Indar handiz itzuli da Fermin Muguruza 2024. urtean. «Badakizue efemerideak gustuko ditudala. Gaur Kortaturen lehen diskoa atera genuenetik 39 urte pasa dira, eta, orain, beste disko bat eta hainbat gauza aurkezten ari gara». Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren euskarri fisikoaren eta haren soinu banda biltzen duen diskoaren aurkezpena egin du gaur musikariak. Baina, horrekin batera, abenduan hasiko duen birari buruzko informazioa iragartzeko ere baliatu du aukera. 2025eko ekainaren 14an Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duen kontzertuan jada 25.000 sarrera saldu dituztela esan du, eta, horregatik, beste 10.000 gehiago jarriko dituzte salgai orain. Gaur bertan zabaldu dute horretarako aukera, 11:00etan, www.muguruzafm.eus webgunean.
Muguruzak joan den apirilaren 20an iragarri zuenagertokietara bueltatzeko bira egingo zuela, 61 urte bete zituen egunean. Eta nazioarteko bira bat egingo zuela jakinarazi zuen handik gutxira. 11 urtez nazioarteko birarik egin gabe egon ondoren, datorren urteko birak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du. Hemezortzi kontzertu iragarri ditu, Europan, Amerikan eta Asian barna, eta 2025eko ekainaren 14an Anoeta estadioan joko du. Muguruzaren arabera, inoiz izan duen «erronkarik handiena» da Anoetan jotzea, eta nahiko luke emanaldi horrek balio izatea ondorengo hau ere aldarrikatzeko: «Euskaraz abestuz ere aritu daitekeela estadio handietan».
Anoetakoa «arratsalde osoko festa bat» izatea nahi du Muguruzak, «festibal txiki baten antzerakoa», eta, horregatik, hainbat artista gonbidatu ditu oholtzara. Adierazi du ez duela nahi soilik bera bakarrik egotea oholtzan, eta «anai-arreben» laguntza eduki nahi duela. Harekin batera izango dira Des Kontrol, Bad Sound System, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Palestinako DAM taldea. Muguruza: «Ezin dugu ziurtatu DAM taldea bertan egongo dela. 40 Minutu Rocken egon ziren, eta nirekin Zaballako kartzelan ere egon dira, baina gerra dela medio, genozidioa dela medio, ezin dugu ziurtatu Anoetan egongo direla».
Bidasoa 2018-2023
Iaz estreinatu zuten Bidasoa 2018-2023 dokumentala, Muguruzaren gidaritzapean. Bidasoa ibaian hildako migranteak dira dokumental horren oinarri. Irungo Harrera Sareko kideekin eta Bidasoa Etorkinekin egitasmoaren militanteekin osatu zuten ikus-entzunezkoa. Orain, formatu fisikoan kaleratu dute lana, haren soinu banda biltzen duen diskoa ere gehigarri jarrita. Elkar argitaletxearekin kaleratu dituzte bi formatuak, eta elkarrekin eskuratu ahalko dira.
Dozenaka emanaldi egin dituzte Bidasoa 2018-2023 dokumentalarekin. Dozenaka areto, liburutegi, taberna eta kultur etxetan eman dute lana, baina haren bidea ez da amaitu. Formatu fisikoa garrantzi handiko gauza dela adierazi du musikariak: «Badago jendea harritu egiten dena guk oraindik eduki fisikoak kaleratu nahi izaten ditugulako. Askotan uste dugu hodeian dena dugula eskuragarri, baina gero konturatzen gara ez dela horrela».
Muguruzaren ustez ez ezik, Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunaren ustez ere, irundarrentzat ezinbesteko elementua da Bidasoa ibaia, eta adierazi dute emanaldiak ematen jarraituko dutela, migranteen egoera erakutsiz. Horrez gain, Muguruzak gogorarazi du lana Primeran eta Filimin plataformetan ere ikus daitekeela.
«Diskoa dokumentaleko soinu bandaz osatuta dago. Baina ez dira bakarrik lagintxo txikiak, kanta osoak baizik»
FERMIN MUGURUZAMusikaria
Euskaraz egindako dokumentala da Muguruzak zuzendutakoa, baina, jende gehiagok ikusi dezan, azpitituluak gehitu dizkiote. «Lau hizkuntzatan egin ditugu azpitituluak: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz», adierazi du Jituk.
Tabakaleran proiektatu zuten iaz Bidasoa 2018-2023, eta Muguruzak oroitzapen onak ditu egun hartaz: «Aurkezpen hura Harrotu Ileak kolektiboarekin egin genuen, eta Magrebeko jende ugari bertaratu zen. Hori izan da azpitituluak arabieraz jartzeko arrazoietako bat; ekitaldi hunkigarria izan zen». Musikariak uste du horrelako egitasmo gehiago egin behar direla, Euskal Herria «pluralagoa eta aberatsagoa» izateko.
Dokumentalaren musikaz ere aritu da sortzailea. «Diskoa dokumentaleko soinu bandaz osatuta dago», azaldu du, «baina ez dira bakarrik lagintxo txikiak, kanta osoak baizik». Bidasoa ibaiak bustitzen dituen hainbat herritako musikarik hartu dute parte bertan. Irundik (Gipuzkoa), Bad Sound System, Eneritz Furyak eta Muguruza; Nafarroako Bortzirietatik, Petti; Baztanetik (Nafarroa), Olaia Inziarte; Hondarribitik (Gipuzkoa), Dut; Urruñatik (Lapurdi) Odei; eta haiez gain, Willis Drummond (Baiona), Gloria Maurel (Herrialde Katalanak), The Suicide of Western Culture (Herrialde Katalanak) eta Katanga Dub (Iruñea) ere entzun daitezke diskoan. Muguruza: «Adin askotako jendea, leku askotako jendea, estilo askotakoak, baina denak euskaraz, iparraldekoak eta hegoaldekoak».
Korrikaren harira atxilotutakoak
Aurtengo Korrika Irundik atera zen, martxoaren 14an, eta egun hartan, hainbat kolektibok eta militantek migrante talde bati muga pasatzen lagundu zieten, Korrikak Irun eta Hendaia lotzen dituen zubia zeharkatzen zuen bitartean. «Denak ez dira berri onak», aitortu du Muguruzak. Urriaren 2anHendaiako zazpi militante atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Korrikaren egun hartan «talde antolatuan migranteei muga pasatzen eta aterpetzen» laguntzeagatik. Eta, hain justu, Aintzane Lasarte da Frantziako Poliziak atxilotu zituen zazpi militanteetako bat, dokumentaleko protagonistetako bat ere badena.
Aurkezpenean izan da bera ere, eta gaiari buruz duen iritzia azaldu du bertan. Lasarte: «Jituk eta Ferminek esan duten moduan, hendaiarrok ere gurea dugu Bidasoa ibaia. Bi herrien arteko topaleku bat izan da betidanik, eta uste dut orain gure elkargune horri profanazio sakon bat egin diotela migrazio politikek». Urtarrilaren 28an Baionako auzitegian agertu beharko dira zazpi militanteak, eta horren harira bihar kanpaina bat aurkeztuko dutela iragarri du Lasartek.