Lourdes Fernandezek sei urte pasatxo eman ditu Bilboko Azkuna zentroko zuzendari. Joan den astean egin zuen ofizial bere kargua uzteko erabakia, eta haren ardura nork hartuko duen jakinarazi zuten atzo: Fernando Perez Gomezek (Sestao, Bilbo, 1967) gidatuko du zentroa maiatzaren 1etik aurrera. 2015eko abuztutik, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia da Perez. Nafarroako Gobernuak eta Bilboko Udalak jakinarazi zuten albistea, eta orain arte egindako «lan bikainagatik» eskerrak eman zizkion Nafarroako Kultura Departamentuak. Bilboko Udalak proposatu du kargurako; orain, zentroko administrazio kontseiluak berretsi beharko du.
Gertutik ezagutzen du Azkuna zentroa Perezek. Bilboko Alondegia ireki zutenean —gerora Azkuna zentroaren izena hartu zuen—, kultur programazioaren zuzendaritza bere gain hartu zuen. Erakusketa, arte eta ikus-entzunezko programen koordinazioa izan zituen zeregin nagusi. Bilbon izan zen urteetan, halaber, BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdia zuzendu zuen, egonaldi artistikoen programa koordinatu zuen, eta programatzaile ere aritu zen Fant jaialdian, besteak beste.
Euskal Filologian lizentziatua da, eta Ikusizko Arteen Kudeaketan Nazioarteko Lidergo masterra egin zuen New Yorkeko unibertsitatean; Europako Kultur Politiketako graduondokoa Bartzelonakoan; eta Kultur Kudeaketa, Musika, Antzerki eta Dantza masterra Madrilgo Konplutentsean. Uharteko Arte Garaikidearen zentroko patronatuko zuzendari eta Oteiza Museoa Fundazioko patronatuko idazkari ere izan da.
Fernando Perez Gomez izango da Bilboko Azkuna zentroko zuzendari berria
Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia da 2015eko abuztutik. Lourdes Fernandezen lekukoa hartuko du maiatzaren 1etik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu