Joan den astean egin zen ofizial Lourdes Fernandezek Bilboko Azkuna zentroaren zuzendaritza utzi egingo zuela. Haren ordezkoa hautatu dute jada. Fernando Perez Gomez (Sestao, Bizkaia, 1967) aukeratu dute zentroa gidatzeko, Bilboko Udalak jakinarazi duenez —hark proposatzen du kargua, eta administrazio kontseiluak berretsi beharko du—. Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia da 2015eko abuztutik, eta datorren maiatzaren lehenetik aurrera hartuko du kargu berria.
Euskal Filologian lizentziatua da Perez. Ikusizko Arteen Kudeaketan Nazioarteko Lidergoari buruzko masterra egin zuen New Yorkeko Unibertsitatean; Europako Kultur Politiketako graduondokoa Bartzelonako Unibertsitatean; eta Kultur Kudeaketa, Musika, Antzerkia eta Dantza masterra Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Uharteko Arte Garaikidearen zentroko patronatuko zuzendari eta Oteiza Museoa Fundazioko patronatuko idazkari ere izan da.
Bilboko Alondegia ireki zutenetik —egun Azkuna zentroa— 2015ean Nafarroako Gobernura joan zen arte, kultur programazioko zuzendaria izan zen; erakusketen, arte programen eta ikus-entzunezko programen koordinazioa izan zituen zereginen artean. Bilbon izan zen urteetan, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko jaialdia zuzendu zuen, egonaldi artistikoen programa koordinatu zuen, eta Fant jaialdian programatzaile ere aritu zen, besteren artean.