Familiaz gogoeta, barrez

Juan Carlos Rubioren 'Hiru' estreinatuko du etzi Donostian Txalo antzerki ekoiztetxeakBegoña Bilbao da zuzendaria, eta Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga ariko dira aktore lanetan

Zuhaitz Gurrutxaga, Ana Elordi, Loli Astoreka eta Miren Gojenola, Urnietan, Hiru-ren entsegu batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Hernani
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Gaztetan, ursulinetan ikasle zirelarik, elkarrekin egoten ziren beti Txaro, Mertxe eta Angela adiskideak. 30 urtean elkar ikusi gabe egon ostean batu dira berriro, 50 urte betetzear daudela. Aurrera egin dute bizitzan, eta nork bere ametsak bete dituela esan daiteke; edo ametsetako batzuk, behintzat. Bada ordea hiruretako inork gauzatu ez duen amets bat: ama izatea. Elkarrekin bilduta, amets hori gauzatzeko dituzten aukerak aztertuko dituzte, baita horretarako laguntzaile egokia izan daitekeen gizon gazte bat hautatu ere: Joxerramon. Barre eginaraziz ikuslea familiaren inguruan gogoeta egitera bultzatzen duen argumentua du Juan Carlos Rubioren Tres komediak. Espainian, AEBetan. Txilen, Puerto Ricon eta Costa Rican, besteak beste, arrakasta handia lortu ondoren, Euskal Herrira iritsiko da ostiralean, Txalo antzerki ekoiztetxearen eskutik, Hiru izenburuarekin, Martin Agirrek euskaratua, Begoña Bilbaok zuzendua, eta Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxagak interpretatua. Egunotan, Hernanin eta Urnietan (Gipuzkoa) entseatzen ari diren ikuskizuna etzi estreinatuko dute, hilaren 16an, ostiralarekin, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta larunbatean eta igandean berriro eskainiko dute, leku berean, 20:00etan hasita beti.

Ezusteko txikiz zipriztindutako trama batekin ehundua,vaudeville-aren ezaugarriak bereganatzen dituen komedia bat da Juan Carlos Rubioren Hiru antzerki obra. «Egileak dioen moduan, 'jostailu komiko bat' da, 'zentzugabekeria bat', 'barre eginarazteko makina bat'», Begoña Bilbao zuzendariaren iritziz. «Ikusleak izan dezake pertsonaiekin identifikatzeko aukera, baina oso komedia zoroa da. Helburu nagusia dibertitzea da, ondo pasatzea. Baina aitzakia horrekin, familiari buruz hitz egiten da obran». Ohiko familiaren estereotipotik harago,elkarrekin proiektuak konpartitzen dituzten pertsonek familia bat osa dezaketela erakusten du Hiru-k, horretarako nahitaezko oinarria bikote heterosexuala izan beharrik gabe. Horrez gain, bada Rubioren lanean amatasunari buruzko gogoeta bat ere, bereziki amatasunaren aukera atzeratzen uzten dutenen bizipenen ingurukoa.

Pozik sentitzen da Begoña Bilbao Hiru-ko ikuskizuneko lau aktoreekin lanean, hala testu dramatikoak nola aktoreek gustura lan egiteko aukera ematen diotelako. «Komedia hau ondo emateko, beharrezkoa da aktoreek vis komikoa izatea, eta, alde horretatik, segurtasun handia ematen didate aktoreek. Entseguetan oso gustura gabiltza lanean, eta gauzak ondo ateratzen ari zaizkigu».

Hiru emakume eta gizon bat

Txaro «guztiz ondo aprobetxatu gabeko aktorea» da, Loli Astorekaren ustez. «Lan aldetik, ez du arazorik, dioenez behintzat. Noizbehinka norbaitek berotzen dio ohea, baina bakarrik dago». Indar handiko emakumea da, ausarta eta egoskorra. «Ursulinetako lagunek deitzen diotenean, elkartzeko proposamena eginez, berak jartzen duen baldintza da bere etxean biltzea».

Gaztetan gizonezkoengandik dezepzio batzuk jasotakoa den arren 50 urtetik gertu gustura bizi den «emakume orekatua» da Mertxe, abokatua, oholtzan haren rola jokatzen duen aktoreak, Miren Gojenolak, dioenez. Baina lehengo lagunekin elkartzen denean, oreka hori hautsi egingo da. «Hasieran ez du sartu nahi besteek planteatzen dioten jokoan, baina gero…».

Ana Elordiren pertsonaia, Angela funtzionarioa, «koitadua» da, hura oholtzara eramango duen aktoreak dioenez. «Eskola garaiko bere lagunekin biltzen denean, Espiritu Santua agertzen zaio. Lagunek bizitzeko helburu bat ematen diote, bere bizitza osatzeko falta zitzaiona aurkitzen du, eta salbatuta sentitzen da. Baina, jakina, inor ez da santu-santua ere, eta…».

Obrako gizonezkoa, Joxerramon, hiru emakumeak baino gazteagoa da, eta hiru emakumeen gustukoa. «Hortik aurrera, ezin dut askorik aurreratu», dio Zuhaitz Gurrutxagak, bere pertsonaiari buruz galdetuta. Gidoia irakurri gabe eman zion baiezkoa lan hau egiteko eskaintzari, aitortu duenez. «Sekulako aukera zen niretzat hiru aktore hauekin lan egitea, eta, gainera, banekien hauek baiezkoa eman bazuten gidoia ezin zela txarra izan», argudiatu du.

Bakarrizketak egiten aritua bada ere —eta eskola mailako antzerki amateurra egiten ere bai—, hau izango da Gurrutxaga antzerki konpainia profesional bateko aktore gisa aritzen den aurreneko aldia. Ez du beldurtzen esperientziak, «oso ondo inguratuta» sentitzen delako. «Lan serioa da, hau ez da jolas hutsa, eta presioa ere sentiarazten dit honelako aktoreekin lan egiteak, baina espero dut presio hori mesederako izatea».

Madrilera bakarrizketa batera joana zela jaso zuen Txalo ekoiztetxearen eskaintza Gurrutxagak, justu Juan Carlos Rubioren Tres gaztelaniaz emateko entseguak egiten ari zen konpainiako kideekin zegoela, haietako bat, Nerea Garmendia, adiskide duelako. «Hiru-ren antzezpenean gizonezkoarena egiteko aukera eskaintzeko deitu zidatela esan nienean ez zidaten sinesten», ekarri du gogora. Kasualitate hark obrak benetan mereziko zuelako ideia indartu zion.

Euskara batuan

Euskara batuan ariko dira aktoreak Hiru ematean, Martin Agirrek egindako itzulpena eta egokitzapena jarraituz, nahiz eta une jakin batzuetan, diotenez, nork bere etxeko euskarara hurbiltzen duen esaten duena. «Ordu eta erdiko emanaldia denez eta egoera batzuek oso biziak izan behar dutenez, noizbehinka geure hitz eta esaeraren bat ateratzen zaigu, baina testua oso ondo itzulita dago, eta batuan egiten dugu», dio Astorekak.

Entseguetan oso gustura ari dira lanean, baina jada obra jendearen aurrean emateko irrikan daude aktoreak. «Jendea behar dut aurrean», dio Elordik. «Arnasa behar dut ondoan; erantzuna; barreak, isiltasuna edo dena delakoa. Erditzea iristeko gogoz nago, ikusteko nolakoa ateratzen den umea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.