Fernando Morilloren Pasio krimena «thriller zientifikoa» eta Iñigo Ibargurenen Triangelu irristakorra eleberria eman ditu argitara Gaumin argitaletxeak. Azpeitiarrak dira liburuen bi egileak.
«Pasioaren bi aurpegi nabarmenak azaltzen dira» Pasio krimena eleberrian, Morillok Gauminek prentsara igorritako agiri batean azaldu duenez: «Pizgarria eta suntsigarria. Pasioak gorantz eraman gaitzake, eta amildegi sakonenera. Pasioaren kolorea gorria dela esango nuke gehiago, eta gorri horrek une beltz batzuetara eramaten duela. Nobela gorri-beltza dugu, hortaz, Pasio krimena». Unibertsitatean modu bortitzean eraildako neska baten hilotza agertzen da nobelaren hasieran. Pertsonaia batek baino gehiagok zituzten hura erailtzera eraman zezaketen pasioak.
Iñigo Ibargurenen Triangelu irristakorra nobelak«berrogei urte inguruko hiru protagonistaren istorioa kontatzen du», egileak uztarria.com atarian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez: «Bi gizon eta emakume batena. Liburuaren hasieran, pertsonaiek ez dute elkar ezagutzen, baina pixkanaka haien artean harremanak sortu eta korapilatzen hasten dira. Haur txikiak ere badituzte, eta haiek, arazoak daudela konturatzen diren arren, ez dira gertatzen ari dena ondo ulertzeko gai». Istorio nagusi horren atzean, «arrazismoa, tratu txarrak eta beste zenbait gai» ezkutatzen dira. Ibargurenek paperezko liburu gisa argitaratutako bigarren eleberria da Triangelu irristakorra. Lehena, Iraganaren pisua, Erroteta zigiluaren bidez autoeditatu zuen, 2008an.
Zailtasun ekonomikoei aurre eginez, «ekaitzak ekaitz», Gaumin argitaletxeak «ametsak gauzatzen» jarraitzen duela adierazi du Fernando Morillok, argitaletxekoarduradun gisa.
Fernando Morillok 'Pasio krimena' kaleratu du
Iñigo Ibargurenen 'Triangelu irristakorra' bigarren nobela ere argitaratu du Gaumin argitaletxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu