«Hitz gutxi daude faxismo hitza bezainbeste erabiltzen direnak eta era berean hain gutxi ulertzen». Askorentzat, faxista etiketa irain bat besterik ez da gaur egun, Mike Taber eta John Riddell historialarien esanetan. Horregatik da egokia, besteak beste, Clara Zetkinen obra berreskuratzea, hura izan zelako faxismoa aztertzean elementu politiko berri batzuez aritu ziren lehen pentsalarietako bat, Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko editoreak azaldu duenez. Faxismoaren aurka borrokan liburua argitaratu berri dute, euskarara itzulitako Zetkinen lehen lana; «aktualitate handiko gai bat, testu klasiko batzuen aitzakiarekin».
Liburuaren azpititulua nabarmendu du Maialen Berasategi Catalan itzultzaileak: Nola aurre egin eta nola irabazi. «Gustatzen zait Zetkinek, analisi hutsetik harago, proposatzen duela bere ustez zer bide diren inportanteak faxismoa garaitzeko, eta oso modu konkretuan». Faxismoari politikoki aurre egiteko neurriak zerrendatzen ditu liburuko pasarte batzuetan. «Ez da gelditzen salaketa hutsean; esaten du: 'Inportantea da langileen autodefentsa, batasuna; liderrok fidagarriak izan behar dugu; erakutsi behar diegu langileei kapaz garela, ez ditugula salduta utziko'».
Sarritan esaten da historialariek ez dutela nahikoa nabarmendu Zetkinen izena eta lana, nahiz eta Europa ekialdean izan duen «irudi bat», Etxarteren hitzetan: agertu da zigiluetan, egon dira haren izena zeramaten kaleak, eraikinak, erakundeak... «Baina beti egon da pertsonaia handiagoen itzalean».
Ardura handiak izan zituen hainbat erakundetan, eta haren ekoizpen intelektualaren moldeak garaian garaiko borrokek eta militantziak eskatzen zituzten testuekin lotuta daude: gutunak idatzi zituen, erredaktore aritu zen, kongresuetarako txostenak egin zituen, eztabaidetarako testuak... «Orrialde asko idatzi, eztabaidatu eta pentsatu zituen, bereziki erreforma iraultza gaiari buruz eta emakumeen askapenari buruz», azaldu du Etxartek.
Zetkin 1857an jaio zen, Konigshain-Wiederaun (Alemania), eta 1933an hil, Moskun, 75 urterekin. «Bere belaunaldiko asko baino gehiago bizi izan zenez, haren bidez hitz egin daiteke XIX. mendearen azken hereneko politikak eta iraultzak zeuzkan erronkez, eta XX. mendearen lehen heren osoari buruz», esan du Etxartek.
Editorearen hitzetan, «sozialdemokrazia zen etxe handi horren barruan», korronterik iraultzaileeneko kidea izan zen Zetkin: «Iraultzaren alde, erreformaren aurrean; emakumeen askapenaren alde, horretaz arduratzen ez zen taldearen aurrean; gerraren kontra, gero gerra kredituak onartuko zituztenen aurrean; inperialismoaren eta kolonialismoaren kontra, garai hartan sozialinperialismoa deitzen zitzaion horren aurrean».
Txostenen testuingurua
Faxismoaren aurka borrokan liburuan, testu printzipal bat dago: Zetkinek 1923an Internazional Komunistaren Batzorde Exekutiboaren III. Kongresuan egindako txosten bat eta ebazpen bat. Gainera, badira beste zati batzuk, horren osagarri: batetik, Zetkinen beraren beste txosten bat eta ebazpen bat, 1923an bertan Frankfurten irakurri zituenak (Alemania), gerraren eta faxismoaren kontra antolatu zuten nazioarteko konferentzia batean.
Tabber eta Riddell apailatzaileek idatzi dute sarrera, eta Ridellena da hitzostea ere: «Bereziki ardatz du bere ikuspegitik azaltzea nola aritu zen Zetkin lanean jo eta su langileen batasun fronte bat eratzearen alde», kontatu du Berasategik. Horrez gain, Katakrak argitaletxeak hitzaurrea egin du. Bukaera-bukaeran, pertsonaien eta erakundeen nor da nor bat ipini dute, liburuan ageri diren izen guztien gida moduan.
Etxarteren ustez, Zetkinen eta bi historialarien hitzen bidez, ikus daiteke garai hartan faxismoari buruzko hiru irakurketa egin zituztela, gutxienez: «Italian, komunistak izango direnek pentsatzen dute segituan bukatuko dela. Alemaniako komunistentzat, sozialdemokratak sozialfaxistak ziren: gauza bera zen Hitler eta sozialdemokrazia. Eta [Iosiv] Stalinek [Georgi] Dimitrovena hobetsi zuen: 'Faxismoa da kapitalismo okerrena; beraz, elkartu gaitezen faxista ez diren guztiekin. Iraultzak itxaron dezala: garai dezagun faxismoa lehenago'».
Zetkinen hipotesia ez zen horietako bat ere; izatekotan, azken bien arteko konbinazio bat, Etxartek esplikatu duenez: «Afera ez da iraultza etetea, baina sozialdemokratak ere ez dira faxistak». Haren hipotesiak ez zuen babes askorik lortu, ordea: «Iraultzen ostean, Zetkin izen oneko pertsonaia bat izan zen, baina askorik entzun ez dena».
Hitzak iraun egin du
Ordura arte ezagututako diktadura militarretatik bereizten zuten elementu berriak sumatu zizkion Zetkinek faxismoari, eta horiek xehe aztertu zituen bere testuetan: «Langile jendearen artean zer sinpatia sortzen duen, zer gertatzen den jende horrekin, begi puntuan jartzen dituela ahulenak...». Eta molde horien isla ikusten du Etxartek gaur egungo eskuin muturraren jokaeretan: «Estrategia diskurtsibo askok haien antz handia dute, forma garaikideetan izan arren: promesak egiten zaizkio jende xeheari, baina ez dago jende handia gainetik kentzeko inolako planik».
Eta eskuin mutur horrek ere ez du bere burua faxistatzat edukiko: «Are gehiago, haiek ere erabiliko dute besteak iraintzeko eta menosteko». Etiketa eduki politikoz betetzen lagun lezake Zetkinek.
Faxismoa ulertu, aurre egiteko
Katakrak argitaletxeak Clara Zetkinen testu batzuk bildu ditu 'Faxismoaren aurka borrokan' liburuan, Maialen Berasategik euskaratuta. Testu nagusiak 1923ko bi txosten dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu