DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Festa, aldarrikapena..

Bizardunak taldeak parrandarako gogoa eraman zuen atzo Ahotsenea gunera. Irrintzi eta oihuen artean, 'En Zugzwang' bigarren diskoko zenbait kantu aurkeztu zituzten nafarrek jarraitzaile ugarien aurrean

gorka erostarbe leunda
Durango
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Gauzak argi dituzte. Mezu garbia: «Betikoa kantatzen dugu disko berrian ere. Nafarroaren aldarrikapena. Estatu bat izan ginela, ez garela eta hori guztia, tar, tar, tar...», esan du Jose Marik, Bizardunak taldeko abeslariak ia oholtzara igo orduko. Mezua bezain argi, musikaren izaera festazalea. The Poguesen eta The Dublinersen Irlandako folk eta rock oihartzunak, eta eszenaratze parrandazalea, garai bateko Kojon Prieto y los Huajalotesen maneran.

Zortzi lagun Ahotseneako tranpaldoan, garagardo eta sagardo botilak ia beste musika tresna batzuk gehiago balira bezala. Aurpegiera gorrituak, irrintzi eta oihuak, dena bizar batzuen gerizpean. Umore nihilista bidelagun. «Badakizue, disko berria Gor etxearen standean duzue. Nahi baduzue erosi, edo ez erosi, edo saretik jaitsi, edo igo... edo nahi duzuena, zer arraio!».

Esplikatzen «luzeegi» joko lukeen En Zugzwang diskoa kaleratu berri du Nafarroako taldeak. Musika eta hitz guztiak taldearenak dira. 13 kantu -horietako batean Amaia Zubiriak abestu du-, Garate estudioetan grabatu eta nahastuak, Kaki Arkarazo gidari zutela. 2009an kaleratu zuten aurrena, eta berehala lortu zuen jarraitzaile saldo polita. Ezer asmatu gabe, proposamen sinple batean oinarriturik eta aldarrikapen zehatzak festarako gogoarekin batuz tekla magikoa zapaltzen asmatu zuten. Ahotsenean bildu den gazte jende andana ikusita, pentsa liteke aurrerantzean ere ez dutela babesik faltako.

Saio laburra egin dute, Ahotseneako gainerako guztiek bezala, hiruzpalau kantuz osatua, eta bertan bildurikoak dantzan eta irriz jarri dituzte gehienetan, zur eta lur zenbaitetan. Euskal folk erradikala egiten duten galdetu die aurkezleak: «Ez, ez, jada ez. Tira, ez dakigu zer egiten dugun». Baina aldaketarik ez da Bizardunak-en eskaintzan. Eskusoinuak, biolinak eta txirulak gidari, folk doinuak eta rock jarrera ditu ezaugarritzat.

Taldearen esentzia ideologiko eta musikalaren paradigma den Nafarroa gurea aberria da kantuarekin ekin diote saioari, sagardo botilak altxatuz. Disko berriko Eguzkiaren atzekaldean kantatu dute hurrena: «Eguzkiaren atzekaldean, prest dago den dena guretzat. Aurre egiten ez badiegu, ez negarrik egin desagertu ezkero», abestu dute hiru ahotsetan Josemarik berak, Artola beste kantariak eta soinua jotzeaz bat abestu ere egiten duen Iñigo Cabezafuegok (Atom Rhumba).

«Nafar eztarri nazionalak» berriz ere oihuka dezan aldarri egiten duen 500 urte kantu berriarekin amaitu dute kontzertu txikia. Gehiago jotzeko ere prest zeuden zortzi taldekideak, baina egitarauak agindurik oholtzatik jaitsi beharra izan dute. Egoskorrak ordea mutilak, eta barruan duten guztia eman arteko onik ez. Karpapetik atera eta kalean amaitu dute emanaldia, mikrofonorik eta tranpaldorik gabe, baina, oraindik ere zale sutsu zenbait parez pare dituztela. Nafarren zuzeneko sutsuez gozatu nahi duenak izango du aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.