Agus Perez.
KRITIKA. Zirku eszenikoa

Fellini, non zaude?

2024ko martxoaren 16a
05:05
Entzun

'GELSOMINA DREAMS'

Zirku eszeniko batekin bukatu da dFeria, eta, aurtengo herrialde gonbidatua Italia izan denez, hango Blucinque konpainiari egokitu zaio itxiera emanaldiaren ohorea. Gelsomina Dreams (Gelsomina ametsak) deitu da ikuskizuna, Giulietta Massinak La strada filmean interpretatu zuen pertsonaia eztia gogoan, eta emankizuna Felliniren omenez egin ei da.

Egia esan, ez dute La strada bera eszenara ekarri —ezinezkoa bezain antzua izango litzatekeelako—, eta atmosfera malenkoniatsuan bildu dute zirku ekitaldi xumeen segida, baina film haren garraztasun latza alboan utzita. Hasiera batean, zirku zuzendari edo zeremonia maisu bat azaldu da —geroan ez da berriro agertu— ikuskizuna lauzpabost hizkuntzatan aurkeztuz. Euskaraz, ordea, ez du txintik esan. Betiko lastima!

Berak esan digunez, zirkua, dantza, antzerkia, zinema eta ez dakit zer gehiago ikusiko genuen emanaldian zehar, eta ilusio horrekin abiatu gara Felliniren unibertsora. Musika kaxa baten soinupean hasi da guztia —zer iradokitzaileagoa haren soinu delikatuak baino—, malba koloreko argiek garai bateko argazkien giroa sortzen zutelarik. Maisuaren filmetako musikak oraingo egokitzapen batzuekin eta estilo bereko sorkuntzekin tartekatu eta zuzenean interpretatu dira hainbat instrumenturen laguntzaz.

Bost gizonezkoen kaleko jantziak zuritik eta beltzetik hurbil geratu dira, nolabaiteko monokromia sortuz lanaren ikusgarritasunean, eta Gelsomina garai bateko akrobaten itxurarekin jantzi da culotte beltzez eta elastiko zuri-beltz marradunarekin gehienetan. Baina bitartean, zirku-ekinaldiak ikusteko unea ailegatu da, eta orduan hasi da agerian geratzen Elisa Mutto akrobata eta bihurrikariaren esku egongo zela pisu eszeniko ia guztia. Izan ere, haren inguruko bost gizonak betegarri lanetan ibili dira gehienbat, airetiko itzulipurdiak deskribatuz noizean behin eta dantza itxurako ariketak eginez, benetako dantza kalitaterik eduki gabe. Italiar ikusle ugariek, aldiz, hutsik egin gabe egin dute claque-arena, edozer gauza txalotuz eta proposamenaren jarraitutasuna hautsiz.

Muttok uztaian egindako ariketak birtuosoak bainoago konplikatuegiak suertatu dira —poetikoak bainoago atletikoak— eta ariketok ad nauseam baliatu dituzte beste guztiaren distira falta estaltzeko. Amaiera aldera, uztai bakarreko Cyr gurpilean gizonezko batek egindako erakustaldia maila handikoa izan da, eta akabuko film proiekzio laburra soberakoa egin zait, jada begi-bistakoa zenak ez zuelako hain azalpen espliziturik merezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.