Fantasiazko mundu batean murgilduko da datozen egunetan Durangoko Landako gunea (Bizkaia). Azoka jendetsu eta aberatsa izatea espero du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, eta fantasia hori azokaren ertz guztietan islatuko dela zehaztu du: «Sortzaile berrien ilusioa da fantasia, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa». Bihar zabalduko ditu ateak 58. aldiak, eta, igandera bitarte, «euskal kulturaren epizentroa» bilakatuko da Durango: «Badator sormena, badator magia, badator Durangoko Azokaren fantasia».
Izurria eta haren ondorioak atzean utzita, aurtengo aldia erabat presentziala izango da. Landako gunea 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik egunero, azken egunean izan ezik: igandean, 18:00etan itxiko ditu ateak. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailearen arabera, gainera, azoka «gaztea eta plurala» izango da aurtengoa, eta «askotariko estilo eta gaiak» topatu ahal izango dira.
Bihar eguerdian egingo dute inaugurazio ekitaldia, 12:00etan, San Agustin kulturgunean. Antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute, eta sormenak ere izango du lekua: dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA arte performancea estreinatuko dute Amaia Lejarreta artista plastikoak eta Janire Etxabe dantzari bertikalak.
1
Kultur programa
Denera, 257 erakusmahai jarriko dituzte Landako gunean, eta 950 nobedade aurkeztu: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako berrogei lan. Gerediaga elkartearekin batera, egun, Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Kabi@ guneek ere osatzen dute Durangoko Azoka, eta, hain zuzen, guztien artean antolatutako 265 kultur emanaldiko programak borobilduko du aurtengo egitaraua.
Talaiako aurkezpenak Landakoko Areto Nagusian eta Durangoko Arte eta Historia Museoan egingo dituzte, hilaren 8tik 10era. Agustin Ibarrolari buruzko erakusketa bat ondu dute, eta horixe izango da artista hil ondorengo lehen erakusketa. Ahotseneak, ohi legez, literatura eta musika izango ditu ardatz: 49 talde igoko dira Plateruenako agertokira beren lanak aurkeztera, eta Bartolome Ertzilla musika eskolan 70 liburu aurkeztuko dituzte.
Irudieneari dagokionez, 30 emanalditik gora egingo dituzte Zugaza zinema aretoan: filmak, dokumentalak, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak eta film laburrak ikusteko aukera egongo da. Kabi@n, adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta euskararen erabilera sustatzeko tresnak izango dituzte hizpide, bihar eta etzi. Saguganbaran, berriz, askotariko proiektuak aurkeztuko dituzte, eta, eguerdian, irakurketa librerako txokoa prestatuko dute.
San Agustin kulturgunea izango da, beste urte batez, Szenatokiaren egoitza. Antzerkia, dantza, bakarrizketak eta bestelako pieza laburrak ikusteko aukera egongo da.
Bereziki, euskal liburu eta diskoen inguruan ardaztuta egon ohi da azoka, eta, urtero bezala, hor izango da nobedade gehien. Musika entzuteko euskarri fisikoen krisiaren ondorioz, diskoez bestelako produktuak saltzeko aukera izango dute musikariek.
2
Ikasleak eta gazteak
Gaztelurrutiak aurreratu duenez, aurten «inoiz baino jarduera gehiago» izango dira gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Ostegunean izango da ikasle goiza aurten: eskoletatik joango diren neska-mutilentzat hainbat tailer antolatu ditu Gerediaga elkarteak. Horrez gainera, ostiralean Gazte Eztanda egingo dute, bigarrenez. Musikak izango du protagonismorik handiena egun horretan, eta herri bazkaria ere egingo dute, Landako ikastetxean. Elkar ezagutzea, elkarrekin egotea, eta eroso egoteko leku bat eskaintzea da xedea. Izan ere, garrantzitsua da belaunaldi berriak azokara erakartzea, Gaztelurrutiaren iritziz: «Bultzada emateko lan egin dezagun denok, gure fantasia ez dadin izan gau bateko amets zapuztua».
3
Aurrez aurreko azoka
Osasun krisiaren eraginez, aurrez aurreko azoka egiteko zailtasunak izan zituzten Gerediaga elkarteko kideek 2020an. Konponbide gisa, online denda abiarazi zuten urte hartan, eta, zailtasunak zailtasun, pozik geratu ziren lortutakoarekin: ia 28.000 produktu saldu zituzten webgunearen bidez.
Aurten, «itxi» egingo dute sareko ereduaren leihoa, eta azoka erabat presentziala egingo dute. Hala ere, «guztiz itxi barik» utziko dute bide hori, Gaztelurrutiak kontatu duenez: «Etorkizunean premiarik izanez gero, planteatuko dugu berriro ere aukera hori martxan jartzea».
Ahotseneak antolatutako zuzeneko emanaldiak streaming bidez ikusteko aukera izango dute bisitari digitalek.
4
Aurrekontua
Guztira, 715.000 euroko aurrekontua du azokak aurten. Erakunde publikoen laguntzak, babesle pribatuenak eta azokan erakusmahaia jartzen duten partaideen ekarpena kontuan hartuta ateratzen da kopuru hori: «Erakundeek %60 eman dute, babesle pribatuek %13 eta sarrera propioak %27 dira».
Inflazioak ere izango du eragina aurten. «Mehatxu» modura identifikatu zuen faktore hori iaz Gaztelurrutiak egunkari honetan bertan: «Bizitza garestitzen denean, zerbait kendu behar da, eta, normalean, kultura izaten da kentzen diren horietako bat». Baina, herritarren erosahalmena txikitzearekin batera, kultur produktuen ekoizpena ere garestitu egin da azken hilabeteetan. Paperaren prezioak gora egin duelako, batetik, eta garraioaren kostuak ere gora egin duelako, bestetik, eta, beraz, ikusi egin beharko da aldagai horiek guztiek zer-nolako pisua hartzen duten egunotan egingo diren salerosketetan. Joan den urtean, esaterako, 2019an bezainbesteko jendetza eta salmentak izan ziren Durangoko Azokak.
AZOKA DATUTAN
257Erakusmahaiak. Iaz, 248 erakusmahai izan ziren Landako gunean, eta, aurten, pixka bat gehiago.
950Nobedadeak. Aurten argitaratutako 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako berrogei lan egongo dira salgai, denera.
265Kultur ekitaldiak. Gerediaga elkarteak ez ezik, Durangoko Azokaren parte diren guneek ere osatzen dute egunotako programa: Ahotseneak, Saguganbarak, Irudieneak, Szenatokiak eta Kabi@k. Guztien artean, 265 emanaldi prestatu dituzte datozen bost egunetarako.