Falta zitzaion gorazarrea

Nafarroako Hil Osteko Urrezko Domina eman diote Jimeno Jurio historialari eta ikertzaileari

Roldan Jimeno eta Elena Aranguren Jimenoren senideak, agintarien eskutik domina jasotzen. IÑIGO URIZ / ARP.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta ikertzaile nafarra 2002ko urrian hil zen. Ordurako jasoak zituen hainbat sari eta errekonozimendu, egindako lan oparoaren esker onez. Ordutik aurrera ere, hil ostean, omenaldi ugari jaso ditu. Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala falta zitzaion. «Esker onik handiena falta zen», Uxue Barkos Nafarroako lehendakariaren esanetan. Atzo kitatu zuen zorra Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Hil Osteko Urrezko Domina eman zion ikertzaileari, eta haren izenean jaso zuten Elena Aranguren alargunak eta Roldan Jimeno semeak. Eta justizia egiteaz mintzatu zen Barkos: «Nafarroa osoak aitortzen dizkio orain, inolako zalantza izpirik gabe, utzi zigun obra erraldoia, beti eduki zuen jakin gose intelektuala eta, bereziki, izan zuen jarrera eskuzabala».

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak Nabarreria kalean duen egoitzako klaustroan egin zen ekitaldia, atzo, Nafarroako Egunaren ospakizunen barruan. Lepo bete zen aretoa Jimeno Juriori gorazarre egiteko. Han izan ziren Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak, baita alderdi guztietako kideak eta Nafarroako gizarteko jende ezaguna ere. Jimeno Jurioren jaioterri Artaxoako abesbatzak eta bandak jarri zituzten musika doinuak.

Gobernuaren izenean, Barkos lehendakariak hartu zuen hitza, eta ikertzailearen lana eta ekarpenaren balioa goratu zuen. Haren jardunaren «ikaragarrizko tamaina» nabarmendu zuen, eta Jimeno Jurioren «eredu pertsonal eta zientifikoa, betiko iraunen duena» goretsi. «Nafarroako kulturaren bultzagile handitzat» jo zuen omendua.

Ikerlariaren jardunean bereziki aipagarriak diren lau arlo zerrendatu zituen Nafarroako lehendakariak. Lehenik eta behin, Donejakue bideak Nafarroan duen presentzia «zehaztasun eta gogo suharrez» ikertu izana azpimarratu zuen, «ia inork batere kasurik egiten ez zion garaian». Era berean, Nafarroan 1936ko gerran izaniko errepresioa ikertzeko Jimeno Juriok egindako ahalegina mahai gaineratu zuen Barkosek, eta arlo horretan «aitzindaria» izan zela nabarmendu zuen. Euskararen historiaren ikerketan eginiko lanari ere eman zion balioa, eta, azkenik, toponimian—«beste arlo distiratsu» horretan— sakondu izana aitortu zion.

Eskerrak emanez bukatu zuen hitzaldia Barkosek; eskerrak familiari, eskerrak Artaxoako herriari, eta eskerrak ikertzailearen lekukoa hartu dutenei, «gure herriaren sustraiak ezagutzeko eta haien balioa nabarmentzeko eginiko lanarekin» jarraitzeagatik.

Jimeno Jurio zenaren izenean Urrezko Domina jaso ostean mintzatu ziren Aranguren eta Jimeno. Senar eta aita zenaren ibilbidea errepasatu zuten, apal eta samur, euskaraz eta gaztelaniaz. Omena jasotzeak sortzen dien «poz eta ohore handia» aitortu, eta Jimeno Jurioren apaltasuna goratu zuten: «Ez zinen pertsona harroa, eta sekula ez zenuen sarietarako irrikarik izan».

Historialariak bizitako uneak zerrendatu zituzten senideek, «apaiz gorria» izan zenekoa edota Asisko Urmenetaren aginduetara euskara ikasteko Pablo Antoñana eta Jose Cortes Izalekin batera «hirukote antologikoa»osatu zuenekoa, kasurako. Eta memoria historikoaren alorrean egindako lana nabarmendu zuten: «Zure ahaleginek emaitzak ematen jarraitzen dute, eta hainbat senidek beren nagusiak berreskuratu ahal izan dituzte zure lanari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.