Fernandezek, Sra. Polaroiskak eta Azalak jasoko dute Gure Artea saria

Maria Luisa Fernandez Oliverari eman diote ibilbideari dagokion Gure Artea saria. Azala espazioa eta Sra. Polaroiska kolektiboa ere saritu dituzte, eta 18.000 euro jasoko du bakoitzak

Maria Luisa Fernandez Olivera artista, orain bi urte Bilboko Azkuna zentroan Je, je... luna erakusketaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Egia esan, ez dut askorik pentsatu zergatik izan zen: gertatu egin zen». Bi hamarkada beteko lana biltzen zuen atzera begirako erakusketa sakona zabaldu zuen orain bi urte Azkuna zentroan Maria Luisa Fernandez Olivera artistak (Villarejo de Orbigo, Leon, Espainia, 1955), baina kostata topatu zuen zer erantzun kazetariek artea zergatik utzi ote zuen galdetu ziotenean. Bat-batean, eten egin zen dena 1997an. Arte ikasketak Bilbon egin zituen Fernandezek, eta euskal artearen historiari estuki lotuta dago haren izena geroztik. Arte kritika eta kritika soziala lantzen zituen Artea Zaintzeko Batzordea osatu zuen Juan Luis Morazarekin batera, 1979an, eta Txomin Badiola, Juan Luis Moraza, Pello Irazu eta Angel Bados artistekin batera, Euskal Eskultura Berria izeneko mugimenduan kokatzen dute adituek 80ko eta 90eko hamarkadetan. Baina, 1997an, Galiziara bizitzera joan, eta, orduan, etena. Zergatik ezin oso ongi jakin. «Ez nuen obrarik sortzen», onartu zuen orain bi urte Bilbon. Baina berriz piztu zaio harra azken urteetan. «Orain berriz hasi naiz; 2010az geroztik nabil tailerrean». Baina, hain zuzen ere, joan-etorriko ibilbide hori saritzea erabaki du aurten Gure Artea sarietako epaimahaiak.

Klabea izan da Azkuna zentroko atzera begirakoa. Isiltasun moduko batean murgildurik egon zen hainbat urtez artista ordura arte, eta erakusketa horrek ekarri zuen bueltan bere izena lehen lerrora. Hala aitortu du epaimahaiko kide Manu Muniategiandikoetxea artistak ere: «Ematen du erakusketa horrek berpiztu egin duela bere lana, nahiz eta denok geneuzkan gogoan gordeta bere lanak. Oso nabarmen ikusten zen erakusketa hartan bere lanak gaurkotasun handia duela oraindik ere». Fernandez Oliveraren lanak sortzen duen «indar liluragarria» ere azpimarratu du. «Irakasle ere aritu da azken urteetan, eta, artista askori gertatzen zaien modura, eten baten ostean, berriro ere gure aurrean azaltzen da modu indartsuan, gainera».

Herrixka eta erdigune

Fernandez Oliveraz ez ezik, Sra. Polaroiska kolektiboa eta Azala espazioa ere saritu ditu epaimahaiak. 18.000 euro jasoko du haietariko bakoitzak, eta ekainaren 15ean egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe sortzaileek osatzen dute Sra. Polaroiska kolektiboa. Haiek jaso dute sortze lanari dagokion Gure Artea saria. 2002an jarri zuten abian proiektua, eta azken urteetako artegintzari egindako ekarpena nabarmendu du epaimahaiak: «Performancea, zinema esperimentala eta koreografia baliatuz kontakizun konplexuak eraiki dituzte, nola edo hala zirrararen bidez harrapatzen gaituztenak». Nazioartean ibilbide oparoa egin dute, eta Euskal Herrian sustraitutako hainbat lan ere egin dituzte. Eta, hain zuzen ere, Hernaniko emakumezkoen historia berriz azalarazteko asmoz sortutako Andrekale proiektua izan daiteke horren adibide.

Idoia Zabaleta sortzailea da Azala espazioaren sustatzaile nagusia. Lasierra herrian dago zentroa, Gasteiztik 30 kilometrora. Bederatzi biztanle baino ez ditu herriak, baina erdigune bilakatu da zentroa, halere, arte sortzaileentzat. Ane Rodriguez kultur kudeatzaile eta epaimahaikideak eman du azalpena: «Azken urteetan, arte testuinguruarentzako erreferente bat izan da Azala». Sortzaileentzako topagune izateaz gainera, etengabeko trebakuntzarako gune bat ere bada Azala, epaimahaiak azaldu duenez. Sustatu egin ditu kanpoko eta bertako artisten arteko harremanak ere, eta lan hori ere laudatu diote: «Euskal Herriko testuinguru artistikoa mapan kokatu du».

Hiru dira Gure Artea sarien helburuak, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen hitzetan: «Sortzaileen lana ageriko egitea, ezagutzera ematea, aitorpena egitea». Zehaztu duenez, epaimahaiko kideak dira hautagaiak aurkeztu eta sarituak aukeratzen dituztenak, eta haien iritzia onartu eta babestea da Eusko Jaurlaritzak egiten duena.

Emakumezkoei aitortza

Aurten, Arantza Lauzirika artista, Ane Rodriguez kultur kudeatzailea, Mabi Revuelta artista, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioa eta Muniategiandikoetxea izan dira epaimahaiko kideak. Eta haien lana txalotu du Muñozek. «Bereziki sari ausartak dira», azaldu du Muñozek. «Artea ulertzeko hiru modu periferiko saritzen dituzte».

Horrez gainera, saritu guztiak emakumezkoak izan direla ere nabarmendu du Muñozek, eta hautaketa hori artegintzan gertatzen ari den aldaketaren adierazgarri dela azaldu du.

«Kasualitatea» izan dela zehaztu dute epaimahaikideek, baina aitortu dute datua esanguratsua iruditzen zaiela. Revueltak eman du azalpena: «Lan handia dago oraindik egiteko. Emakumezko artisten lanak ikusgarritasun handiagoa du azkenaldian, baina oraindik lan handia dago egiteko. Sari guztiak emakumeentzat izatea kasualitatea izan da; lanen kalitateari begiratu diogu soilik, baina sintomatikoa da. XXI. mendeko artea feminista izango da, edo ez da izango. Agian sari hauek dira giroan dagoen sentsazio horren isla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.