Musika

Fermin Muguruzak nazioarteko bira bat eginen du 2025ean

Hemezortzi kontzertu iragarri ditu, Europan, Amerikan eta Asian barna. 2025eko ekainaren 14an Anoeta estadioan joko du, eta BERRIAlagunek jada badute ordurako sarrerak erosteko aukera. Gaur dira 40 urte Kortatuk lehenbiziko maketa kaleratu zuela.

IratxeEtxeandia Fermin Anoeta futbol zelaian, 2025ean hor emango duen kontzertua iragartzeko. / IRATXE ETXEANDIA
Fermin Muguruza Anoeta futbol zelaian, 2025ean hor emango duen kontzertua iragartzeko. / IRATXE ETXEANDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko ekainaren 20a
08:00
Entzun

Beste behin agertokietara bueltatuko zela iragarri zuen Fermin Muguruzak 61 urte bete zituen egunean, joan den apirilaren 20an. Kontzertu handi bat emanen zuela aurtengo abenduaren 20an, Bilbo Arenan, eta kontzertu horrek balioko zuela, besteak beste, bere ibilbidearen errepasoa egiteko, kantuan. Sarrerak ordu eskasetan bukatu ziren. Eta antolatu zuten beste kontzertu bat, lehenbizikoaren biharamunerako, toki berean hori ere. Orain, baina, itzulerak are gehixeago iraunen duela iragarri du Muguruzak, eta zabalduko dela mugaz bestaldera ere: nazioarteko bira eginen du 2025ean, hemezortzi kontzertuk osatua. BERRIAlagunek aurretiaz eta %15eko deskontuarekin eros ditzakete jada sarrerak BERRIA Dendan; argibideak posta elektronikoan.

681e1377 af65 062f d27b 43f633443f6e
Nazioarteko biraren kontzertu guztien zerrenda, kartelean bistarazita. BERRIA

Eta, apirileko iragarpenean egin bezala, Muguruzak urteurren berezi batean jakinarazi du nazioarteko birari buruzko notizia: gaurko egunez duela 40 urte kaleratu zuen Kortatuk bere lehenbiziko maketa. Kantariak adierazi duenez, hori ospatzeko balioko dute birako kontzertuek, besteak beste.

Erlazionatuta

Urtarrilaren 18an abiatuko du bira Muguruzak, Tenerifeko EC Aguere aretoan (Kanaria uharteak, Espainia), eta hilabete berean eginen du bigarren geldialdia ere —hilaren 24an—, Bartzelonako Palau Sant Jordin. Ondotik, esate baterako, Madrilen izanen da otsailean; martxoan, Santiago de Compostelan (Galizia), Parisen, Bordelen, Marseillan (Frantzia) eta Tolosan (Okzitania) ariko da; apirilean, Zurichen (Suitza) eta Berlinen. Maiatzean Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan izanen da, eta lau kontzertu emanen ditu han: hala nola Buenos Airesen eta Bogotan. Asiari dagokionez, Tokion da kontzertua ematekoa, uztailaren 23an.

Muguruza batetik bestera mugituko da, hortaz, 2025ean. Baina, jakinarazi duenez, kontzertu guztiak ez dira izanen Euskal Herritik kanpo. Izan ere, sorterritik —Irun (Gipuzkoa)— hurbil eginen du bat, eta, dioenez, «inoiz egin duen erronkarik handiena» izanen du hori: Donostiako Anoeta estadioan joko du, ekainaren 14an. Gaur plazaratutako oharrean nabarmendu dutenez, emanaldi horrek balioko du aldarrikatzeko «euskaraz abestuz ere aritu daitekeela estadio handietan».

Udazkenean bukatuko da bira, urriaren 4an, baina oraindik ere ez dute iragarri non izanen den.

 

Sarrerak datozen egunetan jarriko dira salgai, www.muguruzafm.eus  webgunean eta bi txandatan. Batetik, Donostiako kontzerturako sarrerak igande honetan bertan erosten ahalko dira —ekainaren 23an—, 09:00etatik aurrera. BERRIAlagunek, baina, dagoeneko badute erosteko aukera, eta deskontuarekin: %15eko beherapena dute. Promozioa larunbatetik igandera bitarteko gauerdira arte izanen da zabalik. Gainerako hirietako kontzertuetarako sarrerak asteartean jarriko dira salgai www.muguruzafm.eus webgunean, ekainaren 25ean, 09:00etan.

«Oldarraldiaren kontra»

11 urte dira Muguruzak nazioarteko birarik egin ez duela, eta, dioenez, 2025ekoak askorako balioko du. 40 urteko ibilbideari errepasoa emateko baliatuko dituzte kontzertuak, taularatzeko bai Kortatun, bai Negu Gorriak-en eta bai bakarka sorturiko kantuak, baina baita, orobat, «zentsurari erantzuteko ere». Muguruzaren esanetan, bira «zentsuraren eta eskuin muturraren erasoen aurkako ospakizun» izatea nahi du. Antzeko aldarrikapena egin zuen apirilean ere, FMuguruza. 1984-2024 kontzertuak iragarritakoan, eta, orain, gainera, birako kontzertu batzuetan are eta esanahi handiagoa hartuko du ideia horrek; Madrilekoan, kasurako.

IratxeEtxeandia Fermin Anoeta 31
Fermin Anoeta futbol zelaian, 2025ean hor emango duen kontzertua iragartzeko. / IRATXE ETXEANDIA

«Zalantzarik gabe, kontzertu hori ekitaldi gogoangarria izango da», adierazi dute oharrean, eta gogora ekarri Muguruzak ezin izan duela Madrilen jo 2003an Manu Chaorekin aritu zenetik. Apirilean BERRIAri emandako elkarrizketan, musikariak berak oroitu zuen 2004an hainbat kontzertu utzi zizkiotela bertan behera hiri horretan arrazoi politikoengatik, eta ordutik ere etengabea izan dela haren kontrako betoa, batik bat PP edo Vox agintean diren udalerrietan. Zera erantsi zuen elkarrizketa hartan, edonola ere: «Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun».

«Kontzertu soilak baino gehiago izango dira. Musika, dantza eta aldarrikapenaren bidez, oroimen kolektibo ariketa bat. Bizitzaren ospakizun bat, eta faxismoarekiko arbuioa; besarkaden zeremonia bat» 

FERMIN MUGURUZAMusikaria

«Kontzertu soilak baino gehiago izango dira», adierazi du artistak nazioarteko biraz, eta gehitu publikoak «euskal eta nazioarteko musikaren ikono bihurtu diren hainbat abestiz» gozatzen ahalko duela. Dioenez, espero du kontzertuok «guztientzako bereziak» izatea. «Musika, dantza eta aldarrikapenaren bidez, oroimen kolektibo ariketa bat. Bizitzaren ospakizun bat, eta faxismoarekiko arbuioa; besarkaden zeremonia bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.