Bilbo Arena bi aldiz betetzearekin nahikoa ez, eta Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioa ere beteko duela dirudi: jada ia 20.000 sarrera saldu dira 2025eko ekainaren 14an emango duen kontzerturako. Pistako 15.000 sarreretatik 2.500 baino ez dira geratzen. Gaur goizeko 09:00etan jarri dituzte salgai, nahiz eta BERRIAlagunek aurretiaz erosteko aukera zuten, %15eko beherapenarekin.
Muguruzaren arabera, inoiz egin duen «erronkarik handiena» da Anoetan jotzea. Gehitu du emanaldi horrek balioko duela aldarrikatzeko «euskaraz abestuz ere aritu daitekeela estadio handietan». Salmentaren abiadari dagokionez, oso eskertuta dagoela adierazteaz gain, esan du kontzertu horiek «bereziak» izatea nahi duela, «musikaren, dantzaren eta erreibindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa baten bidez, bizitzaren ospakizun baten bidez eta faxismoari uko eginez».
Gainerako hirietako kontzertuetarako sarrerak asteartean jarriko dira salgai, ekainaren 25ean, 09:00etan, www.muguruzafm.eus webgunean. 11 urtez nazioarteko birarik egin gabe egon ondoren, datorren urteko birak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du.
Agertokietara bueltan
Beste behin agertokietara bueltatuko zela iragarri zuen Fermin Muguruzak 61 urte bete zituen egunean, joan den apirilaren 20an. Kontzertu handi bat emango zuela aurtengo abenduaren 20an, Bilbo Arenan, eta kontzertu horrek balioko zuela, besteak beste, bere ibilbidearen errepasoa egiteko, kantuan. Sarrerak ordu eskasetan bukatu ziren. Eta antolatu zuten beste kontzertu bat, lehenbizikoaren biharamunerako, toki berean hori ere. Asteon, baina, itzulerak are gehixeago iraungo duela iragarri du Muguruzak. Hemezortzi kontzertu emango ditu nazioarteko biran.
Urtarrilaren 18an abiatuko du bira Muguruzak, Tenerifeko EC Aguere aretoan (Kanaria uharteak, Espainia), eta hilabete berean egingo du bigarren geldialdia ere —hilaren 24an—, Bartzelonako Palau Sant Jordin. Ondotik, esate baterako, Madrilen izango da otsailean; martxoan, Santiago de Compostelan (Galizia), Parisen, Bordelen, Marseillan (Frantzia) eta Tolosan (Okzitania) ariko da; apirilean, Zurichen (Suitza) eta Berlinen. Maiatzean Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan izango da, eta lau kontzertu emango ditu han: besteak beste, Buenos Airesen eta Bogotan. Asiari dagokionez, Tokion da kontzertua ematekoa, uztailaren 23an.
Udazkenean bukatuko da bira, urriaren 4an, baina oraindik ere ez dute iragarri non izanen den.
Ikusi gehiago