Fermin Etxauri galerista iruindarra zendu da

Anaia Miguel Etxauriri eta bere obra artistikoari estuki loturik egin zuen bidea batik bat, eta galeria, erakusketa eta egitasmo ugari bultzatu. Dekorazioa zuen ofizio. 89 urterekin hil da.

Miguel Etxauri eta Fermin Etxauri anaiak, artxiboko irudi batean.  BERRIA
Miguel Etxauri eta Fermin Etxauri anaiak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko apirilaren 8a
09:45
Entzun

Artearentzako aterpeak sortzea izan zuen tema bizialdian Fermin Etxaurik (Iruñea, 1934 - 2024). Edukitzea margolanak non paratu, non jarri ikusgai, non bihurtu miresgarri hobekien. Dekoratzailea zen ofizioz, baina batik bat galerista izatearekin dute ikustekoa hark urteetan hartutako zientoka erabakik eta emandako pausok. Eta, gainera, horiek guztiek utzitako ondarea nekez uler daiteke haren anaiari erreparatu gabe. Zazpi urteren aldea zuen Miguel Etxauri artistarekin (Iruñea, 1927), eta, hain justu, anaia zaharraren obra jendeari hurbildu nahia oso agerikoa da galeristaren egitasmo askotan, biek elkarrekin sortutako Miguel Etxauri izeneko fundazioan batez ere. 89 urterekin zendu da Fermin Etxauri, sorterrian. 

Zuzenbide ikasketak abiatu zituen gaztaroan, eman zituen zenbait urte horretan, baina, azkenerako, ikasteari utzi zion, dekorazioari heltzeko. Ezagun dira, hain zuzen, Etxaurik Iruñeko hainbat eraikin eta egoitza inportantetan eginiko dekorazio lanak: hala nola Iruña kafetegikoa eta lehenbiziko parlamentukoa. Bestalde, Etxauri izan zen Nafarroako Dekoratzaileen Eskolako sortzailea eta aurreneko lehendakaria. 

Galerista gisara, Miguel Etxauri fundazioaren bidez eginak ditu nabarmenenak ibilbidean. Haren sorreran nabarmendu zutenez –2010an–, hiru dira fundazioaren asmoak: Miguel Etxauriren figura aldarrikatzea, hiriko erdiguneko eskaintza kulturala indartzea eta sortzaile gazteak laguntzea. Sorreratik urtebetera egoitza bat ireki zuten Iruñeko Alde Zaharrean, bertan zabaltzeko erakusketak. Edonola ere, Fermin Etxauriri frankotan zaio aitortua «aitzindari» izana, ez zoriz. 1974an Iruñeko Parke15 arte espazioa zuzentzen hasi zen, eta 1984an sortu zuen galeria propioa –Fermin Etxauri galeria–. Sona handiko artisten lanak jaso ditu galeria hartan eginiko erakusketetan: Eduardo Txillida, Pablo Palazuelo eta Joan Miro, esaterako. Baita anaia Miguelenak ere, frankotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.