Square Festival izeneko jaialdi batean joko dut, Braga ondoan dagoen Famaliçao izeneko herri batean. Lehengusina etorri da nirekin, eta egun bat gehiago pasatuko dugu Bragan elkarrekin. Teknikaria eta managerra ere badatoz oraingoan.
Braga ederra da, harriz, dorrez, katedralez, azulejuzko fatxadaz betea dago. Gozotegi bat dago kantoi bakoitzean, xelebrea hori, esne-gainezko opilak ez ezik, ezagutzen ez ditudan beste hainbat pastel koloretsu gosaltzen dituzte. Atentzioa ere ematen digu ikusteak hotz izugarri honekin ez dagoela kalefakziorik inon. Hor ikusten duzu butano-berogailua, itzalita, berokian eta bufandan bildurik bazkaltzen duzun bitartean.
Joko dudan tokia auditorium bat da, museo baten barruan kokatua. Hor ere, ez dago berogailurik. Baina honezkero badakigu kamerino normalak ez direla existitzen. Berokiarekin nago, atera baino segundo batzuk lehenago kentzen dudan arte, gihar guztiak tenk.
Eszenatokian nago. Takoiak ez dauzkat oraingoan; saiatzen ari naiz pixkanaka zapata planoak jartzen, estetika dotore-artistiko bati eutsiz, erosoago egoteko. Geroz eta gehiago mugitzen naiz kontzertuan, baina oraingoan bezala denak eserita daudenean, zoo bateko animalia sentitzen naiz, jendeari gustatzen zaion edo ez oso ondo irakurtzen jakin gabe. Eserita daudenean, gutxiago mugitzen dira noski, eta gutxiago ere esaten dizute. Zutik, edozer oihukatzen dutenean, txalo artean, nahi gabe txistu gehiago, txalo gehiago jasotzen dituzu, egoera kolektiboago bat dela nabaritzen duzu nolabait, nahiz eta gero isilik egon edo ez askorik dantzatu, haien erdian zaudeneko sentsazioa izaten duzu. Besteetan, oraingoan adibidez, ni espazioko mutur batean eta haiek bestean daudela esango nuke. Behintzat beteta dago, eta errespetuz entzuten dutela ematen du.
Ondo joan da, pasatu da. Esaten didate ez-dakit-zein jaialditako zuzendaria egon dela kontzertuan, eta beste ez-dakit-nor garrantzitsu ere izan dela. Ez dakit zer pentsatu duten. Behin «prest ez nengoela» esan zuen industriako gizon bat ere han omen zebilen. Ederki.
Azkenik, Bragan, egun libre horretan, patuak nire bidean jarri du Kim Gordon-ek Portugalen izan duen erakusketa bakarra. Oroitzen nire azken zutabeak haren izena zuela? Obsesionatuta nagoela? Obrigada, Braga!