Faisaien irla Asier Urbietak zuzendu duen lehenengo film luzeak inauguratuko du Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia, apirilaren 4an. Urbietak berak «mugako thiller» gisa definitu duen pelikulako bi protagonista nagusiak Jone Laspiur eta Sambou Diaby dira, baina Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak ere parte hartu dute. Urbietak berak eta Andoni de Carlosek idatzi dute filmaren gidoia.
Faisaien irla sei astez filmatu zuten trama kokatzen den inguruetan, Donostian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi), eta euskaraz eta frantsesez mintzo dira filmean.
Urbietak berak azaldu du filmaren ideia nondik sortu zen, eta zer kontatu nahi izan duen: «Egun batean, egunkariari begiratu bat ematen, irakurri nuen igande batean txirrindulari batzuek, Bidasoaren ibaiertzetik zihoazela, bi pertsonaren oihuak entzun zituztela laguntza eske: igerian muga zeharkatzen saiatzen ari ziren, baina korrontea kontra zutela. Haien lekuan jarri nintzen, eta galdera hau sortu zitzaidan: Zer egingo nuke nik? Gustura erantzungo nuke salto egingo nuela uretara, baina ez dut hain argi ikusten. Benetako halako gertaeretatik abiatuta garatu nuen filmaren istorioa».
Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu ostean, apirilaren 25ean iritsiko da zinema aretoetara.
Urtero bezala, aurten ere giza eskubideak ardatzean dituzten hainbat film emango ditu Donostiako festibalak Sail Ofizialean. Hauek dira, oraingoz, antolatzaileek aurreratu dituztenak: Flying Hands (Paula Iglesias, Marta Gomez, Espainia), Following Harry (Susanne Rostock, AEB), L'Histoire de Souleymane (Boris Lojkine, Frantzia), The Legend of The Vagabond Queen of Lagos (The Agbajowo Collective, Nigeria-Alemania-Hegoafrika), Anul nou care n-a fost / The New Year That Never Came (Bogdan Muresanu, Errumania-Serbia), Tratado de invisiblidad (Luciana Kaplan, Mexiko) eta Vlny / Waves (Jiri Madl, Txekiar Errepublika-Eslovakia).
Aurten berriro ere izango da Zinema eta Memoria zikloa Tabakaleran, eta horren barruan hiru lan emango dituzte: Ernest Cole: Lost and Found (Raoul Peck, Frantzia-AEB), Henry Fonda for President (Alexander Horwath, Alemania-Austria) eta Riefenstahl (Andres Veiel, Alemania). Azken hori film pribatu, gutun, argazki, dokumentu eta grabazioen bitartez hurbiltzen da Triumph des Willens (1935) nazismoaren propaganda film nagusiaren sortzailearengana.
