Literatura

Fantasmagoria (II)

Truman Capoteren idazketa egonaldiez eta literatura idazteko materialki behar denaz idatzi du Leyla Guerrierok bere lan berrian. Costa Bravako Sania etxean egon zen Capote 1962an, eta idazleentzako egonaldiak egiteko toki bihurtu dute etxea orain.

Nicolai Woevodsky eta Dorothy Websterrek 1930ean eraikitako etxea, Gironako kostan; iaztik, idazleen egonaldietarako erabiltzen da. RESIDENCIA FINESTRES
Nicolai Woevodsky eta Dorothy Websterrek 1930ean eraikitako etxea, Gironako kostan; iaztik, idazleen egonaldietarako erabiltzen da. RESIDENCIA FINESTRES
2024ko urriaren 27a
05:10
Entzun

Truman Capotek «alkoholiko, drogazale, homosexual eta jenio gisa» deskribatu zuen bere burua. Irailean bete berri da haren jaiotzaren 100. urteurrena. Ez-fikziozko generoan funtsezko den Odol hotzean nobelak Richard Hickock eta Perry Smith-ek egindako hilketak kontatzen ditu. Elkarrizketetan Perry Smith-ez maitemindu zela zioten. Haurtzaroko trauma-bikiak ziren, bata hiltzaile bihurtu zelarik eta bestea idazle. Capotek bere burua zekusan hiltzaile gaztearengan, eta bizitzan hastapen berak izaniko patu kontrajarriek hari intimoa sortu zuten bien artean. 

Ikusi gehiago

Nobela ezin bukatu zegoela, 1960tik 1962ra hiru egonaldi egin zituen Costa Bravako Sania etxean. Halako estilo nabarmenarekin, oso bestelakoa zen Truman Capote gizarte ilun frankistan. Capote idaztera besterik ez zen joan bertara, ez zeukan gaztelania edota katalana ikasteko interesik, eta tokiaren erreferentziarik ez zen agertu ondorengo testuetan. Costa Bravako zantzuak Capoteren eskutitzetan daude, baina ez haren literaturan. Hala izanik, New Yorkeko glamourretik guztiz bereiz, bertan bukatu ahal izan zuen ez-fikziozko nobela. Alabaina, bi hiltzaileak urkatuak izan ziren arte ezin izan zuen azken esaldia idatzi eta liburua argitaratu.

Idazlea mamu bilakatu zuen nobela

Liburua 1959. urtean hasi bazuen ere, ez zen 1966. urtera arte plazaratu. Zalantza izpirik gabe, Capotek bere libururik onena ondu zuen, baina bidean deabruarekin egindako paktuaren ondorioz, mamu bihurtu zen. Perry Smith-ek exekuzioan egoteko eskatu zion, eta Capote bertaratu egin zen. Erabateko sentimendu kontrajarriak zituelarik, hain luze itxaron ondoren, nobela bukatutzat ematea zen garrantzitsuena, eta horretarako exekuzioa ezinbestezkoa zen. Horren ondoren ez zuen askorik argitaratu, eta, New Yorkeko lagun aberatsen bizitzei buruz argitaratzen hasi zenean, haiek argitalpena oztopatu zuten, eta bere lagun taldetik erabat baztertua izan zen. Idazleek etengabe lapurtzen dituzte bizitzak. Hori hala da. Hala ere, bizitza batzuek beste bizitza batzuek baino gehiago balio dute, eta ezin izan zuen Zisneak zeritzon talde aberatsari buruzko fikzioa argitaratu. Biografia liburuek, filmek eta telesailek izan dute Capoteren bizitza ardatz. Arrakastaren osteko garaian, Capote fikzio pertsonaia bihurtu zen.

Walshek Capoteri aurrea hartu zion, 1957an argitaratutako Operación masacre ez-fikziozko nobelarekin. Odol hotzean-en ez bezala, zalantzak eta gatazkak barneratzen ditu, eta, horregatik, orain garaikideagotzat jotzen da testu hori

Leila Guerriero Costa Bravako (Herrialde Katalanak) Residencia Finestres-era joan zen La llamada (Anagrama, 2024) ez-fikziozko nobela eman ondoren. Bertan La dificultad del fantasma: Truman Capote en la Costa Brava (Anagrama, 2024) idatzi zuen. Guerriero ez-fikziozko generoko egungo ahots garrantzitsuenetakoa da. Capoterengandik ez ezik, tradizio argentinarretik ere edan du. Literatura argentinarrean, Rodolfo Walshek Capoteri aurrea hartu zion, eta 1957an argitaratu zuen Operación masacre ez-fikziozko nobela. Odol hotzean-en ez bezala, ahozko testigantzen eta idatzizkoen arteko pitzadurak nabariagoak dira. Zalantzak eta gatazkak barneratzen ditu, eta, horregatik, orain garaikideagotzat jotzen da testu hori. 

Guerrierok, tradizio horren gainean idatziz, findu egin du. Testu labur mamitsu horretan Capoteren egonaldiez idatzi du, eta ezagutu zutenen testigantzak jasotzen ditu horretarako. Horrez gain, Sania etxeari buruz —eta Capotek etxean izandako presentziaz— hitz egiten du, eta literaturari buruzkoa da testuak duen hirugarren geruza: alde batetik, ez-fikziozko generoari buruzkoa, eta, bestetik, idazleen lan prozesuen gainekoa. Liburu hibrido laburrak maistraki txirikordatzen du literatura materialki nola idazten den eta literaturaren inguruko hausnarketa.

Literatur tokiak ere gure kultur ondare

Sanisko etxea Nicolai Woevodsky eta Dorothy Webster-ek eraiki zuten, 1930ean. 2023an, etxe zuri hori idazleen orri zuri gisa berreskuratua izan zen. Eskaintzen dituzten egonaldiak hilabetekoak dira, eta zerrenda zirraragarria da jada: tartean Kae Tempest eta Mariana Enriquez. Uztailean Eider Rodriguez izan zen egonaldi bat egiten. Idazle bakoitzak bere egunerokoa argitaratzen du webgunean. Asmoa idazleen arteko komunitate sendoa sortzea da. Eta horretarako ez dute katalana baztertu. Etxearen izena katalanez da, Residència Literària Finestres. Unescok dio kultur ondarea babesteko kultur materiala gorde behar dela; adibide jakin honetan, egoitza bera. Natur ondorea ere errespetatu behar da; kasu honetan, kala. Eta kultur ondarearen barne toponimoak ditugu. Euskal Herrian kultur ondarea barra-barra ari gara galtzen. Irudika dezagun modu espekulatiboan Zarauzko Lizardiren familiaren etxea idazleentzat egoitza bihurtu zitekeela. Horren ordez, urteetan utzita egon den eraikina orain Zarautz Surf House da, hots, ostatua surflarientzat. Halako kalkoak Balin edota Kalifornian ditugu. «Nonahitar izan minez,/ ostera, gizona/ bai txori baldarra!».

«Irudika dezagun modu espekulatiboan Zarauzko Lizardiren familiaren etxea idazleentzat egoitza bihurtu zitekeela. Horren ordez, urteetan utzita egon den eraikina orain Zarautz Surf House da»

Lizardiren etxea bakana izango litzateke. Eta hau ez da inolaz ere pastiche nostalgikoa. Eraberritzen den oro berpizten da. John Bergerrek zioen hildakoen ahotsek inguratzen duela gizakia («Hots, hots, bizion oinok»), eta etorkizuna eraikitzeko haien irudimenarekin harremanetan jarri behar dela artista. Guerrieroren ariketa horixe da, zailtasunak zailtasun, lekua memoriarekin harremanetan jartzea. Literatur tokiak kultur ondare gisa babestean, testu berriak eraikitzen dira. Ez genuke Guerrieroren testu hau izango etxea berreskuratu gabe. Eta berriz ere Capoteren mamuarengana itzuli behar da. Hor datza zailtasunik handiena. Ingelesa ez zekiten zerbitzariek Capoterekin izandako elkarrizketa konplexuen berri ematen diote kazetariari. Testuan Guerrierok zalantzan jartzen du testigantza jakin batzuen fidagarritasuna.

Badu zerikusirik Cristobal Colonek bere egunerokoan egiten zuenarekin, hark ere lurralde berrietako testigantza zehatzak idazten zituen, hizkuntza amankomunik gabe. Guerriero ez bezala, Colonek ez du komunikazio trabarik ikusten. Capoteren inguruko memoria asko errotik fikzioak dira. Eta haren mamua, idazle garaikideen bidelagun. Egoiliarrek Capoteren mamua bertan dagoela pentsatzen dute. Idazleak fetitxista peto-petoak direnez gero, Capotek idatzi zuen tokian idazteak idazketaren espazio liminalean sartzen ditu. Azken finean, Guerrierok dio idaztea desagertzea dela, gero orrialdean berragertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.