Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Hurrengo faseari ekiteko prest da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Udan atsedenaldia egin ostean, badator berriro Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa; final zortzirenen txanda izango da. Lehenengo saioa gaur izango da, Urretxun. Besteak beste, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar eta Mikel Iturriotz arituko dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen jaia, pasa den irailaren 5ean Eskoriatzan. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen jaia, pasa den irailaren 5ean Eskoriatzan. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko irailaren 14a
05:10
Entzun

Lehen urratsak udaberrian egin zituen, eta, geldialdi baten ostean, berriro ere martxan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Zaleek ohi baino urtebete gehiago itxaron badute ere txapelketarako, aurrerantzean abendura bitarte izango dute asteburuetako gozamena. Final-zortzirenetan murgilduko dira bertsolariak, eta Urretxuko Labeaga aretoan egingo dute lehen saioa, gaur 17:00etan —saio guztiak ordu horretan izango dira—. Sei bertsolari arituko dira bertan: Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal. Ion Zaldua izango da gai jartzailea.

Guztira 42 bertsolarik jokatuko dute final-zortzirenetan: Gipuzkoa Bertsotan-en —sailkapen fasea— sailkatutako 34 partaidek, eta 2019ko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetarako sailkatu ziren zortzi bertsolarik. Sailkapen fasean hogei saio izan ziren, apirilaren 25etik ekainaren 2ra bitarte, bi itzulitan banatuta —lehen itzulian hamabi saio izan ziren, eta bigarrenean, zortzi—.

Bihar Lasarten izango da bigarren saioa, Manuel Lekuona kultur etxean. Gai emaile Haritz Alberdi arituko da, eta haren aginduetara izango dira Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Iñigo Mantzizidor, Manu Goiogana eta Oier Etxeberria.

Final-zortzirenen bigarren asteburua irailaren 21ekoa eta 22koa izango da. 21ean Lazkaon izango da saioa, Areria aretoan. Han izango dira Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostazu, Julen Zulaika eta Oihana Arana. Aizpea Garmendia arituko da gai jartzaile. 22an, berriz, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Libe Goenaga, Unai Izagirre eta Uxue Fernandez igoko dira Elgoibarko Herriko antzokiko oholtzara. Olatz Zuazubiskarri egokitu zaio saio horretako gai jartzaile jardutea.

Geldialdiz geldialdi

Txapelketaren hurrengo geldialdia Hondarribian izango da, irailaren 28an. Itsas Etxea auditoriuma izango dute plaza Ane Belokik, Aratz Igartzabalek, Eneritz Artetxek, Maddi Aiestaranek, Oier Aizpuruak eta Oier Gaztelumendik. Iban Narbaizak izango du gaiak emateko ardura. Hurrengo egunean, irailaren 29an, Andoainen izango da saioa. Igor Alkortaren gaiei erantzunez, Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igartzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran eta Manex Mujika ariko dira.

Azken saioa Azpeitiko Soreasu antzokian izango da. Bertan nor edo nor arituko dira Aitor Tatiegi, Asier Azpiroz, German Urtega, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi. Gai jartzailea Iker Iriarte izango da.

Honako hauek dira bertsolariek final-zortzirenetan egin beharreko lanak: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; ganbara bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta binaka, gaia emanda, lauko handian seina kopla.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo faserako, hau da, final-laurdenetarako. Eta, horiez gan, puntuaziorik handiena duten beste hamazazpi bertsolariak eta 2019ko txapelketan finalean izan ziren sei bertsolariek osatuko dute hurrengo fase hori —Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo dira 2019tik sailkatutakoak—. 30 bertsolari izango dira guztira. Urriaren 19tik azaroaren 3ra izango dira saioak, Eibarren, Errenterian, Azkoitian, Irunen eta Tolosan. Finalaurrekoak azaroaren 17tik abenduaren 1era izango dira, larunbatetan. Finala, abenduaren 14an Donostiako Ilunben izango da.

Gaztetasunaren saria

Asier Azpirozek, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, txapelketaren aurkezpeneko prentsaurrekoan hiru multzotan banatu zituen aurtengo aldiko parte hartzaileak. Lehenbizikoan leudeke bertso eskoletatik datozen partaideak, lehenengo edo bigarren txapelketa dutenak. Hirugarren edo laugarren txapelketa dutenak dira erdiko taldekoak, «egonkortuta» daudenak. Eta, azkenik, hirugarren multzoa bertsolari «esperimentatuena» izango litzateke, ibilbide luzea egina dutenena. Aurten, lehen aldiz, 25 urtez azpiko bertsolaririk onena sarituko dute; finalean emango diote garaikurra.

Bestalde, aurten 50 urte betetzen dira haurren lehen bertso eskola sortu zenetik, eta antolatzaileek hura omendu nahi izan dute. Leintz ibarreko guraso talde baten egitasmoa izan zen Almen bertso eskola sortzea, eta egindako lanaren ondoren, makina bat bertso eskola sortu izan da Euskal Herriko hainbat txokotan. Almeneko haurrak Uztapide bertsolaria bisitatzera joan zireneko argazkia hartu dute oinarritzat aurtengo txapelketako irudia sortzeko; Beñat Gaztelumendik egin du.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.