Literatura. 'BERE AITAREN ALABA'

Familia arteko errak

benat sarasola
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Egilea. Anne Berest.

Itzultzailea. Jon Muñoz.

Argitaletxea. Alberdania.

Anne Berestek lehenengo nobela Seuil argitaletxe entzutetsuarekin argitaratzea lortu eta Goncourt sariko lehenengo nobela saileko finalera iritsi zen. Beste zenbait sari ere irabazi ditu Bere aitaren alaba-k, eta esan dezakegu, hala, denbora gutxian arrakasta nabarmena erdietsi duela. Azken boladan Alberdania argitaletxeak euskal literaturako mugak gainditu nahi dituela dirudi, espainolezko itzulpenen merkatuan sartuz. Patricia Parry, Abdela Taia eta Lydia Flemen itzulpenak dira horren testigu. Orain Beresten aldeko apustua egin du, eta aurrekoekin egin bezala, euskarara ere ekarri digu liburua.

Familia ospakizun ohiko horietako bik egituratzen dute liburua. Hastapenetan, ahizpa zaharrenaren, Ireneren, urtebetetzerako elkartzen da familia eta nobelaren garapen guztia eragiten duen eztanda jazotzen da bertan. Kontakizunaren amaiera aldeko Gabon Gaueko afarian gauzatzen da arestiko eztandaren azkentzea. Berestek familia bilkura zenbaitetan deseroso eta aspergarri horiek hartu ditu familia baten usteltasuna adierazteko elementu nagusi gisa. Aita, bere bikotekide Catherine eta hiru alabak —Irene, narratzailea eta Charlie— dira pertsonaia nagusiak eta elkarren arteko ezinikusi, gorroto eta enparauetan sakontzen du narratzaileak. Heriotza, adulterioa, haurdunaldi ustekabekoak, aitatasun zalantzazkoak... testuinguru dorpe horretan ehuntzen du Berestek istorioa.

Liburuaren elementu azpimarragarrienetako bat narratzailearen kontamoldea da dudarik gabe. Hoztasun eta lehortasun apartekoaz idatzita dago, samurtasunari zirrikitu eskasena ere utzi gabe. Aipatutako bi eztanda horiez landa, pertsonaien arteko errak bridatuta egiten du aurrera, halako tristura sor batean. Gupidagabea da narratzailea, uneren batean kasik bihozgabea irudituko zaiguna. Batez ere aitarekin: «Hori jaten dugu Epernayko afari bakoitzean, aitarentzat hori baita lehenengo platerik gustukoena. Horretan pentsatze hutsak goragalea ematen dit». Baina ezezagunekin ere errukigabea da: «Charlieren gonbidatua, argazkiak nola errebelatzen diren esplikatuz gu ederki aspertu ondoren, egongelako liburutegiko liburuei begira dago. Bazeukan besteei mahaia jasotzen laguntzea, baina, horren ordez, axolagabetasunez begiratzen die gure aitaren liburuen izenburuei». Istorioaren momentu batetik aurrera Ireneren amorrua da esplizituen azaltzen zaiguna, baina horiek baino bortitzagoak dira narratzailearen esanak, besteak beste deskribapen fisikoei dagokienez: «Hiru umeak, bostetik hamabi urtera bitartekoak, izugarri itsusiak dira. Ezpainak finegiak, kopetak sartuegiak, kokotsak txikiegiak. Zertaz kexa daitezkeen galdetzen dutenen begirada oinazetuarekin. Denak, amak eta umeek, jantzi marradunak dituzte, zerbaitek preso hartu izan balitu bezala».

Nobelaren laburrak —112 orrialde— laguntzen badu ere, batez ere kontamolde lehor honek lortzen du istorioaren tentsioa bukaera arte ongi mantentzea. Bere laburrean, irakurketa intentsua da oso, sarritan min ere egiten duena. Egungo gizarte eta familia ereduen disekzio ankerra eskaintzen digu Berestek, zenbaitetan besteak beste Hanif Kureishi edo Michel Houellebecqen zenbait gauza gogorarazten dizkiguna. Ez nintzateke harrituko gure artean inor Eider Rodriguezen literaturarekin akordatuko balitz.

Merkatu-lege eta argitaletxeen negozioarekiko guztiz miopea naizela kontuan izanik, ezin esan apustu ona egin ote duen Alberdaniak. Baina hala nahiko nuke, literatur maila altuko liburu berri bat ekarri baitigu Bere aitaren alaba-rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.