «merkatu berriak ireki» dizkiola uste du Vibratok, eta pozik agertu da hori dela eta: «Aukera ematen digu gure ideiak eta musika zabaltzeko».

Zabalpen horren ondorio da taldeak gaur egun duen aldigoxoa. Azken egunetan egindako kontzertuetan, —Gasteizen, Aragoin (Espainia), eta Herrialde Katalanetan—, «publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da», Vibratoren hitzetan. Eta sei urteko bidearen ostean, «garai oso onean» dago taldea. «Baina Vendetta ez da hemen bukatu —dio Vibratok—, ezta gutxiagorik ere».

Saltoka jarri nahi dituzte aretoak. «Oso kontzertu girotsuak» izaten dira Euskal Herrikoak; «hitz guztiak kantatzen eta dantzatzen» ibiltzen dira zaleak. «Festa handia» izaten dira, finean, eta hori bera nahi dute gaurko eta biharko emanaldietan, festa piztu eta gozatu. Eta «sorpresak» ere aurreikusi dituzte.

KONTZERTUA

Azpeitia. Gaur, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean, Emon taldearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.