'Fantasia da!' lelopean egingo dute Durangoko Azoka

Abenduaren 6tik 10era izango da azokaren 58. aldia. Ximon Agirre artistak sortu du aurtengo kartela, fantasia ardatz hartuta

Ximon Agirre artista, atzo, kartelaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Abenduaren 6tik 10era, Fantasia da! lelopean egingo dute Durangoko Azokaren 58. aldia. Ximon Agirre artistak (Hernani, Gipuzkoa, 1994) sortu du aurtengo kartela, fantasiaren gaia ardatz hartuta. Ideia nagusia «mundu propio bat sortzea» izan dela azaldu du, «azokaren elementu propioak pertsonaia fantastikoekin uztartuz». Hala adierazi du: «Sormenaren zikloa irudikatu nahi izan dut; hortik sortzen da unibertso guztia». Irudian, fantasiazko eremu batean, hainbat pertsonaia fantastiko ageri dira kantuan, irakurtzen edota musika tresnak jotzen, azokari keinu eginez. Atzo egin zuten kartela eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa.

Agirrek aitortu du «ilusio handiz» hartu zuela kartela diseinatzeko proposamena, eta azpimarratu du «erakusleiho handi bat» dela azoka. Hiru dimentsioko irudia osatu du, errealitate birtualean landuta. «Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko; eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun handiagoa edukitzeko». Kolore alai eta saturazio handikoak erabili ditu, «festa» bistaratzeko helburuarekin.

Arte ikasketak egin zituen Agirrek, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra ondoren, Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan, gehienbat, musika taldeentzat egin du lan, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen. Besteak beste, Belako, Lukiek eta Kilimak taldeekin aritu da.

Antolatzaileen esanetan, beraz, Durangoko Azoka «fantasiaz beteko da» aurten. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu du azoka jendetsu eta aberatsa izatea nahi dutela, kultura bultzatzeko asmoz. «Fantasia sortzaile berrien ilusioa da, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topo egitea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa».

Sareko azoka, «itxita»

Antolatzaileak buru-belarri dabiltza aurtengo egitaraua atontzen. Mujikaren hitzetan, denetariko eskaintzak egongo dira ohiko guneetan (Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Museoa, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia): musika, hitzaldiak, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia, «eta fantasia ere bai». Oraindik badago egitaraurako proposamenak egiteko aukera; urriaren 15era arte egongo da irekita, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Ikasleen Goiza azokaren bigarren egunean izango da; hots, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteentzako egitaraua egongo da, eta Durangora bertaratu ezin diren ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute.

Bestalde, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak azaldu du aurrez aurreko azokaren alde egingo dutela aurten, eta, beraz, sareko ereduaren leihoa «itxi» egingo dutela. Hala ere, «guztiz itxi barik»; etorkizunean premiarik izanez gero, planteatuko dute berriro aukera hori martxan jartzea. Azoka bisitatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.