Wikipediaren arabera, fantasia iluna fantasiazko fikzioaren azpigeneroa da, eta, oro har, fantasia beldurrezko elementuekin uztartzen duten literaturako, zinemako eta arte arloko lanak biltzen ditu. Finean, giro ilun edo itzaltsuetan garatzen diren kontakizunak dira, eta literaturaren kasuan, haren ordezkari nagusiak hauek dira, besteak beste: AEBetako Providence hiriko H. P. Lovecraft, haren lagun Clark Ashton Smith kaliforniarra, eta bizitzako zatirik handiena Filadelfian igaro zuen Abraham Merritt —azken horrek ere Lovercraft miretsia ezagutu zuen, bai eta Providencekoa omendu ere zenbait lanetan—.
Azpigenero horretako autore gehienek pulp estiloko liburuxketan abiatu zuten beren literatur ibilbidea. Egurrezko pulpa merkearekin inprimatutako argitalpen horietan gizonezkoen izenak gailentzen ziren, fantasiazko, terrorezko eta zientzia fikziozko istorioak idazten zituzten emakumeen kalterako, haien lan asko onartu zituzten arren; esaterako, Weird Tales aldizkari mitikoa Dorothy Mcllwraithek zuzendu zuen 1938tik 1954ra. Ez ziren gutxi XIX. mendearen amaieran genero horietan aritzen ziren emakumezko autoreak, baina sarritan gizonezkoen izenekin sinatzen zuten, irizpide editorialak tarteko.
Gizon izenez sinatzen zuten emakume horietako bat zen Gertrude Barrows (1884-1948) estatubatuarra —Francis Stevens ezizena erabiltzen zuen—, zeina egun fantasia ilunaren asmatzailetzat hartzen den. Haren obra gehienak fantasia arlokoak diren arren, zientzia fikziozko lehenengo eleberri distopikoetako bat ere idatzi zuen. Areago, pulp estiloko aldizkarietan benetako izenarekin sinatu zuen estreinako emakumea izan zen; hain zuzen ere, Argosy argitalpenean, 1904an. Aditu batzuen aburuz, Lovercraften eta Merritten obran eragin zuen Barrowsek; beste ahots batzuek, ostera, zalantzan jartzen dute baieztapen hori.
'Pulp' estiloko aldizkarietan benetako izenarekin sinatu zuen estreinako emakumea izan zen Barrows
Horrenbesteko lorpenak izaki, nola liteke Barrows hain ezezaguna izatea eta haren bizitzaren inguruko hain informazio gutxi izatea gaur egun ere? Emakumezko egileen historia ezkutuko beste misterio bat izan zitekeen Filadelfiako autorearena, baina badirudi Barrowsen bizitzak eta obrak —obra txikia izanagatik ere— beste dimentsio baterako joan eta etorriko bidaia egin dutela.
Ilustratzaile frustratua
Barrows klase ertaineko familia batean jaio zen, Minneapolis hirian, eta 8 urte eskas zituela aita hil zitzaion, 1892an. Handik gutxira, haren bi anaiak ere hil ziren; ondorioz, 15 urterekin eskola abandonatu behar izan zuen. Gaztetatik arteari lotutako kezka eta joerak erakutsi arren —ilustratzailea izan nahi zuen—, estenografo eta mekanografo jardun zuen kasik bizitza osoan, batez ere familiari lagundu behar ziolako behin aita zenduta. Barrows gazteak, halere, idazteari ekin zion, eta 1904an The Curious Experience of Thomas Dunbar zientzia fikziozko kontakizuna plazaratu zuen Argosy aldizkarian, 17 urte zituela, eta, hala, pulp argitalpen batean emakume izenarekin sinatu zuen lehen emakumea bilakatu zen. Haatik, bere bigarren istorioa, All-Story Weekly aldizkarian plazaratuko The Nightmare, Frances Stevens izengoitiarekin sinatu zuen. Horiek horrela, agerkari horietan argitaratutako kontakizunen bidez, sos batzuk lortu zituen senitarteari ekarpen ekonomikoa egiteko. Barrowsek izengoiti horrekin sinatu zuen kasik bere obra guztia: dozena bat inguru narrazio eta eleberri labur, eta hiru nobela, 1917 eta 1923 bitartean idatziak.

1909an, Stewart Bennett kazetari eta esploratzaile britainiarrarekin ezkondu zen. Idazleak, baina, laster biziko zuen zorigaiztoko beste gertaera bat, senarra hil egin baitzitzaion ekaitz tropikal baten ondorioz, altxor bat bilatzen omen zebilela, Key West inguruan (Florida). Ondorioz, Barrows alargun gelditu zen: alaba bat zeukan, eta ama gaixo. Amak beste mundurako bidaia egin zuenean, idazleak lagun batzuekin utzi zuen alaba, 1939an —alabarekin harreman estua izan zuen, baina distantzian—, bai eta Kaliforniarako bidea hartu ere, non bigarrenez ezkondu zen. AEBetako mendebaldeko kostaldean ezereztu zen Barrows: iraganarekin hautsi ondotik, idazteari utzi zion. 1948an hil zen. Bada, bi paragrafo laburretan biltzen den biografia horren protagonistak obra urria baina itzal handikoa utzi zuen.
Utopiak eta distopiak
Argosy aldizkarian idatzi zuen biografian honela azaldu zuen: «Oroitzen dudanez, bertute bakarra nuen: originaltasun aski groteskoa. Jakina, nire ustez, istorio zoragarri bat zen, baina, halere, harrigarria izan zen Argosy-k onartzea, istorioa bidali nion lehen aldizkaria izan baitzen».
Originaltasun arraro horretatik abiatuta, emakumeek gobernatutako etorkizuneko utopiak eta distopiak idatzi zituen Barrowsek; besteak beste, Lovercraftek biziki maite zuen The Heads of Cerberus «bitxi eta sinesgarria», baina baita abentura exotikoak eta jainkoei buruzko fantasiak ere, betiere autore klasikoetatik abiatuta, tartean zirela Edgar Rice Burroughs, hau da, Tarzan pertsonaia asmatu zuena; Edgar Allan Poe, eta, nola ez, Mary Shelley, Frankenstein irudikatu zuena.
Barrowsen narrazio fantastikoak, eta batez ere zientzia fikziozkoak, autorearen garaian iltzatuta daude, haren sasoiko AEBek agertutako obsesio zientifiko eta sozialez josiak baitaude
«Shelleyren Frankenstein-ek zientzia fikzioaren oinarriak ezarri zituen genero moderno gisara; bada, Gertrude Barrows fantasia ilunaren asmatzailetzat onartzen da egun; izendapen hori Gary Hoppenstand-ek emana da, eta gure autorearen obra irakurriz gero, zaila da baieztapen hori zalantzan jartzea». Halaxe dio Luis Gamez itzultzaileak Aristas Martinez argitaletxeak gaztelaniaz argitaratu duen Horrores invisibles liburuan, zeinetan Barrowsen bi kontakizun biltzen diren.
Barrowsen narrazio fantastikoak, eta batez ere zientzia fikziozkoak, autorearen garaian iltzatuta daude, haren sasoiko AEBek agertutako obsesio zientifiko eta sozialez josiak baitaude; izan ere, idazleak hilabeteak ematen zituen ikerketan, idazteari ekin baino lehen, eta horretan asko lagundu zion Filadelfian garatu zuen kazetari lanak, bai eta hango unibertsitatean egindako idazkari lanak ere, zentro oso ezaguna baitzen, abangoardiako zoologia, biologia eta arkeologia programengatik.
Lanean jasotako jakintza horren isla da The Heads of Cerberus zientzia fikziozko eleberria, zeina lehen nobela distopikoetako bat den. 1919an argitaratua, kontakizuna 2018. urteko Filadelfian girotuta dago. Etorkizuneko hirira bidaiatu dute Viola eta Terence Trenmore anai-arrebek, baita bigarrenaren lagun eta abokatu ohi Draytonek ere, Benvenuto Cellinik sortutako flasko batean gordetako hautsaren eraginez. Hirurek amesgaizto distopiko bat biziko dute, non askatasuna, zoriontasuna eta totalitarismoa nahastuko diren Pennsylvaniako estatua gobernatzen duen sistema bortitz eta diktatorial baten ondorioz. Eleberriaren 1952ko edizioaren aitzinsolasean Lloyd Arthur Eshbach idazle eta editoreak adierazten duenez, Barrowsen lanen artean The Heads of Cerberus-ibakarrik dei dakioke zientzia fikziozkoa, «istorio honetan ere fantasia basatiago baterako joera nabarmena izanagatik ere».
Atariko pieza horretan, halaber, hau dio Eshbachek Barrowsen obrari buruz: «Istorioek berez ohiz kanpoko irudimen emankorra, dohain narratibo arraroa eta misterioarekiko joera bizia erakusten dute. Hala ere, Francis Stevensen lan guztia sei urteko epean baino ez zen argitaratu. Misterio bat izan da zerk eraman zuen idazle bizitzaren amaierara». Orain badakigu gazteegia zenean bere gain gehiegizko familia zama hartu zuelako utzi ziola Barrowsek idazteari, edo bere zorigaiztoko iragana ahaztu nahi izan zuelako, edo... Gertrude Barrows bera da bere obrako misteriorik handiena, ezbairik gabe.