«Marea erretiratzean itsasoak uzten duena: hori ikusten du idazleak». Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberriko hitzok erabili zituen Najat El Hachmi idazleak bere jarduna azaltzeko. Bilboko Liburu Azokaren harira, literaturaren inguruko saioak antolatu dituzte Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta Jaiok eta Hachmik eman zuten lehenbiziko hitzaldia, herenegun: Emakumea, immigrazioa eta konpromisoa. Argitaratu dituzten azken liburuetatik abiatuta Aitaren etxea (Elkar, 2019) eta Dilluns ens estimaran (Edicions 62, 2021), hurrenez hurren, errealitateari heltzeko dituzten ikuspuntuetan sakondu zuten: oro har, feminismoa aipatu zuten irizpide gisa, eta, zehazki, zaintza lanak agertzeko beharrean jarri zuten arreta, eta maskulinitate eredu berrien hausnarketan, Idoia Jauregi kazetaria moderatzaile zutela. El Hachmik emakume migratzaileen ahotsa ere nabarmendu zuen, haren literaturaren oinarria baita.
«Nire idazketa prozesuan, zatituak izan diren munduak berrosatzen saiatzen naiz, hala nola gizonena eta emakumeena, edota hemengoa eta kanpokoa». El Hachmik aipatutako ildo horrekin bat egiten du Jaioren lanak: Jasone eta Ismael senar-emazteen inguruan ardaztuta dago haren kontakizuna; gizona idazlea da, eta andrea ez, nahiz eta berak ere idazle izateko asmoa zuen gaztetan. Giza harremanak agertzen ditu, funtsean: batetik, bikotekideen arteko harremana, eta, bestetik, batak zein besteak zaintzarekin duten lotura, Ismaeli aitaren kargu egitea egokituko baitzaio.
Horiek horrela, protagonistek «prozesu» bat biziko dutela azaldu zuen Jaiok: «Konturatuz joango dira zergatik erakarri dituen bizimodu mota batek, zergatik egin dioten uko gauza batzuei... Genero baldintzatzaile batzuk daudela ere ikusiko dute, hori guztia markatzen dutenak». Hala, Jaione jabetuko da bere helburua Ismael bilakatzea zela. «Konturatuko da bizitzan beti behar izan duela gizon baten onespena egiten zuenak balioa zuela pentsatzeko. Gizonari ematen zaion autoritateak erakartzen zuen».
Era berean, El Hachmiren eleberriak gizonen eta emakumeen arteko harremanak jorratzen ditu. Bi andre gazte migratzaile dira obraren protagonistak. «Oso agerikoa den patriarkatu klasiko batetik ihes egiten ari dira, eta gizon berriak topatu nahi dituzte». Alabaina, munduaren «ikuspegi idealizatu» bat dute, autorearen arabera, eta «identifikatzeko zailagoa» den patriarkatu batekin egingo dute topo. «Auzoko gizonek berdinzale itxura dute. Azaletik eman lezake kontu batzuk konponduta daudela, baina, etxeetan eta logeletan sartzean, hor jarraitzen dute».
Adierazi zuenez, denbora behar da horren azpian dagoen «egitura» ikusteko, eta, hasieran, liburuko andreak ez dira haren presentziaz jabetuko. «Aldaketak ez dira hain azkarrak izaten. Emakumeek etxetik kanpo lan egitearen alde agertzen dira gizon batzuk: esplotazio bikoitz edo hirukoitza onuragarria zaie. Nork mantendu nahi izango du etxean lan egiten geratzen den andre bat, beste emakume horien gainetik, zeintzuek dirua ekarri ez ezik, etxeko lanak ere egiten baitituzte?». Hala ere, prozesu bat biziko dute gazteek, Jaioren eleberrian bezala. «Hazteak idealizazioak ezerezten ditu».
Zaintza, literaturarako gai
Jaiok onartu zuen Aitaren etxea-ko gaiak zehaztean —«maskulinitateak, botere harremanak...»—, bere buruari galdetu ziola: «Hor sartuko al zara?». Izan ere, El Hachmiren ustez, idazle batek «etiketatua izateko arriskua» du gai jakin batzuez jarduten badu. Zaintza lanak sartuko lirateke multzo horretan, besteak beste: gai «femeninotzat» jotzen dutenez, gizon batzuek uko egiten diote horren inguruan irakurtzeari, haiei zuzenduta egongo ez balitz bezala. «Baina gai saihetsezina da», esan zuen El Hachmik, «eta ez da kontu femeninoa, baizik eta gizaki guztiei dagokiena». Baieztapen horrekin ados agertu zen Jaio ere: «Gaiek inguratu egiten zaituzte, eta, azkenean, ez duzu beste erremediorik haietaz idaztea baino. Ez da kasualitatea».
Zaintza lanak «baloratu eta erakutsi» behar direla azpimarratu zuen idazle gasteiztarrak. «Ez dute beharko luketen zentraltasuna. Pandemian ikusi dugu zerk sostengatzen duen gizartea». Zaintzak «emakumeak zigortu» dituela ohartarazi zuen; haren eleberrian, ordea, gizon bat ere ageri da betebehar horiek egiten, eta, horren bitartez, idazleak aita-semeen harremanean sakontzen du. «Kasik debekatuta dago gizonen artean maitasuna erakustea». Esan zuenez, gizon askok «islatuta» ikusi dituzte euren buruak, aurreko eleberrietan gertatu ez bezala.
Feminismoa, literatur bahe
Karmele Jaiok eta Najat El Hachmik zaintzaz eta maskulinitateez dihardute argitaratu dituzten azken lanetan. Gai horietan sakondu dute Bilboko Bidebarrieta liburutegiko saio batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu