Mundu hertsiegi batean sortuak biak: irandarra Forugh Farrokhzad, eta jatorriz jamaikarra zen familia estatubatuar batean jaioa June Jordan. Gazte ezagutu zuten egokitutako munduan eta gorputzean egoteak zekarkien gatazka, eta biek ala biek ahots poetiko indartsuz eman zuten horren testigantza. Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak hartu ditu bi egileak orain, Miren Agur Meabe eta Ane Garciaren itzulpenekin. Beñat Sarasola bildumaren zuzendaria pozik agertu da egile horien lana euskarara ekarri izanagatik: «Munduko poesia kaierak izena duenez, bilduma benetan mundukoa izatea nahi genuke, eta uste dut Forugh Farrokhzad ekartzea Ekialde Hurbilera gerturatzeko urrats garrantzitsua izan dela». Jordanen kasuan, aldiz, aurrez emandako Adrienne Richen (Maialen Berasategi) eta Audre Lorderen (Danele Sarriugarte) kaierekin «hiruko bat» sortu izana nabarmendu du: «Poeta garaikideak izan ziren, eta izan zuten halako kidetasun poetiko bat. Bilduman hirurak batuta izatea ederra da. Hirurak, gainera, hiru itzultzaile gaztek proposatu eta itzulitako kaierak dira».
Skolastikako Josune Muñozen bidez izan zuen Meabek Forugh Farrokhzaden berri. «'Poeta hau zuretzat da' esan zidan, eta konturatu naiz baietz, arrazoi zuela», aitortu du. Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren «ama pontekoetako bat» izan zen Farrokhzad, kaieraren hitzaurrean irakur daitekeenez, bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetako bat. Bost poema liburu argitaratu zituen, eta izenburuek eurek jasotzen dute poetaren ibilbidea, Meaberen esanetan: Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat eta Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran. «Behin baino gehiagotan jaio nahi izan zuen emakume bat edo inoiz amaitzen ez den ilunabar bat» ikusten ditu Meabek bai poetan eta bai haren lanean. «Bera izan zen bere iraultzaren kausa, lozorrotik esnatutako ahotsa, lehenengo pertsonan idaztearen arriskua, emakume poeta eta bakarti bat».
Gatibu ematerako ezkonduta zegoen, bera baino bi bider zaharragoa zen lehengusu batekin. «Kaiola batean dagoen txori bat bezala» agertu zen liburuan, Meaberen hitzetan. Irango gizarteak erabat arbuiagarritzat jo zuen «emakume errebelde eta sexual bezala agertzea», eta bere aurkako kanpaina luze bat hasi zuen. Dibortziatu ondoren, semearen zaintza kendu zioten; bizi osorako zauri bat utzi zion horrek egileari, oso gutxitan ikusiko baitzuen berriz. «Kontziente zen bere askatasun egarriari erantzun behar ziola», dio Meabek. Semeari eskainitako poema batzuk ere idatzi zituen, «etorkizuneko belaunaldiak» harengan haragiztatuz: «Itxaropena zuen semea konturatuko zela amaren bertso lerroetan matxinada bat dagoela».
Zinemagile lanak ere egin zituen, eta, Persiako poesia tradizionaletik etorrita, Europako poesia moldeak bere egin zituen hara heltzean. Maitasun «transgresore bat», heriotza, desira, kritika soziala eta beste hartu zituen gaitzat, sinboloetara joz maiz. 32 urterekin hil zen, argitu gabeko istripu batean. «Liburu hau itzultzeak hazten lagundu dit», adierazi du Meabek.
Politikoki esplizituagoa
Rich eta Lorderekin batera, 1970eko bigarren olatu feministaren testuinguruan sortu zen mugimendu poetikoaren barruan abiatu zen Jordanen obra. Emakumea, beltza, bisexual deklaratua. Ardatz horiek denek ekarritako zapalkuntzak salatu zituen bere olerkietan: arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista... Baina bada beste autoreengandik bereizten duen elementu bat, Garciaren ustetan: «Bere poesia are esplizituagoa da politikoki». Pertsonaltzat hartua politikotzat landu zuen hark ere, baina gerrei, gatazkei, «mundu zabalean politikotzat jo den horri» leku gehiago egin zion, eta Bosnia, Irak, Nikaragua, Hegoafrika eta, hala, beste toki askotako auziak jaso zituen. «Poeta unibertsala izan zen, jendearengandik oso gertu idazten zuelako».
Garciaren ustetan, kanpo biolentziak eta intimitate propioa lotzea izan zen Jordanen lorpenik handiena: Bagdaden bonbardatutakoak luze zerrendatzen hastea poema, eta amaitzea bera orduan non zen esaten: «Ohean ginen, baina guri ere eragiten digu». Haren poesiak ez du uzten ihes egiten, Garciaren ustez: «Gogorarazten dizu biolentziaren alde batean edo bestean gaudela denok, eta tokiak aldatu daitezkeela».
«Agramatikaltasunetik gertu» eta «lizentzia poetiko handiak hartuz» idazten zuela azaldu du Garciak, hor izan duela erronka estilistikoa. Gutxi itzuli da, eta erreferentzia falta hori ere aipatu du. Bularreko minbiziarekin hil zen, etagaixoaldian hasi zen «pultsu politikoa» atzeratzen. «Ondare bat uztera igaro zen, eta Poetry for the people programa utzi zuen».
Farrokhzad eta Jordan batu dira Munduko Poesia Kaieren bildumara
Miren Agur Meabek itzuli ditu Farrokhzad poeta irandarraren olerkiak, eta Ane Garciak, berriz, June Jordan egile estatubatuarrarenak. Egokitu zitzaien bizialdia ahots poetiko indartsuz jaso zuten biek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu