Ibilbide luzea egin du euskal literaturaren bihurguneetan barrena; orain, lehen ipuin bilduma argitaratu du, familiaren argi-ilunak agerian utziz. 1969. urtean jaio zen Iñaki Irasizabal, Durangon (Bizkaia), eta 2002an idatzi zuen lehen liburua: Borrokaren baitan eleberria. Geroztik, narrazio bat eta beste hamabi eleberri idatzi ditu; gehienak, eleberri beltzak. Atzo aurkeztu zuen zerrenda oparo horretara gehituko den hurrengo lana: Zorioneko familia, idazle durangarraren lehen ipuin bilduma. Elkar argitaletxeak argitaratu du, eta, Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, aspaldian irakurri duen «ipuin libururik indartsuena» da.
Indartsuak; horrelakoak dira lehen ipuinaren zertzeladak ere: «Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia», dio lehen esaldiak. Argumentu aldetik «istorio latzak» izan daitezkeen arren, «umore ukituak» dituztela ziurtatu du, eta batez ere ironia nagusitzen dela.
Idazleak familiaren rol tradizionala auzitan jarriz egin du bidea lan berri honetan: familia maitasunaren habia gisa irudikatzetik itxurakeriaren tenplu gisa marrazterainoko jauziak egin ditu. Gizartearen zutabe, elkarren laguntzarako tresna, umeen hezibide eta zaharren babes gisa marraztetik gezurren zulo, gorrotoen gordailu eta zurruntasunaren eskola gisa azaltzerainoko bide malkartsua.
Ibilbide gorabeheratsu horretan, «gozotik gutxi eta gazitik ugari» duen istorio sorta batekin egingo du topo irakurleak, guztiak samurtasunez josiak: «Istorio samurrak izan zitezen ahalegindu naiz, istorioak latzak izan arren kontatzeko moduak samurtasuna ematen baitie».
Askotariko pertsonaiak
Hamar ipuinez osatuta dago Zorioneko familia bilduma; bakarka idatziko istorioak dira, baina guztietan lantzen den gai berberarekin harilkatuak. «Ez ditugu argitaratu bidalitako guztiak; hamar aukeratu ditugu», azaldu du Mendigurenek. Izan ere, bakarka pentsatuta idatzi arren, «giro bat sortzen dute ipuinek, pertsonaien arteko harreman sare bat sortzen dute», gaineratu du editoreak. Ipuin guztien arteko aukeraketa hori egiteko, Irasizabalekin batera erabaki dituzten hainbat irizpide izan dituzte kontuan, nagusiki: ipuinen kalitatea, eta eduki aldetik guztien arteko lotura bermatzeko xedea.
Hamar istorio horiek girotzen dituzten pertsonaiei dagokienez,idazleak adierazi du«estereotipoetatik urruntzeko ahalegin nabarmena» egin duela: «Ipuin guztietan familiaren rol tradizionalekin jolasten da; apur bat zalantzan jartzen da aitak familian beti izan duen agintea, amak ere beti rol berbera jokatu du...».
Horiez gain, ordea, badira pertsonaia gazteak ere, gaur egungo joera eta testuingurura egokituagoak daudenak: «Beste ipuin batzuetan pertsonaiak gazteagoak dira, eta haien arteko harremanak askoz ere modernoagoak dira». Halaber, «gizarteratu gabe dagoen jendea» ere sarritan ageri dela azpimarratu du. «Narrazio baten muina gatazka denez, horrelako jokaerek eta pertsonaiek erraztu egiten dituzte gatazka horiek», adierazi du.
Zurruntasunari ihes egiten ahalegindu dela ere azpimarratu du; ez ditu pertsonaiak mardultasunez eraiki. Irasizabalen esanetan: «Ez dago pertsonaia oso gaiztorik edo oso onik; kasu honetan, esango nuke gaiztoek ñabardurak dituztela. Ez badituzte, eurekin ere gaiztoak izan direlako da, eta horrek leundu egiten du euren jokabidea». Idazlearen iritziz, patetismoaren ezaugarri izan daiteke hori: «Patetismoa dute, eta patetismo hori samurtasunetik oso gertu dagoen zerbait da». Malgutasun horri esker, idazleak istorio ez-linealak idatzi ditu. «Linealki ezin dira istorio guztiak azaldu, istorio guztietan dago zerbait hariari buelta ematen diona».
Denbora jauziak
Garaia hizpide, ipuin batetik bestera denbora jauziak aurki daitezke. Esaterako, 1970eko hamarkadan girotuta daude istorio horietako batzuk, eta krisi ekonomikoa ere sarritan agertzen da istorioetan. «Ni 1969an jaio nintzen, eta hori da gogoratzen dudan lehen mundua», adierazi du. Hain justu, horregatik sartu ditu garai horiek; «nahi gabe» ateratzen zaizkion istorioak eta irudiak direlako, «oso iruditeria indartsua» izanik.
Askotan bezala, izenburua eta azala liburuaren mamiaren isla dira. Elkar argitaletxeko editorearen iritziz, «titulua polisemikoa da, parodikoa, zirikatzailea eta ironikoa ere izan daitekeena».
Hala, idazleak bira sinboliko bat eman dio bere ibilbideari, eleberri beltzak idazten baitzituen lehen ipuin bilduma idatzi aurretik; Mendigurenen esanetan, «neurri batean beste estilokoak, baina oso diferenteak».
Familiaren argi-ilunak agerian
Iñaki Irasizabal idazle bizkaitarrak lehen ipuin bilduma argitaratu du. Familia izan du hizpide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu