LAUHAZKA

Fantasiazko mundua

Ibon Aranberri.
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Gizartean nolabaiteko eragina izango duen proposamen bat jorratzerakoan, izan eskala handian zein txikian, zerbait sortu eta egunerokotasuna deritzogun korapilo bihurrian txertatzen saiatzen gara, erlazio, botere, iritzi eta errutina, erakunde zaharkitu eta egitura berriz osatutako konplexutasun horretan.

Aldakuntza soil batek, indarrean den botere eta status quoari galera katea eragingo lioke, ezinbestean; eta halako galeraren kausa arrazoizkoa izan arren, noizbait etekina ateratzearen esperantza galdu ez duen edonor izango du aurka. Erraza da egungo antolaketaren akatsak seinalatzea, baina oker dagoen ezaugarritzat osagai bat hartzen dugunean, eta hobekuntza defendatzen dugunean, adieraz dezake ez garela osotasunaren argazkia ikusten ari. Irabazle, galtzaile, boteretze, mendeku eta abarrak kontutan hartzeak, gainbeheran den aginte jokuaz harago ezer gutxi urratzen duen aldakortasun iraunkor egoera betikotzen baino ez luke lagunduko.

Eskema fundatzaile klasikoaren arabera, puntu kardinalen gisa ardatz horizontal eta bertikala marraztuko bagenitu, ezker eskuin kokatuko genituzke DISEINUA eta IKERKETAren eremuak. Bidean jasoa, erabilgarri jo dezakegun edozein motako informazioa ulertuko genuke ikerketa gisa. Era berean, emandako giza kulturaren barruan erabili ahal izateko zerbait taxutzearen jardunari dagokio diseinua, adibidez, buztin zati bat behartzea katilu izateraino. Diseinu ildo oro barne hartzeraino bezainbat da lausoa irudikapen hau.

Ardatz bertikalaren barrenean genuke INGENIARITZA, abilezia teknikoa eta artisautza jakintza bilduz. Plano eta marrazki formaz izan daiteke antolatua, edota esku zailduaren jakinduria gordean aurki daiteke. Jardunbidea egituratua eta indarrean jarria deneko erreinua litzateke horrela ingeniaritza. Behin egitekoa zehaztuta, bertara (gu) ahalik eta egokien bideratzea luke xede.

Ardatz bertikalean, gainetik kokatuko genuke ARTEA, eta ingeniaritzaren handinahiak zalantzan jarriko lituzke. Lana beraren gakoa litzateke, trazendentziarako eremua, gizateriak bere edertasun eta itsusikeriak, umore eta etsipenak adierazteko duen bitartekoa. Bertan, denborapasa, erresistentzia, kritika eta istorioak tolesten ditugu eta, ustez, makinaria eraldatzaile bilakatu liteke. Horrela, jardunaren eta eginaren nolabaiteko izpiritua ahalbideratuko luke arteak.

Elkar trukatze orokor hau, eskemaren erdigunean gertatzen da. POLITIKAren eremua litzateke. Topagune gisa eratua den heinean, dinamika sozial eta botere ezagutza du beregan. Politikaren eremuan, ohituta gaudeneko ikusmiratik aldentzea ez da batere erraza.

Esan daiteke ordainpeko lana eta enpleguaz haragoko ekoizpena antolatzea dela gaur eguneko irrika. Hartara, konpainiaren irabaziak ez lirateke soilik langileen esfortzu eta ordutegiak baldintzatutakoak. Ekoizpen automatizatua, lanpostu finkoaren mehatxu gisa hartuko du ordea langileriak. Izan ere, lanbide egonkorrak sostengatu du luzaz bizimodu erosoaren ametsa. Baina lanbide egonkor desiratua, zorigaitz edota trastorno larritzat omen zen ikusia iraganean. Lanpostu finkoak duen estatusaz oso bestelako ikuskera izango zen orain dela mende batzuk. Halako aurrekariak ikusita, konpainia batentzat egunez egun lan egitea belaunaldiz-belaunaldiko aldaketa sozialen ondorioz bilakatu zen desiragarri. Masa heziketa, gizartea eskulan industrialaren noziora egokitzen laguntzeko izan zen asmatua.

Behinola proiektu sortzaile izan ziren artifaktu eta egituraz beteta dago mundua. Erabiltzen ditugun tresnetan txertatuta dago iraganetik metatutako ezagutza, objektu eta egitura bakoitzak erronka teknikoa darama bere barnean, ditugun ahalmenak gure ezintasun fisikoez gaindi hedatuz. Horrek esan nahi du egokitzapen bakoitzak beregan dituela aurreko beste guztiak eta, bitarteko gisa, gailu bakoitzak hastapeneko errealitatearekin konektatzen gaituela. Guregan daude lehendik eratutako proiektuen egiturak, eta gure buruari erreparatzen diogunean nabarmentzen dira.

Mugimendu berri batek ezin egona eragingo du. «Aurka dugu mundua» adieraziko du ondoren, eta halaxe izango da, hein batean. Mugimendu batek sistema osoa alda dezake. Funtsezko uneak nekez izaten dira aldaketa atzemangarriak, zenbaitetan luzera begirako bulkada suertatuko badira ere, plaka tektonikoak astintzen dituen bapateko lurrikak sorburua aldez aurretik pilatutako tentsioan lukeen bezala. Geure burua zenbat eta gehiago urruneratu denbora errealetik, are luzeagoa izango da itzulera bidaia.

Bere definizio historikoan, proiektuak behar du harreman zuzen eta biziak ezarri bere inguruarekin, diferentzia atzemangarriak eragin ahal izateko eta bere burua sozializatzeko, edo bestela, inguratzen duen gizartea egokituko du, dakarren ikuspegi berria ezarri ahal izateko. Errealitatea ezagutzen dugun moduaren gainean fantasiazko posibilitatea eraikitzeko saiakerak lirateke honelako asmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.