Ez dira asko mende erdia bete duten musika taldeak. Eta are gutxiago izango dira, beren ibilbideko kantuen bildumak plazaratzeaz gain, oraindik ere berriak sortzen dituztenak. Horietako bat da Oskarbi. Bost hamarkada bete dituen urte berean, disko berria ondu du, Mendira naiz. Eta urteak pasatu diren arren, bere betiko estiloari eutsi dio taldeak. Herri kantu tradizionalen berrinterpretazioak eta aurten bertan sortutako abestiak jaso ditu lanean, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu du lana.
1966an sortu zen talde gipuzkoarra, eta Ez Dok Amairuko partaide izan zen. Ahotsen nagusitasuna oinarri hartuta, jazza, gospela eta doinu berritzaileak herri tradizioarekin uztartzea izan zen Oskarbiren ezaugarri nagusia, eta hala da gaur egun ere. «50 urte bete ditugu, eta jende asko pasatu da taldetik, baina hasierako hari hori beti mantendu dugu», azaldu du Jose Luis Treku taldekideak. Zein den Oskarbiren haria? «Bi kantu mota landu izan ditugu beti: batetik, guk sortutakoak, Oskarbiren faktorian egindakoak; eta, bestetik, herri kantak, gure erara landuta. Hori disko guztietan izan da horrela, eta hala da azken diskoan ere». Hamar kantu bildu dituzte lan berrian: erdiak dira herri kantutegikoak, beren erara moldatu dituztenak, eta beste bostak, berriz, taldekideek sortutakoak.
Azken horien artean dago diskoari izena ematen dion Mendira naiz. Trekuk jarri zizkion hitzak, eta Iñaki Maritxalarrek sortutako doinuarekin landu zuten abestia, «beti bezala, lehenik kantatuz eta gero partiturara pasatuz». Berria da Marinela ere, Jean Bautiste Kamusarri poeta lapurtarraren letra daramana, eta modu berean sortu dutena. Aurtengo sorkuntzen artean dago Txalaparta izenekoa ere, «berezia» dena Trekuren iritziz. «Ez du letra poetikorik, nahastutako hitzak baizik, txalapartaren hotsak irudikatzen dituztenak». Berak eta Luis Romerok idatzi dituzte hitzok kanturako.
Horiekin batera, herri kantutegitik hartu eta moldatu dituzten beste bost kantu jaso dituzte lan berrian: Galai bat; Zazpi urte; Gotaineko kantoria —Etxahun Iruriren hitzak dituena—; Xoxuak burua; eta Garagarrilean. Taldeak bere errepertorioan kantatu izan dituen piezak dira gehienak, baina orain, moldatu eta berrikuntzak sartuta grabatu dituztenak.
Gandiaga eta Oteiza
Bere garaian harreman estua izan zuen taldeak Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin, eta haiek ondutako hitzekin ondutako kantu bana dago disko berrian. Oteizak Luis Romerorekin elkarlanean idatzitako hitzak ditu Hiru gauean-ek, eta aspaldi musikatu zuen Oskarbik, baina orain arte grabatu gabe zuten. Bai bai baina gero ez abestiaren letra «motza baina zorrotza», berriz,Gandiagarena da.
Taldeak bere hastapenetan halako sortzaileekin harremana izatea eta orain, disko berrian, haien presentzia mantentzea «ez da kasualitatea», Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren iritziz. «Horrek esan nahi du hasierako oinarri haiek sendoak zirela, eta asmo horiei eusten dietela, baina betiere ikuspegi berrizale batez». Hori baita taldearen eredua, Valdesen hitzetan. «50 urtez kantatzen eta errepertorioa berritzen iraun ahal izateko, zure oreka bilatu behar duzu, eta uste dut oreka eredugarri bat ekartzen digula Oskarbik: tradizioa, iraganetik datorkiguna, modu berritzaile, eguneratu eta garaikide batean transmititzea». Baina horren gainetik, «ilusioa eta gogoa» behar dira, eta horiek bizirik mantentzen ditu Oskarbik. «Oso eredu ona gaur egun hastapenetan ari diren talde guztientzat».
Disko berria «oso korala» dela gehitu du Trekuk: «Bakarlari gutxi daude, polifonia garbi ikusten da, eta instrumentu gehiago daude». Diskoa zuzenean aurkezteko hainbat kontzertu iragarri dituzte. Donostiakoa berezia izango da: taldea osatu duten eta osatzen duten hogei lagun bilduko dira.
Faktoria martxan da oraindik
'Mendira naiz' disko berria plazaratu du Oskarbik mende erdi bete duela ospatzeko. Herri musika eta kantu berriak bildu dituzte, eta emanaldi sorta eskainiko dute haiek aurkezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu