1937ko uztailaren 16an sortu zen Felix Beristain margolari kostunbrista. Txikitandik erakutsi zituen dohain apartak, lehendabizi marrazketarako, eta ondoren margoketarako. 17 urte zituela egin zuen bere aurreneko erakusketa, Eibarren (Bizkaia), Valentin Zubiaurre margolari eta lagun minaren aholkuari jarraikiz. Urte berean, beste bi erakusketa ere egin zituen, bata Ondarroan eta bestea Bilbon. Haren dohainak ikusita, beka bat eman zion Ondarroako udalak, San Fernando Arte Ederren Errege Akademiara joan zedin ikastera, baina, diru funtsa eskas zuela eta, berehala egin zuen atzera udalak.
Ikasketa baztertu, eta lanera itzuli zen Beristain. Ez zuen, halere, margolanak erakusteko proposamenik falta izan. Tolosan (Gipuzkoa) eta Euskal Herriko beste hainbat herritan erakusketak egin ondoren, Beristain nazioartekotu egin zen. Frantzian, esaterako, hiri ugaritara iritsi ziren haren margolanak, besteak beste Bordelera, Pauera, Akizera eta Okzitaniako Tolosara; Alemanian ere egin zituen erakusketak.
Errealismo gogorra
Bere lehen etapan kostunbrismoari heldu zion bete-betean. Kostrunbrismo tristea da harena: tonu ilunak eta errealismo gogorra erakusten ditu. Horren adibide da, esate baterako, haren hainbat horma irudietako bat, Ondarroako arrantzaleen kofradiakoa: Marinel andreari omenaldia (1968). Horma irudi horren ondotik, hamar urteko etenaldia egin zuen Beristainek, eta enkarguz besterik ez zuen margotu, 1974an Bilboko Arte Galerian erakusketa bat jarri zuen arte. Horko katalogoaren hitzaurrean, halaxe mintzatu zen Juan Antonio Zubikarai, Beristainen lanez: «Muralgileak etengabe egiten duen lanari esker, hainbat material erabil ditzake. Horrez gain, espazioaren ikuskera berri bat ematen dio, eta askatasun handiagoa ematen dio. Gaiak betikoak dira, lan eszenak lehenetsiz, orain giro lasai eta solidoan bilduta. Argiak eta koloreak paleta luzea dute, urdinen eta grisen gamara ohitua».
Beristain azken euskal kostunbristatzat jotzen da, baina beste estilorik ere landu zuen: esate baterako, abstrakzioa, hiperrealismoa eta postkubismoa. Azken estilo horrek, hain zuzen, aukera berriak zabaldu zizkion arrantzaleen jantziak eta ingurunea lantzeko.
Ondarroako paisaia landu zuen bereziki, baina bestelakorik ere margotu zuen, betiere bidaiei lotuta. Tartean dira Gaztelan, Londresen, Venezian, Portugalen eta Marokon margotutako lanak. Danubiotik gora egindako itsas bidaia batean Moldaviako lurrak ere deskubritu zituen, baita errumaniar jendeen plastikotasuna ere.
1981ean Jujuyra (Argentina) joan zen bizitzera, eta Arturo Acebal Idigoras pintoreak berrogei urte lehenago egindako ibilbidea egin zuen; han inoiz ez bezala landu zuen paisaia generoa.
Bere azken 30 urteak Arabako Sarrian eman zituen, Zuia herrian.