Musika

Fermin Muguruza agertokietara itzuliko da, kontzertu handi batekin

Kortatu eta Negu Gorriak taldeen garaietatik, bere ibilbide osoa «berpiztuko» du Muguruzak, abenduaren 20an, Bilbo Arenan. Zentsuraren kontra egiteko ere baliatuko dute, eta BERRIAlagunek aurretiaz eskuratu ahal izango dituzte sarrerak.

Fermin Muguruza, 2023ko irailean, Donostiako Zinemaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Hamarkada oso bat pasatxo egin du Fermin Muguruzak oholtza handietara igo gabe bere musika jotzera, eta bere urtebetetze eguna baliatu du itzulera iragartzeko —61 urte bete ditu gaur—: FMuguruza. 1984-2024izenpean, kontzertu handi bat antolatu dute urte amaierarako. Abenduaren 20an izango da, zehazki, Bilbo Arenan, eta 8.000 lagun elkartzea da asmoa. Bere berrogei urteko ibilbidearen errepasoa egingo du kantariak, eta sarrerak asteartean jarriko dira salgai, goizeko hamarretatik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean. BERRIAlagunek, ordea, sarrerak lehenago lortzeko aukera izango dute: egun berean, 9:00etatik 10:00etara bitartean, bost sarrera erosi ahal izango ditu BERRIAlagun bakoitzak —igandean jasoko dituzte horretarako jarraibideak, posta elektronikoz—.

Fermin Muguruzuak 40 urteko ibilbidea ospatzeko Bilbon abenduaren 20an emango duen kontzertuaren kartela.
Fermin Muguruzuak 40 urteko ibilbidea ospatzeko Bilbon abenduaren 20an emango duen kontzertuaren kartela.

Gauerdian eman dute kontzertuaren berri: «40. urteurren hau momentu berezian dator», nabarmendu dute antolatzaileek, ohar bidez. Haien esanetan, Espainiako «eskuin mediatiko eta judizialak» berriz abiatu du «Muguruzaren aurkako oldarraldia», eta horri aurre egiteko modu bat ere izan gura du kontzertuak. Hala esan du Muguruzak berak: «Kontzertu hau zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza kontseiluko bost irakasle, edo Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak, Sarri, Sarri abesteagatik».

Gaur goizean Muguruzak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten hasieran, hain zuzen, Ituño agertzen da duela gutxi sari banaketa batean Sarri, sarri abesten. Ondoren, musikariak bere ibilbidean jasan dituen beste eraso batzuen irudiak agertzen dira, tartean, 2003. urtean Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako polizia operazioa salatu zuenean jasan zuen txistukadaren irudia ere bai.

«Eszenatokira igo nintzen azken aldia Iñigo anaiaren omenez izan zen, eta espero dut kontzertu hau berezia izatea datozenentzat. Gutako askori eta herrialde honetako iruditeria kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu». FERMIN MUGURUZA Musikaria

Fermin Muguruza, 2023ko irailean, Donostiako Zinemaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Fermin Muguruza, 2023ko irailean, Donostiako Zinemaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Lehen urratsetatik, oihartzun handiko izena izan da Muguruzarena euskal eszenan, eta zentsuraren itzala ere askotan izan du gertuan —bere kontzertuak bertan behera uzten saiatu izan dira maiz, esaterako—. 20 urterekin hasi zen Kortatu taldean, Iñigo anaiarekin batera, eta Negu Gorriaken aritu ziren biak gero, Kaki Arkarazorekin, Mikel Txopeitiarekin eta Mikel Anestesiarekin batera. Hura desegin ostean ekin zion bakarkako ibilbideari Muguruzak, hainbat estilotako musikak uztartuz, rocka, reggaea, duba, hip-hopa, soula eta druma, funka eta beste.

Orain, bide hori agertoki gainetik «berpiztu» ahal izatea «ohore handia» dela sentitzen du. «Batez ere, nire inguruan jendea erortzen ikusi ondoren. Eszenatokira igo nintzen azken aldia Iñigo anaiaren omenez izan zen [2019ko irailean hil zen], eta espero dut kontzertu hau berezia izatea datozenentzat; niretzat, behintzat, hunkigarria izango da. Gutako askori eta herrialde honetako iruditeria kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu».

Lau hamarkadako bidean, hamaika artistarekin ere kolaboratu du Muguruzak —Manu Chao, Banda Bassotti, Amparanoia, Albert Pla, Obrint Pas, El Columpio Asesino eta beste—, eta zinemagintzan murgilduta ibili da azken urteetan —Black is Beltza (2018), Black is Beltza II: Ainhoa (2022) animaziozko filmak eta Bidasoa 2018-2023 (2023) dokumentala ditu lanik berrienak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.