Feminismoa ez baita ezagutza legitimo bat

Maider Zilbeti ikerlariak ondorioztatu du arte ekoizpen feministek ez dutela izan instituzio egituretan txertatzeko ahalmenik. Arteleku eta Montehermosoren kasuak aztertu ditu bere tesian, eta liburu batean jaso

Gaur egun, Mexikoko Barne Ministerioko Berdintasun Unitateko arduraduna da Maider Zilbeti. IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Arte ekoizpen feministak instituzioetan sartzen direnean soilik ezaugarri jakin batzuekin barneratzen direla iruditzen zaio Maider Zilbeti ikerlariari (Donostia, 1977). «Instituzioari komeni zaizkionak edo instituzioa bera zalantzan jartzen ez dutenak onartzen dituzte». Arinenak? «Baliteke». Pentsatzen du instituzioek ez dituztela ontzat hartzen bere osotasunean, «arte ekoizpen feministek eskatzen dutelako instituzioen beren egitura aldatzea». Arte-ekoizpen feministak euskal testuinguru kulturalean. Arte-instituzio garaikideetako praktika. Arteleku zentroa eta Montehermoso kulturunea (UEU) liburuan jaso du bere doktorego tesia.

Artelekuk gaiari dagokionez 1997tik 2010era egindako bidea aztertu du, eta kritikatu du Donostiako arte zentroak arte ekoizpen feministei tokia egin arren inoiz ez zituela zentroaren zehar lerroetako bat egin. Montehermoso Gasteizko kulturgunea Xabier Arakistain Arakis-ek zuzendu zuenean (2007-2011) arte ekoizpen feministen eremuan «munduan erreferentea» izan zelakoan dago. «Baina bota egin zuten...». Tesiaren egileak ondorioztatu du hori gertatu zela feminismoa ez zelako, «eta ez delako», ezagutza legitimo bat. Badira ia bost urte Zilbeti Mexiko Hirian bizi dela, eta Mexikoko Barne Ministerioko Berdintasun Unitateko arduraduna da.

Nortasuna errekonozitzeko eta nortasunak sortzeko aukerak planteatzen dituzte arte ekoizpen feministek, ikerlariaren arabera. «Autoezagutza bat da, intersubjektibitate batera bideratutakoa. Eta horretara bideratuta dagoen neurrian, kritikoak izan gaitezke gure inguruan gertatzen dena eraldatzeko asmoarekin». Baina uste du arte instituzioak, garaikideak izanda ere, ezin direla kritikoak izan. «Hori ez dagokie instituzioei, ezin dute kritikotasun hori aplikatu beren egunerokoan. Beraz, arte ekoizpen feministak ezin dira horietan sartu». Eta horrek ikusgarritasun falta dakar. «Feminismoa euskal kultura garaikidetik at egon da beti».

Praktika ez-instituzionalizatuek, ordea, instituzionalizatuta ez dagoen ezagutza baterako bidea irekitzen dutelakoan dago Zilbeti, eta uste du arte ekoizpen feministen bidezko ezagutza lotuta dagoela emakumezkoaren subjektibazio prozesuarekin. «Feminismoaren ekarpen nagusietako bat da gorpuztasunaren kontzeptua. Ezagutza arrazionaletik aparte, gorpuztasunetik garatutako esperientziek ezagutza kategoria dute».

Ezagutza prozesu horiek, teoriak eta arte praktikek bat egin zuten Artelekun, Zilbetik ikertutako aroan —tesiaren egilea bera Artelekuko Zehar aldizkariaren zuzendaria izan zen 2007tik 2011ra—. «Arte ekoizpenen bidez, kritika soziala egiten zen Artelekutik». Feminismoa ez zen, baina, zentroaren egituretan txertatu, ez zuten hauspotu. «Ez zen garaia... Arte zentroak eta instituzio kulturalak ez zeuden horretarako prest; ez zegoen lehentasunen artean».

Montehermoson, berriz, Arakisen zuzendaritzapean kulturgunearen «ildo kuratoriala» ardaztu zuten arte ekoizpen feministek. «Esfera guztietan txertatuta zeuden: liburutegian, erakusketetan, horien antolaketan, hitzaldietan, kongresuetan, beketan... Artelekun ez zen hori gertatu». Montehermoso, gainera, 2007an indarrean sartutako Espainiako Berdintasun Legea ezarri zuen lehen arte instituzioa izan zen.

Ez Artelekuk eta ez Montehermosok ez zuten izan, aldiz, lotura handiegirik mundu akademikoarekin. «Montehermosok pixka bat gehiago... Halere, logika moduko bat aplikatu zen: EHUren Arte Ederren Fakultateak eskainiko zuen hezkuntza formala, eta bestea izango zen esperimentalagoa». Zilbetiri iruditzen zaio ez zela harremanak estutzeko saiakerarik egin, baina argi geratu dela arte zentroak eta fakultatea osagarriak zirela.

Rolen errepikapena

Orduko Gasteizko udalbatzaren oposizioak [EAJ], halere, Arakisen kudeaketa kritikatu zuen, espazioak errentagarritasun sozialik ez zuela adieraziz. Tesiaren egilearen irudiko, Montehermoso etekin ekonomiko-politikoetatik aldentzen ahalegindu zelako bukatu zen orduko zuzendariaren aroa.

Hain zuzen, Zilbetik nabarmendu du kultur politikez gutxi hausnartzen dela, noraezean daudela, eta 1990eko hamarkadatik aurrera inbertsio ekonomiko bihurtu direla. Pentsatzen du horrek sexuen arteko aukera-ezberdintasunak areagotzea eta emakumezkoari ezarri zaizkion rolen errepikapena dakarrela ezinbestean. «Gizarteko egitura guztiak ez baldin baditugu zalantzan jartzen, horretara goaz. Politika horiekin gainbalio ekonomikoa eta politikoa lortu nahi dira. Ikusten badugu inbertsio horiek zer artista erakartzen dituzten, zer artistaren lanak erosi... Gizonezkoak dira, gizonezkoenak. Ezagutza modu bat bakarrik legitimatzen da, eta sistema patriarkal bat erreproduzitzen ari gara». Testuinguru horretan, arte ekoizpen feministak «anekdotak» besterik ez dira, haren hitzetan. Eta, horren harira, Kepa Landa Artelekuko koordinatzaile nagusia izan zenean (2008-2009) gertatutakoa kontatu du: «Webgunea berritzea erabaki zuen. Ba, feminismoaren inguruko artxibo guztiak, are argitalpen digital guztiak, ez sartzea erabaki zen. Harentzat, hura ez zen lehentasuna».

Emakumezkoaren subjektibazio prozesuak garatzeko, Zilbetirentzat ezinbestekoa da iruditeria bat sortzea. Haren iritziz, arte ekoizpen feministek bisualitate berriak, «konfigurazio berriak» eskaini dituzte, baina gizarteak ezin izan du iruditeria hori barneratu. «Gizartean txertatuta egongo zen instituzionalizatu izan balitz». Arakis Montehermosoko zuzendaria izan zenaren hitzak bere eginez, liburuaren egilearentzat, feminismoaren aurkako erresistentzia «titanikoa» da oraindik ere. «Ematen du emakumeen ikuspuntua sartuta dagoela artean, baina feminitate tradizionala erreproduzitzen duten obrak, prozesuak sartzen dira. Hori ez da kontua, ordea: kontua da balioak aldatu nahi ditugula, egiturak, eta geure burua artearen bidez beste modu batean pentsatu nahi dugula, gure subjektibotasuna beste modu batean eraiki nahi dugula, mundu honetako gauza batzuk eraldatu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.