Fernando Morillo da Nekatoeneako lehen euskal idazlea

1997tik goiti Hendaiako Abbadia eremuan, Nekatoenea baserrian, artisten egonaldiak antolatzen ditu IAEZIk.

Hendaia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak musikari, ikertzaile, koreografo, dantzari, ipuinlari, margolari eta argazkilari anitz errezibitu ditu urteotan. Aurten, lehen aldiz, IAEZIk, Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) partaidetzarekin, euskal idazle bati egonaldia eskaintzeko deialdia egin du. Aurkezturiko bost idazleetatik Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) hautatu dutesorkuntzari eskainitako proiektu hau gauzatzeko.

Morillok hilabetea eginen du Nekatoenea baserrian, eta, prentsaurrekoan adierazi duenez, eremua paregabea iruditzen zaio sormenerako.

Egonaldiaren helburua gazteentzako abentura liburu bat idaztea da, Abbadia eremuan bertan kokatua. Bertaratzen den gazte talde baten gorabeherak kontatuko ditu Morillok berrehun orrialde inguruko eleberrian. Asmoa Durangoko Azokarako liburua bukatu eta orduan argitaratzea litzateke. Azaroaren 24an Baionako Euskal Erakustokian iraganen den agerraldian bere lanaren bilakaera azalduko du.

Sorkuntza eta argitalpen lanarekin batera transmisioa ere landuko dute proiektu horretan, Seaskaren barne den Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko gazteekin literatur tailerrak eginen baitituzte urtarrilean. Ikasleak euskal literaturako aleak deskubritzeaz gain, testu sorkuntzan ere saiatuko dira lantegi horietan.

Egonaldia bukatutakoan Morillok beste proiektu bati heltzeko asmoa du, Abbadiako Antoinen bizian oinarrituriko eleberria idaztekoa.

Zuhar Iruretagoiena lanean

Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarrak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Rekalde bekari esker irabazitako hiru hilabetetako egonaldia hasia du dagoeneko Nekatoenean. Vejaciones proiektuan aitzinatua, performancea egitea du hurrengo urratsa. Ondoko hilabetea postprodukzio lanari eskainiko dio Iruretagoienak, eta performancean sortzen denarekin bideo ala argazki lan bat egiteko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.