Fermin Leizaolak 521 objektuko dohaintza egin dio Gordailuari

Bere bildumako material etnografikoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroaren esku jarri ditu etnografo donostiarrak

Hainbat objektu erakutsi zituzten atzoko agerraldian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Erredakzioa
Donostia
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Fermin Leizaola (Donostia, 1943) duela 50 urte baino gehiago hasi zen material etnografikoa biltzen, ikerketarako grinak bultzatuta. Bizimodu tradizionalaren lekukotzak dokumentatzeko eta biltzeko nahiak eraman zuen baserri eta bordetako objektuak jasotzera, eta mila objektutik gorako bilduma du Aranzadi zientzia elkartearen zaintzapean. Orain, 521 objektu etnografiko dohaintzan eman dizkio Gordailuari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroari. Erabakiaren berri atzo eman zuten Leizaolak berak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Juantxo Agirre Aranzadiko zuzendariak, Donostian egindako agerraldi batean.

Askotariko objektuak daude etnografoak dohaintzan emandako bilduman, denak ere «bizimodu tradizionalaren testigantza baliotsuak, desagertzear daudenak», agerraldian adierazi zutenez. Tartean daude, besteak beste, altzariak, laborantzako lanabesak, saskiak, ale neurgailuak eta argizaiolak. «Objektu hauek dokumentazio eta katalogazio lan handia dute atzean. Objektu bakoitzak etiketa eta fitxa bana ditu, argazkiarekin eta identifikatzeko beharrezko informazioarekin. Aranzadi zientzia elkartea arduratu da pieza bakoitza dokumentatzeko lan hori egiteaz», azaldu zuen Leizaolak.

Material hori guztia Etnografia Laborategitik pasatuko da Gordailura eraman aurretik. Bertako katalogoak Fermin Leizaola funtsa sortu du orain, objektuak zentroan hartzeko. Bakoitza erregistratu eta dagokion fitxa osatu ondoren, QR kode bat ezartzen zaie, pieza bakoitza non kokatuko den zehazteko. Halaber, biltegietan sartu aurretik, materia organikoa duten objektuek anoxia prozesu bat pasatzen dutela ere azaldu zuten, «xilofagoek edo bestelako agente patogenoek eraginik ez dutela bermatzeko».

Leizaolari eskerrak eman zizkion Harkaitz Millan diputatuak, bai bere bildumaren balioagatik, eta bai «gipuzkoar guztien ondare publikoari egindako dohaintzagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.