Kultur azpiegiturak

Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du

Bilboko zentroak ohar bidez jakinarazi duenez, Perezek «borondatez» egin dio uko karguari. Dena den, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabirak izan direla Bilboko Udalaren eta zentroko zuzendaritzaren artean.

Fernando Perez Gomez, Azkuna zentroaren aurrealdean, 2019ko urtarrilean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fernando Perez Gomez, Azkuna zentroaren aurrealdean, 2019ko urtarrilean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko abenduaren 12a
19:20
Entzun

Lourdes Fernandezi erreleboa hartuta heldu zen Bilboko Azkuna zentroko zuzendaritza kargura Fernando Perez. 2018ko maiatzean izan zen, eta, sei urte pasako ibilbidearen ondoren, postua uztea erabaki duela jakinarazi du zentroak gaur arratsaldean. Ohar bidez eman dute berria, eta zehaztu dute Perezek «borondatez» erabaki duela postuari uko egitea, eta hala adierazi diola Juan Mari Aburto Bilboko alkateari ere. Egindako ahalegina eskertu dio Perezi ohar berean Aburtok, eta gaur arte zuzendari izandakoak ere eskerrak eman dizkio Bilboko Udalari, aukera eman baitio «testuinguru artistikoari lotutako proiektu garrantzitsu honen buru izateko». Perez «harro» azaldu da «punta-puntako eta erreferentziazko zentroa» uzten duelako, «programazioaren kalitateari eta sorkuntza artistikoaren sustapenari dagokionez».

Ikusi gehiago

Zentroko iturriek azpimarratu dutenez, Perezek beti izan du «lotura nabarmena kulturaren ildo eraldatzailearekin», eta arte eszenikoei, zinemari, ikusizko arteei zein literaturari loturiko jaialdi eta programen zuzendari eta koordinatzaile aritu da urtetan. Tartean, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendaria, Japan Foundation for Performing Arts erakundeko aholku batzordeko kidea, Uharte Arte Garaikideko Zentroaren Patronatuko kidea eta Jorge Oteiza Museo Fundazioaren Patronatuko idazkaria ere izan da.

Kargua uzteko bestelako arrazoirik ez dute aipatu oharrean. Dena den, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabiraren bat egon dela Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean, La Caixa fundazioaren proiektu bat tarteko. Steam izeneko gela bat ezarri asmo du bankuak Bilbon, eta Azkuna zentroaren barruko Lantegi eremua jo dute begiz horretarako — egun artisten egonaldientzako eta proiektuetarako erabiltzen da eremu hori—. Zenbait komunikabideren arabera, egitasmo horren aurka egon da hasieratik Perez. Hain justu, gaiaren inguruan idatzi du asteon Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta BERRIAko kolaboratzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.