Fermin Leizaolak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Etnografoak urteetan egindako «lan paregabe eta emankorra» nabarmendu du epaimahaiak

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria eta Fermin Leizaola etnografoa. EUSKO IKASKUNTZA.
Maialen Unanue
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasoko du Fermin Leizaolak (Donostia, 1943). Etnografian eta hortik harago egindako ekarpenak goraipatu ditu epaimahaiak: «Bere ekarpena ez da inolaz ere etnografiara bakarrik mugatzen. Izan ere, antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako lan ugari ere burutu ditu». Hain zuzen, artikulu ugari argitaratu zituen horiekin lotuta 1965etik aurrera. Remigio Mendibururen brontzezko eskultura bat jasoko du oraindik egun zehatzik ez duen ekitaldian.

Etnografian eta ondare materialean aditua da. 1958an sartu zen Aranzadi zientzia elkartearen historiaurre sailean. Gainera, espeleologia ere landu zuen, baina «barrunbeak esploratzea, artzain, abeltzain eta baserritarren bizimoduak aztertzea bezain presazkoa ez zela konturatu zen».

Leizaolak eskuratu zuen 1975ean abiatu zen Jose Miguel Barandiaran Ikerketa Saria, Artzaingoa Euskalerrian Gaur Egun lanarekin —Euskalerriko artzaiak izenburuarekin argitaratu zen—. 1970eko hamarkadaren bukaera aldera, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiteko proiektua diseinatu zuen, eta euskal geografiako euskalki eta lekuko hizkerak bildu eta aztertu zituen taldea koordinatu eta zuzendu zuen.

Leizaolak hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren fondo etnografikoen bilduma: «Horren emaitza da Zaharkiñak proiektua (1989-2004), Euskal Herriko inbentario etnografikoa egitea helburu zuena, eta, neurri handi batean, ahaztuta zegoen eta ezezaguna zen ondareari balioa eman ziona».

Epaimahai zabala

Pare bat sari jaso zituen Leizaolak 2009an. Gipuzkoako aldundiak emandako I. Ondare Saria izan zen bat, eta Aranzadik emandako Urrezko Domina, bestea. Aranzadiren Etnografia departamentuko zuzendaria da Leizaola, baita Munibe. Antropologia-Arqueologia aldizkariaren komite zientifikoko kide ere. Euskal etnografian aditua izanik, hitzaldi ugari eman ditu Euskal Herrian eta kanpoan, eta kongresu eta sinposio ugaritan parte hartu du.

Hiritar talde batek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute Leizaolaren izendapenean. Hiritarrei dagokienez, Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, eta Euskal Komunitate Globalarenak %10: «Aipatzekoa da aurtengoan %10 igo dela jendearen parte hartzea, sariak euskal gizartean gero eta garrantzi gehiago duela erakutsiz». Gainontzekoa, epaimahai instituzionalaren esku egon da, eta hainbat erakundek osatu dute: Eusko Ikaskuntza bera, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi zientzia elkartea, Labayru fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran fundazioa, Euskal Kultur Erakundea eta Vianako Printzea erakundea.

1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria, Euskal Komunitate Globalarentzat «ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana» egin duten pertsonei aitorpena egiteko asmoz. Ordutik, hainbat lagun saritu ditu, besteak beste, Jorge Oteiza, Jose Miguel de Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Ignazio Telletxea Idigoras, Jose Maria Jimeno Jurio, Eugene Goienetxe, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Menchu Gal, Antxon Agirre Sorondo, Joan Mari Torrealdai eta Manuel Lekuona bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.