Fermin Muguruzak Iñigo anaiari eskainitako kontzertu batekin hasiko du bira abenduaren 17an, Miarritzen

Iñigo Muguruzak 60 urte beteko lituzkeen egunean izango da emanaldia. Saioa iragarri eta ordubete eskasean amaitu dira sarrera guztiak. Nazioarteko birak bi emanaldi gehiago izango dituela ere iragarri du musikariak: Dublinen bata eta Meridan bestea.

Fermin Muguruza. IKORKOTX
Fermin Muguruza. IKORKOTX
Inigo Astiz
2024ko irailaren 5a
10:43
Entzun

Gaur bete dira bost urte Iñigo Muguruza muskaria hil zenetik. Eta data esanguratsu hori hautatu du Fermin Muguruzak iragartzeko aurten hasi asmo duen kontzertu bira hari eskainitako emanaldi batekin hasiko duela. Abenduaren 17an eskainiko du lehen kontzertua Miarritzen (Lapurdi), hain justu, bizirik balego, Iñigok 60 urte beteko lituzkeen egunean. Fermin Muguruzak ez ezik, Iñigoren musika ikasle izandako musikariek osatutako Iñigoren Diszipuluak izeneko taldea ere izango da oholtzan. Gaur goizean jarri dituzte salgai sarrerak www.muguruzafm.eus webgunean, eta ordubete baino lehen saldu dituzte sarrera guztiak. 700 inguru, guztira.

Kortatu zein Negu Gorriak taldeetan elkarrekin aritu ziren Iñigo eta Fermin, eta Miarritzeko emanaldia iragartzeko sortutako kartelera ere eraman dute haren irudia, horregatik.

Fermin Muguruzak Miarritzen eskainiko duen kontzertuaren kartela
Fermin Muguruzak Miarritzen eskainiko duen kontzertuaren kartela

Abenduaren 20an Bilbon eskaintzeko asmoa zuen kontzertua zen birako lehen kontzertua izatekoa, orain arte. Miarritzeko emanaldiarekin, baina, bira hiru egun lehenago hasiko dela jakinarazi du Fermin Muguruzak. Eta horrez gainera, hurrengo hilabeteetan eskaintzekoa den nazioarteko birak bi emanaldi gehiago izango dituela ere iragarri du. Dublinen izango da bata, apirilaren 25ean, Button Factory aretoan; eta Meridan (Espainia) izango da bestea, maiatzaren 10ean, Ifeme aretoan. Salgai dira bi emanaldi horietarako sarrerak ere webgunean.

2013az geroztik kontzertu handirik eskaini gabea zen Muguruza, eta etenaldi hori aurten bukatuko zela iragarri zuen ekainean. Kortatu taldea sortu zenetik 40 urte bete direnean, hain justu ere. Abenduaren 20an Bilbo Arenan kontzertu bat eskainiko zuela iragarri zuen lehenik, baina handituz joan da asmoa geroztik. 18 kontzertuko nazioarteko bira emango zuela iragarri zuen, eta gaur iragarritako data berriekin, 21 emanaldikoa izango da, azkenik. Miarritzen hasiko da dena, beraz, eta oraindik zehaztu gabea duten areto batean amaitu urriaren 4an. Europa, Amerika eta Asia gurutzatuko ditu tartean, eta jadanik salduta daude emanaldi horietako batzuetako sarrera guztiak.


ABENDUA
17 MIARRITZE - Atabal aretoan (sarrerak amaituta).
20 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).
21 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).

2025:

URTARRILA
17 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere
18 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere (sarrerak amaituta)
24 BARTZELONA - Palau Sant Jordi.
    
OTSAILA    
15  MADRIL - Wizink    
    
MARTXOA
15 SANTIAGO DE COMPOSTELA - Fontes do Sar
21 PARIS - La Cigale
22 BORDELE (Okzitania) - Salle du Grand Parc
28 TOLOSA (Okzitania) - Le Bikini
29 MARSEILLE (Frantzia) - Espace Julien

APIRILA
12 ZURICH (Suitza) - Rote Fabrik
24 LONDRES - Scala
25 DUBLIN - Button Factory

MAIATZA
10 MERIDA (Espainia) - Ifeme
16 BERLIN - So36

20 SANTIAGO (Txile)– Teatro Cariola
22 MONTEVIDEO - Sala del Museo del Carnaval
24 BUENOS AIRES - Estadio Obras
28 BOGOTA - Calle 13
31 MEXIKO - Skatex (Texcoco)

EKAINA
07 ERROMA - Circolo Concetto Marchesi
14 DONOSTIA - ANOETA ESTADIOA/Reale Arena
 
UZTAILA
23 TOKIO - Radical Music Network Festival

URRIA
4- Azken kontzertua. Non zehaztu gabe.

Adierazpen askatasunaren aldarrikapenarekin lotu du bira musikariak. Hori adierazi zion BERRIAri eskainitako elkarrizketan, esaterako. «Nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi». Besteak beste, Kortaturekin izandako istiluak, Negu Gorriak taldeak jasandako jazarpen judiziala eta bertan behera geratutako hamaika kontzertu aipatu zituen solasaldi hartan. Eta emanaldiak eskaintzea izan da horri guztiari erantzuteko hautatu duen modua: «Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun».

Muguruzaren ibilbide osoko abestiak eskainiko dituzte zuzenekoetan. Zehaztua dute abeslariak ondoan izango duen taldea ere, eta, Fermin Muguruzak ez ezik, ondorengo bederatzi musikariek ere osatuko dute emanaldietako taldea: Lide Hernando gitarra jotzaile eta abeslariak, Miryam Matah abeslariak, Victor Navarrete baxu jotzaileak, Gerard Chalart 58 perkusio jotzaileak, Xabi Solano trikitilariak, Jon Elizalde tronboi jotzaileak, Aritz Lonbide tronpeta jotzaileak, Igor Ruiz Fino saxofonistak eta Gloria Maurel bateria jotzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.