'FAUSTO, HERRITAR
EREDUGARRI'
Deabruarekin egin zuen tratua Faustok, arima mugarik gabeko jakintzarekin trukatuz. Hitzarmenak, ordea, ez zion zoriontasunik eman. Horixe da elezahar alemaniar ezagunak kontatzen duena. Bekatuak, epaiak eta infernua tarteko.Galder Perezek mitoa hartu, eta gaur egunera ekarri du Fausto, herritar eredugarri obraren bitartez. Bertsio berrituan, kartzelan dago Fausto protagonista, eta Madame Demokraziarekin ezkontzea onartuko du, «ongizatearen bidean» lerratzeko. «Ereduzko herritar» izateko bide «ilun, haluzinagarri, elektroniko, arriskutsu eta atzera bueltarik gabekoa» kontatzen du lanak.
Obra klasiko batetik abiatzen bada ere, berrikuntza du ardatz: hip hop doinuak, musika elektronikoa, aktoreak, idazleak, DJak, rap egileak... nahas-mahasean oholtzaratuko dute dena. Haatik, ordenatutako kaos bat da konbinazioa, eta horixe da, hain zuzen, helburua: diziplina anitzeko emanaldia eskaintzea. «Antzerki panfletoa, kontzertua, deskontzertua, komedia, tragedia eta performancea» egitea. Era berean, hausnarketarako bide eman nahi du. «Denok bizi gara preso». Horixe sortzaileen premisa. «Demokrazia faltsu baten nora ezean itota» dago gizakia, baina hark eman zion sistemari baimena, «ongizatearen fabula» sinetsita. Kritika soziala eta parodia uztartu dituzte egileek. Estreinaldia urtarrilaren 29an izango da, Donostian, Antzoki Zaharrean. Gero, Burlatan (Nafarroa), Gasteizen, Gernika (Bizkaia) eta Bilbon izango da ikusteko aukera.
'GOSARIAK'
«Dantza egiteko modu asko daude, iraultza egiteko modu asko dauden bezala». Gose taldeko Ines Osinagak hala definitu du Gosariak proiektuaren aniztasuna. Eta ez da gutxiagorako. «Unibertso bat» osatu baitute Gose taldeko kideek Joseba Sarrionandia idazlearekin eta Juan Luis Goikolea eta Iñigo Arregirekin batera. Sarrionandiak idatzi ditu abestietako hitzak, eta taldeak musikatu ditu. Goikoeleak eta Arregik, berriz, irudiak egin dituzte batasuna ilustratu nahian.Orain, zuzenean erakutsiko dute emaitza, makina bat kontzertu eskainiz, «irudiek eta kantek elkar limurtzeko». Hilaren 22an izango da lehenengo emanaldia, Bilboko Guggenheim museoan. Aurrerago, Eskoriatzan (Gipuzkoa), Donostian, Hendaian (Lapurdi), Gasteizen, Igorren (Bizkaia) eta Iruñean taularatuko dute.
'BERTSOLARITZAREN
SEKRETUAK'
XIX. mendera bueltan eraman nahi ditu ikus-entzuleak Bertsozale Elkarteak Bertsolaritzaren sekretuak emanaldiaren bitartez. Zehatzago esateko, orduko emakumezko bertsolarien ingurua islatu nahi du, bazeuden-eta garai hartan ere plazetan ibiltzen ziren emakumeak, dokumentazio gutxi heldu bada ere. Hala azpimarratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langile Jokin Labaienek.Itzalpean geratutako historia zati hori argitara emateko asmoz diseinatu dute emankizuna, izan ziren haiei «ahotsa emateko eta gaiaren inguruan hausnartzeko». Bertsoa erdigunean egongo da, baina ez da hori bakarrik izango: narrazioek eta musikak ere hornituko dute. Hernanin (Gipuzkoa) estreinatuko dute, otsailaren 22an. Iruñean eta Mungian ere (Bizkaia) plazaratuko dute.
Horrez gain, aurten ere Bertso Korrikari ekingo diote. Tokian tokiko bertso eskolek eta euskaltegiek saioak antolatuko dituzte euskaldun berrientzat. Orotara, 29 bertso eskolak hartu dute parte prestakuntzan; 120 bertsolarik baino gehiagok kantatuko dute, eta 30 lagun ariko dira gaiak jartzen.
'HOR DAGO ARDOA'
Enologiak ere izango du bere tokia,«artez jantzitako ardo dastaketa» prestatu baitute, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Zuzeneko musikak lagunduko du edaria, baita antzezpenek eta margolanek ere. «Esperientzia integrala» izango da, antolatzaileen irudiko. Gainera, bi antzezle egongo dira zerbitzari, kantari, poema egile eta zirikatzaile lanetan, emanaldia are dinamikoagoa izan dadin.Nafarroako eta Arabako ardoaketa Gipuzkoako eta Bizkaiko txakolinak zerbitzatuko dituzte. Errenterian (Gipuzkoa) dastatuko dute edaria aurrenekoz, martxoaren 5ean, ostegunarekin. Zallara (Bizkaia), Gasteizera eta Lizarrara (Nafarroa) eramango dute dastaketa aurrerago.