«Harrotasunez esan dezakegu agertokian harekin batera egoteko zortea izan dugula». «Atsekabe handiz» eman du BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak Felix Aio (Sestao, Bizkaia, 1933-Erroma, 2023) biolin jotzailearen heriotzaren berri. Makina bat aldiz aritu zen oholtzan haiekin, eta 2008. urtean eman zuten azken kontzertua elkarrekin. «Haren grabazioak eta ikasleei urte luzez helarazitako ezagutzak gordeko ditugun arren, hutsune handia eta betirako aztarna utziko du gure orkestran». Herenegun hil zen musikaria, 90 urterekin.
Oso gazte zela amaitu zituen musika ikasketak Bilboko Kontserbatorioan. Hainbat hiritan jarraitu zuen gerora musika ikasketekin: Parisen, Sienan eta Erroman. 1952an, I Musici taldea sortu zuen beste hainbat musikarirekin batera, eta hamasei urtez aritu zen talde horretan bakarlari gisa. Aurrerago, Europako hainbat herrialdetan hasi zen jotzen, Ganbera Musikarekin. 1970ean, Quartetto Beethoven di Roma taldea sortu zuen, «munduko laukoterik onenetako bat», BOSen iritziz. Musika eskolak ere eman zituen Kanadan, Australian, Danimarkan, AEBetan, Espainian, Italian, Alemanian eta Japonian, eta epaile ere aritu zen, munduko biolin lehiaketarik garrantzitsuenetako batzuetan.
Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, hala nola Biolin Sari Berezia, Italiako Kritikaren Saria, Kritika Diskografikoaren Saria eta Diskoaren Sari Nagusia.