Kortatuk Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jo zuen bere agurreko kontzertua, 1988ko urriaren 1ean, ondoren Azken guda dantza zuzeneko diskoan jasota utzi zuena. Eta hiri berean emango du Fermin Muguruzak bere 40 urteko ibilbidea ospatzeko biraren azken kontzertua ere. Heldu den urteko urriaren 4an izango da emanaldia, Nafarroa Arenan. Sarrerak hilaren 17an jarriko dituzte salgai www.muguruzafm.eus atarian, hain zuzen birako lehen kontzertua egingo duen egun berean. Baina BERRIAlagunek bihartik aurrera izango dute horiek erosteko aukera, %20ko deskontuarekin gainera, BERRIAren webgunean.
Oholtza handietatik aparte hamarkada pasatxo igaro ostean, musikariak joan den apirilaren 20an iragarri zuen Bilbo Arenan kontzertu handi bat egingo zuela urtearen amaieran —abenduaren 20an zehazki—. Kortaturen garaietatik gaurdainoko bideari errepasoa ematea eta hura ospatzea jarri zuen xedetzat, baita zentsuraren aurka aldarri ozena egitea ere. Salgai jarri eta denbora gutxira amaitu ziren kontzerturako 8.000 sarrerak, eta hurrengo egunerako beste emanaldi bat iragarri zuen, leku berean; minutu bakarrean saldu ziren horiek ere.
Horiek horrela, nazioarteko bira batean murgiltzea erabaki zuen Muguruzak. Heldu den astean ekingo dio bira horri, eta orain dela bost urte hil zen Iñigo anaia omentzeko kontzertua izango du denetan lehena; hilaren 17an Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi) ariko da; hain justu ere, Iñigo Muguruzak 60 urte beteko lituzkeen egunean eta azken kontzerturako sarrerak salgai jarriko dituen egun berean.
Bira itxiko duen emanaldia 2025eko urriaren 4an izango dela aurrez iragarria zuen musikariak. Azken kontzertu hori non izango zen jakitea besterik ez zen falta, eta zehaztu du lekua azkenean. Berentzat Iruñean egiteak esangura berezia duela adierazi du artistak: «Argi neukan nire azken kontzertua euskaldunon Hiri Buruzagian egin nahi nuela, politikoki, emozionalki eta nortasun aldetik horrek duen pisuagatik ere bai. Mundua zeharkatuko duen birari agur esateko modu polita izango da etxean bukatzea, hainbeste babestu nauten milaka zaleen aurrean». Eta ziurtatu du «sekulakoa» izango dela.
Muguruzaren aurretik, Igotz Mendez HOFE musikari iruindarra izango da oholtzan, HOFE x 4:40 proiektuarekin. Mendezek Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleekin (4:40) sortutako proposamena da, eta, kontzertuaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, «hiru gazte horien arteko lotura musikala nahiko berria bada ere, hirukoteak bost urte baino gehiago daramatza Iruñeko eszenan gerran, aurretik Nibbass bere aurreko kolektiboarekin batera musikari eskainiak, Euskal Herriko underground eszenan ospe handia lortu baitzuten». Antolatzaileek azaldu dute bi musikariek «harreman estua» dutela aspalditik, eta festara batzeko gonbita egin diola Muguruzak.
«Bizitzaren ospakizun bat»
Miarritzeren ondotik, Bilbo izango da hurrengo geltokia Muguruzarentzat; hilaren 20an eta 21ean ariko da han. Hiru saio horietarako sarrerarik ez da geratzen jada, ezta hortik aurrera atzerrian egingo dituen beste batzuetarako ere; esaterako, urtarrilean Tenerifen (Kanaria uharteak) egingo dituen bi kontzertuetarako eta maiatzean Berlinen emango duenarentzako sarrerak bukatu egin dira.
Bira horren parte da musikariak Donostiako Anoeta estadioan ekainaren 14an egingo duen kontzertua ere. Antolatzaileek orain gutxi jakinarazi zuten emanaldi horretarako 25.000 sarrera saldu dituztela dagoeneko, eta beste 10.000 jarri dituztela eskuragarri, eraikinaren goiko eraztuna ireki baitute jende gehiago sar dadin.
Bien bitartean, nazioarteko hainbat herrialdetan ariko da Muguruza, eta adierazi du espero duela kontzertu horiek guztiak «guztiontzat bereziak» izatea; «musikaren, dantzaren eta erreibindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat».
Birako kontzertuak:
ABENDUA
17 MIARRITZE - Atabal aretoan (sarrerak amaituta).
20 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).
21 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).
2025:
URTARRILA
17 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere (sarrerak amaituta).
18 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere (sarrerak amaituta).
24 BARTZELONA - Palau Sant Jordi.
OTSAILA
15 MADRIL - Wizink.
MARTXOA
15 SANTIAGO DE COMPOSTELA - Fontes do Sar.
21 PARIS - La Cigale.
22 BORDELE (Okzitania) - Salle du Grand Parc.
28 TOLOSA (Okzitania) - Le Bikini.
29 MARSEILLE (Frantzia) - Espace Julien.
APIRILA
12 ZURICH (Suitza) - Rote Fabrik.
24 LONDRES - Scala.
25 DUBLIN - Button Factory.
MAIATZA
10 MERIDA (Espainia) - Ifeme.
16 BERLIN - So36 (sarrerak amaituta).
20 SANTIAGO (Txile) - Teatro Cariola.
22 MONTEVIDEO - Sala del Museo del Carnaval.
24 BUENOS AIRES - Estadio Obras.
28 BOGOTA - Calle 13.
31 MEXIKO - Skatex (Texcoco).
EKAINA
07 ERROMA - Circolo Concetto Marchesi.
14 DONOSTIA - Anoeta estadioa - Reale Arena.
UZTAILA
23 TOKIO - Radical Music Network Festival.
URRIA
4 IRUÑEA - Nafarroa Arena.