'Fahrenheit 451' Bradburyren distopia ezaguna euskaraz atera du Txalapartak

Nagore Tolosak itzuli du lotarazitako gizartea esnarazteko asmoz idazle estatubatuarrak 1953an idatziriko nobela

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ray Bradbury estatubatuarraren (Illinois, 1920) Fahrenheit 451 euskaraz argitara eman du Txalaparta argitaletxeak. Nagore Tolosak itzuli du euskarara «XX. mendeko distopiarik ezagunenetako bat».

Nobelako pertsonaia nagusiak, Guy Montag izeneko suhiltzaileak, liburua erretzea du pasio. Izan ere, Montag bizi den herrialdean galarazita dago irakurtzea, irakurtzeak pentsatzea dakarrelako, eta pentsatzeak, era berean, zoriontasun eza. Eta, jakina, zoriontsua izatea ezinbestekoa da. Derrigorrezkoa ere. Fahrenheit eskalako 451 gradua da paperak su hartzen dueneko tenperatura. Hortik dator izenburua.

1953an argitaratu zuen Bradburyk Fahrenheit 451, Joseph McCarthy senatari zela. Eta alienatzeko gero eta joera argiagoa zuen gizartea esnarazteko aldarri sutsua zenez gero, ez zuen liburu gisa kaleratu; atalka baizik, orduantxe sorturiko Playboy aldizkarian.

Liburuan fikziozko istorio gisa aurkezten dena ez dela horren gezurrezko eta muturreko uste du Tolosak. Alegia, gaurkotasun handiko nobela dela pentsatzen du. «II. Mundu Gerra amaitu berria zen, Koreako gerrak bazirauen eta Gerra Hotzaren usaina antzeman zitekeen. Baina gizartea itxurazko lasaitasunean bizi zen, ekonomia ustez egonkorrean. Halakoxea zen AEBetako gizartea, 50eko hamarkadan». Eta, «animalien iruditeria aberatsa» baliatuz, tankera horretako gizartea deskribatzen du Bradburyk ere nobelan. «Bizidunak, hau da, pertsonak hilik antzean agertzen dira; aldiz, bizigabeak akzioan daude. Eta idazleak animalia itxura ematen die». Esate baterako, odola ponpatzeko tresna bati suge deitzen dio Bradburyk;autoei, kakalardo; eta, suhiltzaileen kamioiei, arrabio. Horretaz gain, gizartea kontrolatzen duen ehiza txakur mekaniko bat ere badago nobelan. «Bitartean, gizartea lo dago», nabarmendu du Tolosak.

Bradburyk ez du azaltzen zein arrazoi zehatzengatik dauden liburuak debekaturik gizarte horretan, «baina erakusten du aisialdi erraza sustatzen dela, auto azkarrak nagusitzen direla, musika ozena, iragarkiak, telebista...». Idazleak irudikatzen duen mundu horretan, liburu «gehiegi» daude, eta «konplexuegiak eta zailegiak» dira. Horregatik erretzen dituzte suhiltzaileek. «Ezagutza suntsitzen dute, ustez herritarren arteko berdintasuna sustatzeko».

Literatur erreferentzia ugari daude nobelan; William Shakespeare eta Matthew Arnoldenak, besteren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.