Bertsolaritza

Feminismoaz gogoeta, bertso eskola moldean

Bigarren urtez jarraian, gizonentzako bertso eskola feminista antolatu du Bertsozale Elkarteak. Gizon izateko moduez, pribilegiodun gisa bertsolaritzan duten kokapenaz, botere harremanez, genero gaiez eta abarrez hausnartu dute.

Jon Martin kantuan, gizonentzako bertso eskola feministako saio batean. XDZ.
Miren Garate.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Amaitu du bigarren ikasturtea gizonentzako bertso eskola feministak. Hilean behin, larunbat goizetan, hamar laguneko taldea elkartu da Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxean, feminismoak planteatzen dituen hainbat gai eta ikuspegi elkarrekin hausnartzeko. Bertsozale Elkarteak martxan jarritako egitasmo bat da, eta emakume bertsolarientzako Ahalduntze Bertso Eskolako esperientzia eta metodologia hartu dituzte oinarritzat.

Atal teorikoa izaten dute aurrena saioek: gonbidatu baten laguntzarekin, gai jakin bat lantzen dute, hitzaldi baten edo bestelako dinamiken bidez. Ondoren, zati praktikoan, generoak zeharkatzen dituen gaiak emanda, bertsotan egitendute. Hurrengo urratsa izaten da bertsoaldi horietan bertsolariek eta entzuten dauden kideek izandako sentipenak edo iruzkinak taldean partekatzea, gaitik edo bertsoetatik abiatuz.

Jon Martin izan da bertso eskolako kideetako bat. Bigarren urtea zuen hau, gainerako guztiek bezala, denek errepikatu baitute. Feminismoak «interes handia» eragiten diolako eman zuen izena bertso eskolan, eta erantzun batzuk bilatu nahi zituelako ere bai, nahiz eta azkenean erantzunen ordez galdera gehiago sortu. «Etengabeko gogoeta bat da bertso eskola hau».

Gizonera batutik aldentzen

Saioz saio, hainbat gai izan dituzte esku artean. Heteropatriarkatuak eta sistema kapitalistak ezarritako gizon izateko modua izan da horietako bat. «Kontziente izan behar dugu hori ere presio sozial batzuen ondorio dela. Ez emakumeen neurri berean, baina gu ere moldekatuak izan garela, Ane Labakaren Algara mutilatuak liburuan ageri den bezala, mutilatuak». Estitxu Eizagirrek, berriz,bertsolaritza gizonera batuan egin izan dela aipatzen du. «Eta esango nuke baietz, hala dela, baina gizonezkook ere ez dugula zertan gizonera batuan egin». Bertso eskola feministan beste arlo batzuk esploratzeko «konplizitate uharte» bat daukatela dio.

«Pribilegiodun eta zapaltzaile gisa»gizartean eta bertsolaritzan nola kokatzen diren ere aztertu dute, desahalduntzeko zein modu egon daitezkeen ikusteko. Gogoeta horrek ekar dezakeen ondorio praktiko sinple bat aipatu du: «Adibidez, puntuka jarduten dugunean emakumezko batekin, jakitea kantaeraren tonua zein izango den hitz egin behar dugula, eta ez dugula gurea ezarri behar». Maskulinitate sanorik existitu ote daitekeen edo guztiz berria den zerbait sortu behar ote den da esku artean dituzten beste hausnarketetako bat. Era berean, botere harremanen gaia ere sarri atera zaie: gizonek emakumeekiko duten botere harremana, gizonen artekoa eta oholtzan eskarmentugatik eta abarrengatik egon ohi dena.

Martinen ustez, gizonentzako bertso eskolan egiten ari diren gauzarik interesgarrienetako bat gaien detekzioa da. «Sekula plazan kantatu ez ditugun gaiak ari gara deskubritzen». Deserosotzat jo ditu horietako batzuk, beren pribilegioei buruzkoak direlako. Aldiz, beste batzuek normatiboak ez diren gaiei buruz kantatzeko aukera ematen dietela esan du. «Aita izateari buruz kantatu dugu bertso eskolan, baina gure artean eredu ezberdinak daude: aita biologikoak, harrerakoak, bikotekidearen haurrarekin bizi direnak. Normalean plazetan ez dira dimentsio horiek ateratzen, eta galdetu behar genuke zergatik».

Plazara begira, gizonen bertso eskola feminista, besteak beste, inertziak alde batera uzteko eta arriskuak hartzen laguntzeko izan daitekeela baliagarria uste du.Gai arrunt asko generoak zeharkatuta egoten direla azaldu du. Adibidez, atera daiteke, agurtzerakoan, seme-alabek amari musu eman diotela eta aitari bizkarrean kolpe bat. «Seguru asko, inertziaz, umorez hartuko genuke, baina zergatik ez hartu serio? Planteatu dezakegu gure gurasoek afektua adierazten ez zutela bereziki ondo ikasi, eta guk ere eredu hori errepikatu behar dugun edo eten egingo dugun katea».Beste batzuetan, berriz, kontrakoa egin daitekeela dio: «Zergatik ez barre egin gure gizon izan behar eta heterosexualitatea demostratu behar horri?».

Zalantza batzuk

Izaten dituzte norabideari buruzko zalantza batzuk ere. «Ez dago eredu askorik; ezin dugu kopiatu. Gu ari gara jorratzen bidea, eta batzuetan ez dakigu ondo ari garen edo denbora galtzen ari garen». Beren buruentzat baliagarri sentitzen dute egiten dutena, baina hortik aurrera noraino irits daitezkeen ez dakiela esan du.

Uste du Ahalduntze Bertso Eskolak ahalduntzeko aukera eman diela emakumeei; alabaina, dioenez, oro har gizonezkoek ez dute hori behar, aldatu beharreko gauza asko ikusi arren gizon gehienak nahiko eroso daudelako. «Beste zerbait izan behar du gure bertso eskolak». Zalantzak zalantza, gauza bat argi du Martinek: «Bertso eskola oso sistema egokia da norbere buruari buruz eta norbere jokaerei buruz hausnarketa egiteko».

Bigarren ikasturtea amaitu berritan, balorazio ona egin dute parte hartzaile eta antolatzaileek. Aurrera begirako helburuak ere jarri dituzte, eta datorren ikasturtean ere gizonentzako bertso eskola feminista antolatzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.