Haize-Arrosa Berrizko (Bizkaia) taldeko kide guztiek ibilbide luzea izan dute hainbat musika proiektutan. Alde batetik, Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania abeslariak Ene Bada taldean aritu ziren hamar urtez. Bestetik, David Vallejo bateria jotzaileak, Peio Agirre baxu jotzaileak eta Marcos Murillo gitarristak esperientzia anitz izan dituzte hainbat estilotan eta proiektutan. Orain, berriz, elkartu eta lehen diskoa kaleratu dute boskote gisa: Ez dogu zor ezer (Baga Biga).
Aniak kontatu du nola batu ziren taldekideak Haize-Arrosa sortzeko: «Urte askoan hainbat musika proiektutan ibilitakoak gara denok, bakoitza bere aldetik. Behin elkartu ginen kafe baten inguruan, eta konturatu ginen pertsona eta musikari helduagoak ginela, eta oso argi geneukan zer esan nahi genuen, eta zer ez, eta hortik jaio zen proiektu hau».
Taldeak daukan aniztasunak eragin handia izan du album hau osatzeko orduan. Boskoteak estilo ugari landu ditu hamar abestietan: folk-rocka, afrobeata, electro-triki-popa eta pop-rocka, besteak beste. «Inongo helmugarik gabe jaiotako talde bat da Haize-Arrosa, eta horregatik sortu ditugu hain kanta ezberdinak, estilo ugaritakoak, momentuan sentitu genuelako hori adierazi nahi genuela», azaldu du Aniak. Eta Gorritxategik gaineratu du: «Ez dugu bilatu gehiago salduko den estilo bat, sentitzen dugulako ez dugula zor ezer, eta nahi dugun musika egin nahi dugulako».
Emakumeak goraipatzea
Nahiz eta estilo asko nahastu, albumak helburu bakar bat du: emakumeak goraipatzea. Asmo hori agerian dago albumeko abesti guztietan. Hitzak ikuspegi feminista batetik idatzitakoak dira, eta gogoeta sustatzen dute. Ania: «Guretzat oso garrantzitsua izan da eman nahi izan dugun mezua, eta, horregatik, garrantzi handia eman diegu letrei. Uste dut gure kantek oso mezu indartsua daukatela».
Gorritxategik azaldu duenez, albumak emakume baten bidea deskribatzen du. Hamar abestien bitartez, taldeko abeslariek eta emakume guztiek bizi eta pairatu dutena plazaratu nahi izan du boskoteak, bizipen horiek diskoaren protagonistarengan islatuta. Abesti bakoitza egoera mota batez ari da. Esate baterako, Ez abestiarekin, zeina lau hizkuntzatan idatzi baitute, adierazi nahi izan dute ezetz beti ezetz dela. Era berean, Ez dogu zor ezer diskoko azken abestiak edertasunaren inguruko kanonak kritikatzen ditu.
Laguntza eta ekarpen kultural asko jaso ditu Haize-Arrosa taldeak Ez dogu zor ezer egiteko. Bai abestiak konposatzeko, bai bideoklipa grabatzeko, zenbait euskal musikari, idazle eta bertsolarik hartu dute parte: Miren eta Xabier Amuriza, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo Abarkas, Unai Iturriaga eta Miren Agur Meabe izan dituzte, besteak beste, kolaboratzaile diskoa osatzeko prozesuan. Itziar Ituño ere agertu da Ez dogu zor ezer abestiaren bideoklipean.