Fant: Amesgaiztoen zaleentzako ametsa

Euskal Herrian sortutako hamahiru film labur proiektatuz hasiko da bihar 30. Fant Bilboko Zinemaldi Fantasikoa. Javier Botet aktorea eta Ivan Miñambres sarituko dituzte, bai eta Pedro Olea, Lamberto Bava eta Celine Rouzet ere.

Fant jaialdian ikusi ahalko den 'The Uncle' filmeko fotograma bat. FANT
Fant jaialdian ikusi ahalko den 'The Uncle' filmeko fotograma bat. FANT
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 2a
14:00
Entzun

Duela 40 urte sortu zuen Wes Craven zinemagileak amesgaiztoz amesgaizto bizi den Freddy Krueger pertsonaia, eta ikur hori baliatu du Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 30. urtea janzteko. Fantasiazko eta beldurrezko zinema jaialdi klasikoa bilakatu da hura ere urteekin, eta bihar hasiko du aurtengo programa. Guztira, hamazortzi film luze eta 22 labur lehiatuko dira Sail Ofizialean, maiatzaren 10era bitartean, baina askoz ere programazio zabalagoa prestatu dute. Bilboko Campos Eliseos antzokian egingo dute hasiera gala, eta Javier Botet eta Ivan Miñambres UniKo ekoiztetxeko zuzendariei ohorezko sariak emango dizkiete bertan. Lara Alvea zuzendariaren La mujer dormida thrillerra proiektatuko dute gero, eta jaialdian parte hartuko duten euskal laburren bilduma ere emango dute.

Itxiera ekitaldia, berriz, BBK aretoan egingo dute, hilaren 10ean, eta Cameron Cairnes eta Colin Cairnes zuzendari australiarren Late Night With the Devil (2023, Australia) filma proiektatuko dute palmaresaren berri eman ostean. Eta, ohiko denez, saritutako film horiek proiektatuz amaituko da dena, 11n, BBK aretoan. Amets bat, alegia, amesgaiztoen zaleentzat.

SAIL OFIZIALA

Azkuna zentroa eta Golem Alhondiga dira jaialdiko Sail Ofizialaren egoitza. Bertan proiektatuko dituzte lehian izango diren hamazortzi film luzeak. Besteak beste, han ikusi ahalko dira Daniel M. Caneiroren Deviant, Siyi Liu txinatarraren San Gui Qing Shi, Karl R. Hearne kanadarrak zuzendutako The G, eta Ariane Louis-Seize zuzendariaren Banpiro humanista bat suizidabila filmak. Film Luze Onenaren Fant Saria eskuratzeko lehian izango dira guztiak, bai eta Gidoi Onenaren Saria eta Zuzendaritza Berritzaileenarena eskuratzeko ere.

Film laburrek ere osatzen dute Sail Ofiziala, halere. 22 proiektatuko dituzte guztira, Euskal Herrian sortutako hamahiru tartean direla. Hain zuzen ere, formatu horren aldeko apustua izan da beti jaialdiaren nortasun marketako bat. Ondorengo sari hauek jasotzeko aukera izango dute: Film Labur Onenaren Publikoaren Saria, Nazioarteko Film Labur Onenaren Saria, Euskal Film Labur Onenaren Saria eta Epaimahaiaren Film Labur Onenarena.

EUSKAL LABURRAK

Klasiko bat da jaialdian. Hasiera ekitaldian, urtero proiektatzen dituzte urte horretan jaialdian parte hartuko duten eta Euskal Herrian sortu diren laburrak. Aurtengoan, guztira, hamahiru film eskainiko dituzte, eta euskaraz sortutakoak dira haietako lau. Eneko Sagardoiren Betiko gaua; Betizu buru, Kim Maitenyrena; Jende arrotza, Imanol Ortiz Lopezek zuzendua; eta Sonia Estevezen Txotxongiloa. Horietaz gainera, ondorengo lan hauek ere emango dituzte: Conej Steps Out (Pablo Rio), Deadly Draw (Nitya Lopez), Europa (Ekain Irigoien), Extrema grave (Lorenzo Ayuso), Feminancy (Uxuri Etxegia Etxebeste), Hado (Rubi Rock), Nada de nada (Gaston Haag), Ni lobos ni corderos (Jose Luis Acosta), eta To bird or not to bird, Martin Romerorena.

OHOREZKO SARIAK

Fantasiazko Zinemaren Izarra izenekoa da jaialdiko ohorezko sari nagusietako bat, eta bi emango dituzte aurten. Pedro Olea zinema zuzendari bilbotarrari bata, eta Lamberto Bava zuzendari, ekoizle eta gidoilari italiarrari bestea. Besteak beste, La casa sin fronteras (1973) eta El bosque del lobo (1970) filmen egilea da Olea. Eta Demons eta Demons 2 filmak dira Bavaren lanik ezagunenetako batzuk. Haien lanetako batzuk ere proiektatuko dituzte, gainera, jaialdiak iraun bitartean.

Beste bi ohorezko sari ere banatuko dituzte. Javier Botet aktorearentzat izango da bata, eta Ivan Miñambres animazioan espezializatutako UniKo ekoiztetxeko zuzendariarentzat bestea. Bihar jasoko dituzte sariak.

Azkenik, Celine Rouzet zinema zuzendari frantsesak jasoko du Fantrobia izeneko saria. Fantasiazko zinemagintzan gorabidean den jendearen lana aitortzea da sari horren asmoa, eta, besteak beste, 2023an estreinatutako En attendant la nuit filma zuzentzen egindako lanagatik hautatu dute Rouzet aurtengoan. Film hori ere proiektatuko dute, gainera, maiatzaren 9an.

BESTE SAILAK

Sail Ofizialean lehiatuko diren bederatzi film laburrek ez ezik, zazpi film luzek ere osatzen dute jaialdiko Ikuspegi Fantastikoa saila. Eta, besteak beste, Aurelia Mengin zuzendariaren ScarletBlue, Eduardo Pinto argentinarraren Las nubes eta Norberto Ramosen Codón es una máquina proiektatuko dituzte.

Horietaz gainera, proiekzio berezi batzuk ere izango dira. Fant Orbita izeneko sailean, Smuglers, Ufo eta Fuerza bruta (sin salida) lanak jarriko dituzte. Eta Beldur Katodikoa sailean, berriz, 1982ko Theappointment eta 1992ko Ghostwatch. Gainera, Matrix film ezaguna eta Alvaro Fernandez Armerok zuzendutako El arte de morir ere proiektatuko dituzte, bai eta John Boormanen Excalibur eta Jon de Sosaren Mamántula ere.

EUSKARAZKO AZPITITULUAK

Jaialdiak euskaraz «gero eta eduki gehiago» eskaintzeko apustua egiten duela ere gogorarazi dute antolatzaileek. Hasieratik euskaraz filmatutako lau laburrez gainera, horregatik, euskaraz ere azpititulatuta ikusi ahalko dira jaialdian film laburrei eskainitako sailetako lan guztiak, bai eta beste 11 film luze ere. Sail Ofizialaren barruan daudenak haietako bederatzi, eta Ikuspegi Fantastikoa sailean emango dituzten bi.

SARRERAK

Saioz saioko tiketak lortzeko aukera izango dute ikusleek, eta abonuak ere izango dira eskura. Jaialdiaren webgunean eskura daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.