benat sarasola
Lauhazka

Falazia biografikoa

2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Aurreko Lauhazkan literatura- eta, oro har, arte-hezkuntzaren gabeziez jardun nintzen; literatura eta artearen lengoaia propioa ulertzeko ezgai, zenbatetan zapaltzen dituzten arteak haiekiko periferikoak diren diskurtsoek. Kalte horren adibideak ugariak dira, baina literaturan, behintzat, ohikoenetakoa da falazia biografikoa delakoa.

Berriki Bilboko Gutun Zuria jaialdian egoteko aukera izan nuen eta solasaldi batean baino gehiagotan entzun nien autoreei gauza bera; hots, zenbat azalpen eman behar izan dituzten irakurleek etengabe galdetu edo seinalatzen zizkietelako liburuan aurkitutako gauzen eta beren bizitza edo inguru errealen arteko balizko loturak. Demagun erizain baten istorioa kontatzen duzula, erizain lanetan noiz jardun zinen galdetuko dizute, edo bestela, zure inguruan non dagoen erizain hori. Halako pertsonaia zure aita da? Halakoa zure izter-lehengusua? Beste hura zure izebaren lehenengo senarraren anai zaharrenaren alabaren bikotekidea ote?

Arantxa Urretabizkaiak kontatu zuen Zergatik panpox idatzi zuenean (lehenengo pertsonan idatzia, gainera) irakurle askok jakintzat jotzen zutela haur bat zuela, eta, hala, haren inguruko gorabeherez eta ama izatearen esperientziaz galdetzen ziotela. Garai hartan ez zuen ez haurrik ez bikotekiderik, ordea.

Literatura irakasten, literatura-formakuntzak ematen edo irakurle taldeetan ibili den edonork identifikatuko du joera hori. Lan bat irakurri ondoren lehenengoetako galderak izaten dira horrelakoak, etengabe jotzen dute batzuek autorearen xehetasunak jakin nahi izatera, guztiaren gakoa hor egongo balitz bezala. Behin batean, poema bat irakurri ondotik, ikasle batek aipatu zidan bere ustez autorea gaya zela, poema balizko emakume batek gizonezko batekiko sentitzen duen desiran oinarritua zegoelako eta autorea gizonezkoa zelako. Gizon batekiko benetako desira sentitzen zuen norbaitek idatz omen zezakeen soilik horrela.

Esango nuke falazia biografikoa egungo izurriteetako bat dela: lengoaia literarioak barnebiltzen duen konplexutasun, anbiguotasun eta distantzia zein ulermen mailak kolpetik saihestu eta azalpen errazak bilatzeko modu zuzena. Halakoa da izurritearen handia ezen akaso interesgarria izan baitaiteke, tarteka, duela hamarkada batzuk egin izan ziren irakurketa-moduak berreskuratzea; adibidez, testuak anonimizaturik irakurtzea. Roland Barthes-en autorearen heriotza delakoa hortik zihoan, erromantizismoak puztutako autorearen ideia horren kontrako matxinadatxoa izan baitzen azken batean. Barthesek autorearen guztiahaltasunaren aurrean irakurlearen figura aldarrikatu zuen, haren autonomia autorearen diktaduratik askatzeko. Orain, aldiz, berriro ikusten ditugu irakurleak autoreari begira, ea hark zer dioen eta hura nolakoa den, testuan sortzen diren galderak bost xentimoko esamesen bidez ebatziko balira bezala.

Barthesek autorearen guztiahaltasunaren aurrean irakurlearen figura aldarrikatu zuen, haren autonomia autorearen diktaduratik askatzeko. Orain, aldiz, berriro ikusten ditugu irakurleak autoreari begira, ea hark zer dioen eta hura nolakoa den, testuan sortzen diren galderak bost xentimoko esamesen bidez ebatziko balira bezala

Egingo nuke joera horrek zerikusi zuzena duela egun dugun informazioaren eskuragarritasun erabatekoaren sentipenarekin eta kultura hiper-egotikoarekin. Orain esku-eskura dugu denok bilatzaile bat promes eginez segituan eskuratuko dugula delako autorearen inguruko informazio (ezin merkeagoa). Autorearen argazkiak, haren biografiaren inguruko xehetasunak, hari egindako elkarrizketak, bideoak...  berdin du idazle kanonizatua edo bazterrekoa izan, zailtasun handirik gabe jasoko dugu informazio mozkorraldia, minutu gutxiren buruan autore hori goitik behera ezagutzen dugulako irudipen faltsu eta arriskutsua jasotzen dugularik. Eta noski, tentazio handiegia da badaezpadako informazio-saldo horren ordez literatura-hurbilpen amultsuak eskatzen dituen lan neketsuetan hasteko: irakurketa patxadatsu eta xeherako denbora hartu, obra horren eta besteen arteko harremanak arakatu, obra eraikia dagoen mekanismo eta estrategiak identifikatu, irakurlearengan pizten dituen sentipenetan sakondu, obrak zabaltzen dituen (eta sarritan ebatzi ezinak diren) galdera eta zalantzak norbere egin...

Andy Warholek zioenez, denok erdietsiko omen genuen noizbait hamabost minutuko fama. Horren ordez, denok bilakatu gara, klik baten distantziara, bilatzaile baten aurkigai. Denok izan gaitezke famatu, minutu gutxiz bada ere, planetako edonongo kurioso baten begietara. Hobe geundeke literaturara autorearengandik pixka bat liberatuz hurbiltzeko saiakera egingo bagenu, Sontagek aldarrikatzen zuen erotika hori praktikatuko bagenu. Eta, oro har, esamesa eta txutxu-mutxuaren kultura global honi itxituraren bat edo beste jarriko bagenio.

Roland Barthes idazle, pentsalari eta literatura kritikaria.
Roland Barthes idazle, pentsalari eta literatura kritikaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.