Leila Guerriero kazetari argentinarrak (Junin, Argentina, 1967) ia bi urte eman zituen, pandemia betean, diktadura garaian bahitutako Silvia Labayru elkarrizketatzen. Horrez gain, haren familiarekin, adiskideekin, bikotekideekin, maitaleekin eta montonero izandakoekin hitz egin zuen. Horren emaitza da La llamada kazetaritza lan sendoa (Anagrama, 2024). Buenos Airesko Eskola Nazional ospetsuko ikasle ohia zen Labayru, eta, 1976an, 20 urte zituela eta haurdun zegoela, bahitu eta ESMA tortura gunera eraman zuten. Bertan torturatua eta bortxatua izan zen, tortura muturrera eraman gabe, ez baitzuten nahi haurra galtzea —bertan jaio zen lehendabiziko haurra—.
Talde armatu guztiek dakite ezin direla torturak epe luzean jasan, eta sistematikoki ezarriz edonork informazioa ematen duela; 24 orduren ondoren ezin da traiziotzat jo. Labayruk ez zuen kiderik salatu, eta ESMAn erditu zen. Familia militarra izanik, beste tratu mota bat izan zuen, kontu jakin batzuetan konplize izatera behartua. Izenburuan aipatzen den dei hori jaso ondoren, alaba aitona-amonekin bizitzeko baimena bideratu zuten. Halakorik ez zen gertatzen; bahitutakoaren haurra lapurtzea zen ohikoa.
Guerrierok honela dio: «Bob Dylanek kantatzen du: 'zenbat aldiz du modua gizon batek atzera begiratu /eta ez ikusiarena egiteko?'. Dena esana zegoen. Entzuten jakitea besterik ez zen behar —edo nahi izatea». Eta liburu honetan eskaintzen duena entzute ariketa aktibo hori da, fikzio bihurtu gabe eta elkarrizketatuen baimenak, beldurrak eta mamuak zainduz. Kazetaritzaren deontologiari dagokionez, eredugarria da.
2015ean ireki zen ESMAko Memoria Museoa. Hasieran, ez zuten kontuan hartu genero ikuspegia. Memoria lana lokatzean gauzatzen den zeregin bat da. Emakumeek pairatutakoak tabu ziren, biktima eredu jakin bat ezarri nahi zen, eta errealitate historikoa oso bestelakoa izan zen. Azaleko memoria egitasmoetan biktimak sakralizatu egin dira. Emakumeen kasuan patriarkatuaren zama zuri-beltza dago: hots, emakumea Ama Birjina edo puta da. Oximorona bada ere, beste ezker mugimendu historikoetan bezala, montoneroak, iraultzaileak izanik ere, ez ziren feministak. Horiek hala, Labayru montonero txolin bat zen, epaiketetan ez zuen negarrik egin, gogorregia zirudien, nahi zuenarekin oheratzen zen, eta, hala, bigarren kategorian sartu zuten, haientzat ez baitzen biktima errugabea.
Ahalduntze feminista
Argentinatik alde egin zuenean, erbesteratu gehienek ez zuten inolako harremanik izan nahi harekin. Kolaboratzaile gisa zuten, baita Maiatzeko Plazako Amonek ere. Gerra zikinaren garaiko biktimak errepresentatzean, bilakaera jakin bat dago. Hasieran, montoneroak biktima apolitiko gisa aurkezten ziren. Esate baterako, Marcelo Brosdsky argazkilariak Eskola Nazionaleko ikasleen argazkia baliatuz eginiko interbentzio artistikoa: Buena memoria (2003). Irudi horretan, desagertutako gazteak eskolako nerabeak dira. Memoria lanen hastapenetan, desagertuen alderdi pertsonala soilik azpimarratzen zen. Guerrierok bere ikerketa hasi zuenerako, desagertutako gazte horien aktibismo politikoa ere sartzen da memoria lanetako errepresentazio artistikoan: hau da, armak hartu zituen talde iraultzaile baten partaide izatea ez zen ezabatzen. Liburuan partaide diren askok Montoneroen estrategiaren autokritika azaltzen dute, argi utzita ezin dela inolaz ere parekatu estatuaren indarkeriarekin. Gogoratzean, belaunaldiz belaunaldi, errepresentazioak eta galdera kolektiboak aldatuz doaz. Ez da gauza bera diktadura militarra 2003an edota 2024an gogoratzea. Guerrierok ahalduntze feministaren ikuspegitik idazten du memoria ariketa hori. Horrez gain, eztabaida ideologikoari eta disidentziei lekua eskaintzen die.
Labayruren kasua konplexua denez gero, ertz guztietatik aztertzen du Guerrierok. Kazetariak bizitza baten arkitektura eraikitzen du urratsez urrats: gaztetako ametsetatik zahartzaroko damuetara, torturaren traumatik askatasunak sortzen duen bertigora. Guerrieroren behaketa lana oso sistematikoa izan arren, badira azaldu ezin daitezkeen alderdiak: azken finean, idazleak dio bizitza oro misterio bat dela. Ondorio horretan kazetaritzak eta literaturak elkar ukitzen dute. Kazetaritzak garaia iker dezake baina ezin da dena erabat azaldu: azken finean, hein handi batean, norbere burua misterio bat da. Zirrikitu kontraesankor hori literaturaren lurraldea da.
Kontatutakoa lazgarria da, eta, ziur aski horregatik, liburuaren bukaera arina da: Labayru adiskideekin hitz egiten, adiskidetasunaren gorazarre da bukaera. Badu antzekotasunik Harkaitz Canoren Twist nobelaren bukaerarekin —estatuaren indarkeria kontatu ostean amaiera adiskideen arteko memoria argitsu bat da.
Nola idatzi indarkeria
La llamada bukatu ahala, Guerriero Costa Bravara joan zen, Truman Capotek Odol hotzean (1966) idatzi zuen etxera. Rodolfo Walshen Operación masacre-ren (1957), arestian aipaturiko Capoteren ez-fikziozko nobelaren eta Guerrieroren liburuaren arteko harremana begi bistakoa da. Hau da, nola idatzi errealitatean gertatutako indarkeria? Guerrierorena kazetaritza lana da, eta ez fikzioa, baina ez du kazetaritza jakin bateko distantziaren konbentzioa gordetzen eta bere burua argazkian sartzen du. Ez du ezabatzen Labayrurekin pandemia garaian eraiki duen harremana. Hori azaltzeko fisikari baten aipua erabiltzen du: Carlo Rovelliren hitzetan, ez dago errealitatearen errelato bakar bat, objektu baten ezaugarriek beste batekin erlazionatzean bakarrik dute izaera. Guerrierok kazetaritzara dakar Rovelliren teoria.
Argentinako mamuei buruzko lan zehatza idatzi du Guerrierok; preseski, hitzaren erabileran datza eraikitako arkitekturaren edertasuna. Hurrengo liburuak ere mamuekin zerikusia izango du. Costa Bravan Truman Capoteren mamuarekin egingo du topo, eta horretaz idatziko du. Lehen atal honen ondoren, baina, bigarren atalean azalduko da Guerrieroren azken liburua: La dificultad del fantasma: Truman Capote en la Costa Brava.