Fermin Muguruzak bigarren kontzertua iragarri du abenduaren 21erako

Zentsurari aurre egiteko kontzerturako 8.000 sarrerak ordu eskasetan amaitu dira. Bigarren kontzertuko sarrerak ostegunean jarriko dira salgai.

Fermin Muguruza. JON URBE / FOKU
Fermin Muguruza. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko apirilaren 23a
19:53
Entzun

Fermin Muguruzak ez du epe luzerik behar izan abenduaren 20ko kontzertuko sarrera guztiak agortzeko. 8.000 ziren guztira, eta goiz bakarrean saldu dituzte. Dagoeneko iragarria zuen Fermin Muguruza 1984-2024 kortzertuak halako ikusmina piztuz gero besterik ere eskainiko zuela, eta halaxe gertatu da. Bigarren kontzertua biharamunean berean emango du, abenduaren 21ean, Bilbo Arenan. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 10:00etan, www.muguruzafm.eus helbidean. Antolatzaileek espresuki nabarmendu dute beste kontzerturik ez dela izango.

Muguruzak hau zabaldu du sare sozialetan: «Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak Sarri, Sarri abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an eta 21ean Sarri, Sarri eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko».

Zentsurari aurre egiteaz gain, bere ibilbidea eta berrogei urtean sortutako ondarea aldarrikatuko ditu.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.