Euskal Herriko artista berrien biltzarra da Inmersiones jaialdia, eta, 2008az geroztik, urtero antolatzen dute Gasteizen; sormen munduan hasiberriak direnak ezagutarazteko eta elkarri erakusteko dakitena. Hamazazpigarren aldia izango du aurten, eta Feministaldia kultur jaialdi feministarekin elkarlanean antolatuko dute. Bi jaialdien arteko senidetzearen bitartez, «segurtasun, maitasun eta erresistentzia gune bat» sortu nahi dute, «elkar ikusteko gune bat», Leire San Martin Feministaldiko koordinatzaileak azaldu duenez. Lehen aldia da bi jaialdiak elkarrekin aritzen direla.
Abenduaren 14an egingo dute Inmersiones biltzarra, Gasteizko Zas Espazioan, baina aurrez jaialdi bat ospatuko dute, azaroaren 27tik 30era, toki berean. Hemeretzigarren aldia izango du, berriz, Feministaldiak, eta azaroaren 27tik 30era egingo dute, Donostian. Topaketen aurretik, azaroaren 20an, «hitzaurre» moduko bat ere antolatu dute.
Topaketa biek lelo bera izango dute aurten: Agur eta ciao. Goiburu horrekin, Inmersiones eta Feministaldia jaialdiek keinu bat egin nahi diote elkarri, biek ala biek aurten jorratuko duten gai nagusiari erreferentzia eginez: agurtze protokoloei erreparatuko diete, bai eta harrera edo agurren ostean izaten den horri, topaketa berari alegia. «Euskarazko agur hitzak eta italierazko ciao-k, gauza bietarako balio dute, harrera egiteko eta adio esateko», azaldu du San Martinek. Premisa horretatik abiatuta, Inmersiones topaketaren aurtengo aldiak bidea emango die topatzearen ideiari, agurtzeko protokoloei, loturei, eta ideia horien jiran mugitzen den guztiari: «Kaixo esatea eta agur esatea, doluak, desadostasunak, zer gertatzen den topatu ezin garenean, edo topaketa bortitza, hierarkikoa edo suntsigarria denean... Horri helduko diogu».
Bi jaialdien arteko lankidetzak Inmersionesen kartelaren diseinuan ere izan du isla. Andrea Ganuzak Feministaldirako egindako diseinutik abiatuta ondu du Ibon Saez de Olazagoitia artistak Inmersiones jaialdirako irudia.
Izena ematea
Jadanik ireki da Inmersiones jaialdian izena emateko epea, eta azaroaren 10era arte zabalik egongo da. Euskal Herrian bizi, ikasi edo lan egiten duten sortzaile, ikertzaile eta bitartekari orok parte hartu dezake, betiere proposatutako gaiarekin lotura duten lanak aurkeztuta. Bi modutan parte hartu daiteke jaialdian. Batetik, topaketa publikoaren modalitatean izena emateko aukera dago, eta, hartarako, hitzaldi formatuko esku hartzeak edota pieza eszenikoak eta performanceak aurkeztu daitezke.
«'Kaixo' esatea eta 'agur' esatea, doluak, desadostasunak, zer gertatzen den topatu ez garenean, edo topaketa bortitza, hierarkikoa edo suntsigarria denean... Horri helduko diogu»
LEIRE SAN MARTINFeministaldiko koordinatzailea
Badago parte hartzeko beste formatu bat ere: Lagun bati esan izenburupean, atea zabaldu nahi diote pertsona ezberdinen arteko topaketak egiteko aukerari. Cristina Arrazola-Oñate Inmersiones kultur elkarteko buruak azaldu duenez, «hitz egiteko gonbidapen bat» egin nahi diete artistei, sortzaileen arteko elkarrizketak sustatzeko, aurpegi berriak harremanetan jartzeko, edo «miresten» diren artistak ezagutzeko parada eskaintzeko.
Epaimahaiak azaroaren 18an jakinaraziko du lan guztien artean nork irabazi duen, eta proiektuak abenduaren 14ko biltzarrean aurkeztuko dituzte.
Yun Ping, eskoletan
Arte garaikidea gazteei hurbiltzeko asmoz, berriz, ikasleekin tailerrak antolatu dituzte Inmersiones jaialdiaren barruan. Hala, Yun Ping argazkilari, artista bisual eta performerrak sormen proposamen eta ekintza batzuk egingo ditu ikasleekin datorren astean Gasteizko zenbait eskolatan. Lantegi horiek Agur eta ciao leloaren inguruan ardaztuko dira; zehazki, orla-argazkilaritza landuko dute, «bizitzako hezkuntza aro bati agur esateko balio duelako».